Elkarrizketa
Eguzki Urteaga
Soziologoa

«Etxebizitza arazoa dela eta, tentsio, haserre eta frustrazio handia dago»

Etxebizitzaren eskasia eta prezioen igoera tarteko, Ipar Euskal Herriko biztanleek gero eta zailtasun handiagoak dituzte bertan bizitzeko. Iparraldeko hiru lurraldeekin lotutako hainbat gai soziologikori buruzko liburuak idatzi ditu azken urteotan Eguzki Urteagak.

Eguzki Urteaga.
Eguzki Urteaga. (Guillaume FAUVEAU)

Azken urteotan arazo larri bihurtu eta mobilizazio handiak eragin dituen auzia jorratu du Eguzki Urteagak azken liburuan, ‘Etxebizitza politika Euskal Herrian’ (‘La politique du logement au Pays Basque’).

Zer jorratu duzu zehazki kaleratutako liburuan?

Aztertzen dut etxebizitza politika 1990eko hamarkadatik landa. 1997an lurralde antolaketa eta garapen eskema osatu zen, eta, hamar urte geroago, ‘Euskal Herria 2020) lurralde proiektuan agertzen diren hainbat proposamen kontratuzko politika publiko bilakatu ziren. Zenbait tresna bereganatu ziren 1998an, batez ere ikerketak eta analisiak egiteko. Datu horiek oso inportanteak izan dira politika publikoak erabakitzeko.

Euskal Elkargoa 2017an sortu zenetik, eskumenak dauzka eremu horretan, eta ikusi da nola neurri oso eraginkorra hartu duen, Konpentsazio Legea, etxebizitza turistikoaren merkatua arautzeko, nahiz eta Paueko Auzitegi Administratiboak bertan behera utzi duen, oraingoz.

Zergatik erabaki zuen Elkargoak neurri hori hartzea?

Adostasun handiarekin onartu zuen (%98), eta legearen bitartez konponbidea eman nahi zion Airbnb bezalako plataforma digitalen bidez sortzen ari den etxebizitza turistikoaren fenomenoari. Izan ere, fenomeno horren ondorioz, urte osoko alokairu gero eta gehiago merkatutik erretiratzen dira. Hazkunde handia izaten ari da joera hori oso denbora txikian. Horrek, beste hainbat faktorerekin batera, tentsio handia sortu du etxebizitza merkatuan.

Zeintzuk dira Ipar Euskal Herrian etxebizitzarekin eta lurzoruarekin arazo hain handia izatearen arrazoiak?

Hainbat faktore pilatzen dira. Lehena hazkunde demografikoa da, azken hamar urteotan biztanleria %9,6 hazi da, hau da, %1 urtero, 3.000 pertsona inguru, gehientsuenak Frantziako eskualdeetatik hona etorri direnak bizitzera, lan egitera edo erretreta pasatzera. Horri uztartzen zaio etxebizitza kopurua ez dela behar bezainbestekoa.

Gero badaude beste hiru faktore. Lehena da lurraldean, berezi kostaldean, bigarren etxebizitzen proportzio handia dagoela, adibidez, Donibane Lohizunen %45ekoa da eta, Biarritzen, %42koa. Beste faktore bat da Airbnb bezalako plataformak izaten ari diren hazkundea. Hirugarren faktorea koiunturala zen hasiera batean, baina estruktural bilakatu da. Pandemia garaian hasi zen, eta honakoa da: Frantziako metropoli nagusietan lan egiten duten hainbat pertsonak, normalean goi mailakoak eta soldata onak dituztenak, telelanaren bidez lan egin eta Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukera dute egun. Pertsonok badute ondare maila bat, soldata maila altua, eta hona etortzen direnean badute erosketa ahalmen handiagoa eta prezio altuagoak ordaintzeko aukera.

Horri erantzunez mobilizazio handiak sortzen ari dira...

Tentsio, haserre eta frustrazioren ondorioz, hainbat erakunde, eragile, elkarte sortu dira. Egun, aktiboenetako bat Alda da, kapazitatea duena, bereziki, Airbnb bezalako plataformen jarduera salatzeko, oihartzun mediatikoa izateko eta eraginkortasun politikoa lortzeko.

Aipagarria da ere joan den urteko azaroaren 20an izan zen manifestazioan ikusi zena, egoera horrekin haserre dauden biztanleen kopurua handitzen ari dela egoera ikusita, eta mobilizatzeko prest daudela. Mezu hori hemengo politikariek ulertu dute, horregatik Euskal Elkargoak horrelako neurriak hartu ditu. Mugimendu bezala antolatzen ari da ezinegona, plataforma bat ere sortu da, non erakundeak eta eragile zibiletako elkarteek duten lekua; sendotzen ari da plataforma eta denboran jarraitzeko asmoa dauka.

Zeintzuk dira, zure ustez, arazoari aurre egiteko hartu beharko liratekeen neurriak?

Euskal Elkargoak erabiltzen ahal ditu konpentsazio neurria, eta ordezkapenarena, eta azkenik, bigarren erresidentzien zergak handitzeko aukera dago; jada udal batzuek egin dute. Baina ez dira nahiko igo neurri disuasorioa izateko, bereziki Parisetik edo Bordeletik etortzen direnentzako. Udalek har dezaketen beste neurri bat eraikitzeko baimenena da. Erabaki dezakete, bereziki interes publikoko eremuak baldin badira, edo landa eremuak, komeni dela lurralde horiek ez daitezen eraikigarriak izan.

Orain badago joera landa lurrak eraikigarri bilakatzeko, eta espekulazio handia dago horrekin. Estatuak ere badu eskumena, bereziki alokairuen prezioa ez dadin gehiegi igo tentsioa dagoen guneetan. Paris eta Bordele bezalako tokietan aplikatzen da dagoeneko.