NAIZ

534 kilo kokaina zeramatzan eta Euskal Herria helmuga zuen autokarabana bat atzeman dute

Polizia espainiarreko agenteek, Zerga Administrazioko Espainiako Agentziarekin elkarlanean, 534 kilogramo kokaina garraiatzen zituen autokarabana bat atxiki dute Bartzelonan. Estupefazienteen helmuga Euskal Herria omen zen. Operazioaren baitan bi pertsona atxilotu dituzte.

Atxikitako autokarabana, Polizia espainiarrak kokaina fardelak hondo bikoitzetik atera dituen unean.
Atxikitako autokarabana, Polizia espainiarrak kokaina fardelak hondo bikoitzetik atera dituen unean. (DelGobPaisVasco)

Polizia espainolak eta Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak 534 kilogramo kokaina zeramatzan autokarabana bat atxiki dutela Bartzelona jakinarazi dute asteazken honetan, eta, oraingoz, bi pertsona atxilotu dituzte. Autokarabana Hego Amerikatik zetorren eta, ustez, estupefazienteak Euskal Herrian merkaturatzea zen asmoa. Merkatu beltzean 60 milioi euro inguruko balioa izango luke kargamentu honek.

Ikerketa duela bi urte hasi zen Bilbon. Droga trafikatzaileek autokarabana Hego Amerikara bidali zuten bi kayak eta bizikletak garraiatzeko euskarri batekin. Horrela, aire zabaleko jarduerak praktikatzeko asmoz bidalitako ibilgailu bat zirudien.

Alabaina, autokarabana bi urte baino gehiago Hego Amerikan itxaroten egon zen covid-19aren pandemiatik eratorritako mugikortasun murrizketak bitarteko. Murrizketak lausotzean, autokarabana Bartzelonako portura bidali zuten, substantzia estupefazienteak hondo bikoitz batean ezkutatuta zituelarik. Hondo bikoitz horrek 333 fardel ezkutatzen zituen, 534 kilogramoko pisuarekin.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak azaldu duenez, poliziek legez kanpoko merkantzia atxiki zuten eta, narko-testarekin aztertu ondoren, purutasun handiko kokaina zela egiaztatu zuten.

Hori horrela, Itxasok atzemandako drogak erakutsi ditu Polizia espainiarrak Basaurin duen egoitzan. Gobernu espainiarraren ordezkariak nabarmendu duenez, ‘Keja-Ojo Salado’ deitu duten operazioa Polizia espainiarraren Droga eta Krimen Antolatuko Unitateak (UDYCO) eta Zerga Administrazioko Espainiako Agentziaren Aduana Zaintzako Zerbitzuak EAEn egindako bi urte baino gehiagoko ikerketa bateratuaren emaitza izan da.