Jacques Portesen iragaiten den bestetako lehenengo Karrikaldiari ez diote kale egin, ostegun arratsalde honetan, bestazaleek.
Hala, ekimena antolatzen duten bost elkarteek –Leinua, Baiona Kantuz, Orai Bat, Ibaialde eta Baionako ikastola, hurrenez hurren– taloa bota dute aurtengo edizioari hasiera emateko.
Handik aurrera, egunero-egunero kantu eta dantza egiteko aukera zabala eskaintzen duen egitaraua abian eman dute.
Denboraren poderioz euskal kulturaren hitzordu nagusia bilakatu da Karrekaldia Lapurdi hiriburuko festetan. Alta, gaur egungo egoerara heldu arte euskaltzaleek lan mardula egin dute aurreneko hamarkadetan.
Urteek aurrera egin ahala ere, euskal kulturaren presentzia gero eta gehiago hedatzen ari da, baita euskararena ere. Nahiz eta aitzinamendu berriak ongi etorriak izan.
Bestek 90 urte egiten dituzten edizio honetan, atzera begira euskara eta euskal kultura hiriko karriketan zehar nola hedatzen joan diren begiratu daiteke.
Biltxoko elkarteko kideentzako lehenengo bestak dira
Denborarekin horiei tokia ematen dieten hitzorduak saihetsezin bilakatu dira, Dantzazpi, Karrikaldi, ikastolen txosnako taloak... Aurten espazio euskaldun berri bat izanen da, gainera, non eta Baiona Handian: Biltxoko elkartearen egoitza.
1970-1980 hamarkada artean euskal kultura eta hizkuntzari begirako elkarte anitz sortu ziren Lapurdi hiriburuaren inguruan.
Hortik abiatuta jaietan haien tokia handitzen joan zen 1990etik goiti. Dantzazpi izan zen lehenetan, mutxiko oren bat eskaintzen zuen arratsetan egunero.
Kantuak ere bere tokia hartzen joan zen, denen artean abestu ahal izateko Kantaleon hitzen liburuxkaren argitalpenarekin Ibaialde eta Leinua elkarteen eskutik, 2015etik Baikanta aplikazioan ere eskuragarri dena smartphonetan.
1997an Baionan Kantuz sortu zen, horrela bi ekimenak elkartu ziren 1998an euskal kulturari txoko berezia eskainiz. Giroa borobiltzeko, Montaut plazako inguru euskaldunean ikastolako gurasoek txosna ezarri zuten, jatekoak eta edatekoak zerbitzatzeko. Hala bestetako otorduetan euskaraz aritzeko aukera berria sortuz.
2007tik Karrikaldiak zazpi oren egiten ditu segidan euskal kulturari eskainiak, 16.30etik 23.00ak arte. Dantzariekin hasten da, lehen kontzertu baten ondoren erraldoiak biltzen dira festara, ondoren Dantzazpi, Baionan Kantuz, Karrikadantzari tokia egin aitzin.
Baiona Ttipian, Patxa plaza da bestazale euskaldunen arnasgunea
Denborarekin euskal ekimenen eta euskara praktikatzeko gogoa handitzen joan zen, Baionako Gazte Asanbladaren bultzadapean festa alternatiboak sortu ziren arte. Gaur egun hiri guztian zehar ari baldin badira ere, euskaldun eta euskal kulturaren maitaleen bilgune segitzen du izaten Baiona Ttipia eta Patxa plazaren ingurua bereziki.
Bihar, ostiralarekin, bertso saioa eginen dute Patxa plazan, 12.00etan, Sustrai Colina, Alaia Martin, Irantzu Idoate eta Maddi Ane Txoperenarekin. Larunbatean, berriz, Liher taldearekin kontzertua iraganen da 20.00etan eta 23.00etatik goiti Kristonak taldea igoko da oholtzara.