Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Hondarribiak eta Oriok mendekua hartu dute Lekeition eta Ligetako aldeak handitu dituzte

Hondarribiak eta Urdaibaik lehia polita mantendu dute azken unera arte eta 12 ehunenengatik bakarrik irabazi du «Ama Guadalupekoa»k. Astelehenean Euskadiko Txapelketan jasotako porrot moraletik altxa eta medizina berarekin ordaindu diote mirotzek Arraun Lagunaki, orain aldea lau puntura handituz.

Hondarribiak beste bandera bat irabazi du igande honetan Lekeition lidertza berriro sendotzeko.
Hondarribiak beste bandera bat irabazi du igande honetan Lekeition lidertza berriro sendotzeko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lekeitioko urek beti dakartzate ezusteko edo emozioz beteriko estropadaren bat. Astelehenean Euskadiko Txapelketa jaso zuen eta igande honetan Eusko Label eta Euskotren Ligen probak bertan jokatu dira. Emakumezkoen estropadan Orio oso nagusi izan da. Aurreko astelehenean Euskadiko Txapelketan jasotako porrot moraletik altxa eta medizina berarekin ordaindu diote mirotzek Arraun Lagunaki, sailkapen nagusiko aldea lau puntura handituz.

Baina benetan emozioa Eusko Label Ligan bizi da. Izan ere, azken paladan erabaki da garaipena Hondarribia eta Urdaibairen artean. Larunbatean Getxon bigarren postuarekin sailkapen nagusian Donostiarraren mesederako puntu bat galduta, bueltan ekarri dio gaur Hondarribiak, 12 ehunenengatik bakarrik "Bou Bizkaia" ontziari irabazita eta sailkapen nagusko lidertza berriro sendotuz, hiru puntuko aldea ateraz orain "Torrekua II.a" ontziari.

Eusko Label Liga: Hondarribia, olatu ona hartuta

Orio hasieratik atzean geratuta, aukera guztiak galdu ditu. Aurrean, berriz, Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarra denbora bera markatuz etorri dira lehen luzean eta lehen ziabogan.

Donostiarra, zeinek maniobra besteek baino azkarrago egin duen, Hondarribiaren kalean sartu da bigarren luzean eta estropada oso berdinduta zihoan. Epailea tartean ipini da eta bi ontzien arteko gerturatze maniobra hau "Ama Guadalupekoa" traineruaren mesederako izan da. Berdeek olatu ona hartu eta beste aurkariei distantzia atera die.

Urdaibaik ere gauza bera egin du laugarren kaletik eta Donostiarrarekin zuen berdintasuna hautsi du momentu horretan, atzerago Orio geratzen ari zen bitartean. Hala, bigarren maniobran, Hondarribiak distantzia polit bat zuen Urdaibairekiko (+6) eta Donostiarrarekiko (+8), aurreko txandan Getariak egindako marka 16 segundogatik hobetu baitute.

Azken ziabogan Hondarribiak 4 segundo atera dizkio Urdaibairi, baina "Bou Bizkaia" ontziak tartea jan dio "Ama Guadalupekoari" maniobratik ateratzean eta borroka bizia mantendu dute bi ontziek azken luzean. Pare-parean joan dira metro askotan zehar, baina bizkaitarrak, Gorka Aranberriren gidaritzapean laugarren kaletik lehenengora nabarmen joanda, aurretik ipini dira.

Epailea baborrera bidali du Urdaibai 300 metroren faltan eta Hondarribia segundo bakarrera gerturatu da. Azken txanpan erabaki behar zen estropada, eta nola gainera! Parez-pare zeudela, "Ama Gudalupekoak" azken palada sarru eta 12 ehunenengatik bakarrik eraman du garaipena.

2. txanda: Getaria, nagusitasunez

Lehenengo eta bigarren kaleak joaneko luzean zailenak zirela berriro ere agerian geratu da, eta egoera hori sufritu dute Kaikuk eta Cabok lehenengo luzetik. "Bizkaitarrak", aurretik Zierbenak eta Getariak hartutako erritmoari eutsi ahal izan dio nolabait, baina galiziarrak nahiko atzean geratu dira lehen ziabogan.

Maniobra horretan Getaria izan da azkarrena, lehen txandan Lekittarrak egindako denbora bera eginda (4:56). Zierbena, hasieran lortutako lidertza lehen luzean galdu duena, lau segundora egin du biraketa, Kaikuk 5era eta Cabok 7ra.

Bigarren luzean gauzak asko aldatu dira. Eusko Label Ligan berria den Getariak bere maila bikaina erakutsi du Zierbena atzerago uzteko (+12), eta atzean Kaikuk beherakada sufritu du eta azken posturaino jaitsi da, Caboren mesederako.

Estropada erdia falta zuten egiteko, baina Getariak txanda irabazteko eta aurreko txandan Lekittarrak egindako denbora hobetzeko eskuetan zituen, eta borroka azken postuetan egongo zen.

Hirugarren ziaboga ostean, Getariak hiru segundotan hobetu du Lekittarraren marka, baina Zierbenak, zeinek arazo bat izan duen maniobra egiterakoan arraun batekin, ezin izan du hobetu (+13), eta atzerago Cabo (+19) eta Kaiku (+23) iritsi dira.

Azken luzean getariarrek nagusitasuna mantendu dute, baina atzetik, Cabok Zierbena gainditu du, eta Kaiku laugarren helmugaratu da, aurreko txandako Santurtzi bakarrik atzean utzi duelarik.

1. txanda: Lekittarra, bikain etxean; Santurtzi, beherantz

Hasieratik ikusi da joaneko luzean Santurtzik eta Aresek kale txarrenak zituztela –lehenengoa eta bigarrena– eta segituan galdu dute denbora, 2-3 segundokoa. Lekittarrak eta Ondarroak, lehenengoak gehienbat, egoera hau aprobetxatu dute distantziak markatzen hasteko.

Hala, Lekittarrak bi segundoko aldea atera dio "Antiguako Ama" ontziari lehen ziabogan, 6 Aresi eta 7 Santurtziri, eta hurrengo luzean aldeek handitzen jarraitu dute, baita Ondarroarekiko ere. "Sotera" atzerago geratzen hasia zen. Egoera ez zen bere mesederako, baina bai Lekittarra eta Ondarroarentzat –honentzat gehiago–, jaitsiera postu horiek ekiditeko helburuan. Ares, sailkapen nagusiko azkena, bien artean kokaturik zetorren.

Hirugarren ziabogan gauzak ez dira asko aldatu. Hori bai, Lekittarrak aldeak handitu ditu maniobra ostean, 7tik 12ra Ondarroari ateraz –azkenean 9.56koa izan da–. Pixka bat atzerago Ares zetorren eta are atzerago, sailkapen nagusian arazoetan sartzen hasia den Santurtzi helmugaratu da (+30). Hala, etxean arraun egin duen traineruak puntu bikainak lortu ditu, aurrean zuen "Sotera" sailkapen nagusian gaindituz.

XXXVII. EL CORREO IKURRINA
    1.    Hondarribia       20:33.00        
    2.    Urdaibai            20:33.12
    3.    Donostiarra       20:43.50
    4.    Orio                  20:55.64
    5.    Getaria             21:04.46
    6.    Lekittarra          21:08.08
    7.    Cabo                21:15.94
    8.    Ondarroa          21:17.64
    9.    Zierbena           21:20.26
    10.    Ares               21:21.04        
    11.    Kaiku              21:34.24        
    12.    Santurtzi          21:38.88

EUSKO LABEL - SAILKAPEN NAGUSIA
    1.    Hondarribia      111 puntu        
    2.    Donostiarra      108
    3.    Urdaibai           104
    4.    Orio                  96
    5.    Kaiku                62
    6.    Getaria              61
    7.    Zierbena            57
    8.    Cabo                 41
    9.    Lekittarra          39
    10.    Ondarroa         35     
    11.    Santurtzi         34     
    12.    Ares                31

Euskotren Liga: Orioren seigarrenn garaipen jarraia

Larunbatean arantza bat kendu zuen Oriok Getxoko uretan, eta igande honetan mendekua osatu dute mirotzek Lekeition, astelehenean Arraun Lagunakek Euskadiko Txapelketa irabazi zuen arraun eremu berean, estropada irabazita, asteburua biribilduta eta Euskotren Ligako sailkapen nagusiko lidertzan aldea lau puntura handituz.

Eta nolako mendekua gainera! Lehen luzean apurtu du estropada Oriok. Pentsa, ziabogan hamar segundoko aldea atera dio Arraun Lagunaki, eta 15 Tolosaldea eta Donostiarrari. Bigarren luzean, azkenean, 9.48 segundoko aldea izan da mirotzek bere aurkari zuzenei atera diotena.

Baina interesgarriena atzean geratu da. Larunbatean tolosarrek lortu zuten donostiarren aurretik sartzea, eta gaurkoan ere helburu hori bete dute, bigarren luzean aldeak handituz eta azkenean 11 segundo ateraz. Orain bi puntuko aldea dago bi taldeen artean sailkapen nagusian, jaitsiera postua ekiditeko erronka horretan.

Lekeitioko estropada hau pasata, beste sei proba eta bost bandera daude jokoan. Beraz, Oriok, asteburu honetan lortutako puntu sortarekin, Liga irabazteko bere eskuan du.

XI. EUSKOTREN BANDERA
    1.    Orio                      11:12.88        
    2.    Arraun Lagunak     11:22.28
    3.    Tolosaldea             11:30.12
    4.    Donostiarra           11:39.26

EUSKOTREN - SAILKAPEN NAGUSIA
    1.    Orio                       30 puntu        
    2.    Arraun Lagunak      26
    3.    Donostiarra            13
    4.    Tolosaldea              11