Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

«Football is coming» apustu handiena egin duen etxera

Azken urteotan egindako inbertsioak merezitako saria eman dio Ingalaterrari. Sekulako kirol zein antolakuntza maila eta jarraipena izan dituen txapelketa eskuratu du. Emakume entrenatzaileen garaipena ere erabatekoa izan da.

Munduari buelta eman dio Chloe Kellyren ospakizunaren irudiak.
Munduari buelta eman dio Chloe Kellyren ospakizunaren irudiak. (Franck Fife | AFP)

Futbolaren sorterrian, emakumezkoek harmailetan geratu behar izan zuten 50 urteko debekuaren ondorioz. Baina haien zaletasuna ez zen itzali, hamarkada luzeetan inolako babes ofizialik gabe jokatu zuten arren, eta Federazioak errealitatea onartu zuen azkenean. Betoaren amaieraren mende erdia betetzen denean, kontrako bideari ekin dio Ingalaterrak. Lau gakoetan oinarrituta –inbertsioa, planifikazioa, konbikzioa eta lankidetza–, sekulako bultzada eman dio futbolari eta hark eskertu dio, bertan egindako Europako txapelketan apustuaren alderdi biak sarituz: kirola, Ingalaterrak lehen aldiz eskuratu baitu txapelketa handi bat, eta antolakuntza, historiako jarraipen handiena izan baitu azken lau asteotan gertatutakoak, zuzenean zein komunikabideen eta sare sozialen bidez.

Ikusle marka guztiak hautsi ditu torneoak. Azken partida ikusteko Wembleyra gerturatutako jendetza (87.192, Europan selekzio mailako neurketa baten inoizko handiena), salgai jarritako sarreren erosi den batezbestekoa (%80), kanpoko selekzioen jarraipena (inoizko marka handienak multzoko fasean zein kanporaketetan)... eta, noski, guztira txapelketako partidak zuzenean ikusi dituzten zaleak: 574.875, aurreko edizioko zelaietan bildutako 240.055 ikusleen marka bikoitza baino gehiago.

Zenbaki horien alde onena, edozein kasutan, zaleek beren bultzadaren truke jaso duten ikuskizunean dago, azken txapelketa handietan gertatu den bezala. kirol mailaren hazkundea agerian geratu baita. Ez da homogeneoa, eta aurrerapausoa handiagoa izan da atzeratuago zeuden herrialdeetan, eta horri esker, jokoaren maila orokorra eta lehiaren emozioa hazi dira.

Horregatik eta erabakietan eta prestakuntzan ez dutelako asmatu, badaude etxera burumakur itzuli diren selekzioak. Italia eta Norvegia, batez ere, ez bakarrik multzo fasea ez gainditzeagatik, baizik eta, batez ere, kasu bietan eskainitako itxura penagarriarengatik.

Eurekin multzoa partekatu zuten Austriak eta Belgikak txanponaren beste aldea erakutsi dute. Final laurdenetara heldu ziren biak, benetan joko lehiakorra eginez. Finalerdietan malko artean kanporatuta geratu zen arren, Frantzia txapelketaren garaileen artean kokatu behar da. Askotan erabaki ulergaitzak hartuta ere, Corinne Diacrek talde bat eraiki du, bere jokalarien talentu indibidual handia eta lan kolektiboa biltzen dituen taldea. Horri esker, finalerdietara heldu da lehen aldiz, bigarren partidan Katoto golegilea galdu zuen arren.

Argi dago, edozein kasutan, finala jokatu duten taldeak izan direla txapelketaren irabazle nagusiak, kasu bietan –Frantzia edo Austria bezala– emakumeek gidatuta: bigarren aldiz jarraian txapela jantzi duen Sarina Wiegman eta, Disburgo taldearekin eta Suitzako selekzioarekin historia egin ondoren, Alemaniarentzat proiektu sinesgarri bat berreskuratu duen Martina VossTecklenburg.

Azken urteotan Ligan, harrobian eta selekzioan bertan inbertsio handia egin ondoren, Ingalaterrako Federazioak azken ukitua eman zion bere planari Herbehereak aurreko Europako Txapelketa irabaztera eraman zituen Wiegman kontratatuz. Pazientziaz itxaron zuen haren etorrera eta argi dago asmatu zuela: haren gidaritzapean, hogei partida jokatu ditu Ingalaterrak, ez du bakar bat ere galdu eta, batez ere, bere lehen hitzordu handian lehiatutako seiak irabazi ditu, titulua eskuratuz eta joko erakargarria eginez. Aurreko aulkian erakutsi zuen bezala, Wiegmanek gustuko ditu bere taldearen protagonismoa eta anbizioa, eta futbolari ingelesek ederki barneratu dute.

Alemaniaren jokoa ez da hain ikusgarria izan, baina historian emaitza itzelak eman dizkion lehiakortasun maila berreskuratu du. Eta, salbuespenak salbuespen, oso talde gaztearekin lortu duenez, igandeko kolpearen atzetik biharko itxaropena datorkio.

Izen propioz betetako zerrenda luzea

400 futbolariek parte hartu duten txapelketa baten izen propioen zerrenda luzea izan behar da nahi ta nahiez. Igandean Wembleyen amaitu zena ez da salbuespena.

Irizpide ofizialei jarraituz eta entrenatzaileak alde batera utzita, lehen postua Beth Meadentzat eta Lena Oberdorfentzat da. Golegile ingelesak Urrezko Baloia eskuratu du, sartutako sei golei, emandako bost asistentziei eta, orokorrean, bere taldeari eskainitakoari esker. Alemaniako erdilaria, berriz, Jokalari gazte onena izendatu dute.

Alex Popp bere herrikideak zerrendan egon behar du, lehen aldiz parte hartu baitu Europako Txapelketan aurreko biak lesioengatik galdu ondoren eta, finaletik kanpo beste lesio batengatik geratu arren, Mead berdindu du sei gol sartuz.

Gainontzeko selekzioei dagokienez, beste hiru futbolariek osatu dezakete zerrenda. Charlotte Bilbaultek merezi dezake aipamen garbiena, Frantziari behere lidergoarekin eman dion orekagatik. Eta bi atezain gazte: Nickie Evrard belgiarra eta Herberehetako Daphne Van Domselaar.

MARKAK
Harmailetan guztiak hautsi dira eta zelaian ere ez dira falta izan. Ingalaterrak beste inork baino gol gehiago sartu ditu edizio batean, 22. Eta Beth Meadek eta Alex Poppek Inka Gringsekin berdindu dute, sei golekin.