Mugimendu feministak eraso matxistei aurre egiteko protokolo feminista abiaraztea erabaki du Gasteizko eta hiriko auzo ezberdinetako jaiei begira, igande honetan eginiko agerraldian jakinarazi duenez.
Protokolo honen helburu nagusiak gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzea eta erasoen kontra egitea «guztion ardura eta konpromisoa» dela ulertaraztea da. Gainera, eraso baten aurrean ikuspegi feministatik erantzuteko hainbat neurri zehatz martxan jartzea bilatzen du protokoloak, baita emakume eta sexu disidenteek jaietan subjektu aktibo bilakatu eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea ere.
Kezka batetik martxan jarri du Mugimendu Feministak aurtengo protokoloa: «Nabarmena izan da parrandari lotutako espazioak berriro ireki direnetik emakume eta sexu disidenteen aurkako erasoak ugaritu direla. Eraso hauek ez dira modu isolatuan ulertu behar, menderatu, bortxatu eta isilduak nahi gaituen sistema zisheteropatriarkalaren isla gordina baitira».
Halaber, «jaiak ordena soziala mantentzeko» erabili izan ohi direla nabarmendu Mugimendu Feministak, bereziki «hierarkiak indartzeko eta hauek ikusarazteko eta, tamalez, balio zisheteropatriarkal eta kapitalista erreproduzitzeko espazioak bilakatzen dira».
Hala, jaietan indarkeria mota desberdinak ematen direla salatu du, eraso matxista eta jazarpenetatik hasi eta intentsitate ezberdinerako bestelako indarkerietaraino: «aisialdiaren ikuskera androzentrikoa, oholtzetako bazterkeria...».
Egoera honi aurre egiteko, beharrezkotzat jotzen du eraso matxistak erantzuteko protokolo feminista abiaraztea, eta Gasteizko jaietan ez ezik auzoko jai gehienetan ere martxan jarriko dute tokiko jai batzordeekin elkarlanean.
Jaiei begira, protokoloa elkarbanatu, landu eta aurrera eramango da hainbat guneetan: herri mugimenduarekin Txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz plazan, erdiguneko hainbat tabernatan, parranda eta txosnaguneak «espazio seguru, anitz eta feminista» izan daitezen.
Protokoloa jasotzeko prest egon daitekeen beste edozein eragile edo komertziorekin hau elkarbanatzeko prest daudela nabarmendu du Mugimendu Feministak. «Ezinbestez, gogora ekarri dugu denok dugula espazio hauek zaintzeko ardura, ez soilik sexu disidente eta emakumeok», adierazi du.
Telefono zenbakia eta manifestazioa
Gasteizko Mugimendu Feministak telefono zenbaki (747 414 834) bat prestatu du jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuak izan diren horiei akonpainamendua egiteko. «Bestalde, erasoak publikoki salatzeko jendarteratze bat deituko da erasoa eman eta hurrengo egunean; deialdia ez da kasu guztietan emango, kasuan kasu baizik», gaineratu dute.
Horretaz gain, Gasteizko emakume guztiei abuztuaren 4an, gaueko 23.59an, ‘Beldurrak gurekin jai’ lelopean eta Brulleriasetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Gogora ekarri nahi izan dituzte azken asteetan parranda guneetan ziztadak jaso dituzten emakumeak: «Eraso mota hauek lapurtzeko edo sexu delituak egiteko helburuarekin erabili ohi dituzte baina modu berean, beldurra zabaltzeko eta emakumeoi gauak eta parranda guneak gureak ez direla gogorarazteko baita».
Emakumeek «bizirik egoteko, aske izateko eta nahi dugun lekuan, moduan eta ordutegian dibertitzeko eskubide osoa» dutela defendatu dute. «Beldurrik gabe bizi eta gozatzeko eskubidea dugula irmoki adierazten dugu. Erasoen aurrean, autodefentsa feminista antolatzeko dei egiten dugu, legitimitate osoarekin. Gure artean saretzen, elkar zaintzen eta babesten jarraituko dugu», azpimarratu du Gasteizko Mugimendu Feministak.