Aurten, estreinakoz, UPV/EHUko campusak aste batzuetarako itxiko dituzte, abuztuan zehar, energia aurrezteko asmoz. Neurri honekin 500.000 euroko gastua ekidingo dela uste dute unibertsitateko arduradunek.
Erabakia astelehen honetatik egongo da indarrean Arabako campusean eta hilaren 15a arte luzatuko da. Gipuzkoakoa beranduago itxiko da, hilaren 8tik aurrera, 21a bitarte. Bizkaikoari dagokionez, abuztuaren bigarren hamabostaldian hustuko dute, 15etik 28ra, hain zuzen ere.
Hau guztia energia aurrezteko helburuarekin egingo da. Gaur bertan jakinaraziko ditu Gobernu espainolak asmo bera duten zenbait neurri, erakunde publikoetarako bete beharrekoak izango direnak, eta gainerako eragileei begira aholku gisa planteatuta daudenak. Baina UPV/EHUk duela zenbait hilabete hartu zuen erabakia, apirilaren bukaeran hain zuzen ere, iragartzen ari zen arazoari aurrea hartuz.
Orain arte UPV/EHUko campusak irekita egon dira beti udan zehar. Itxialdiak dirauen bitartean eraikinak itxita izango dira eta guztiz premiazkoak diren zerbitzu batzuk baino ez dira eskainiko. Horri begira ere, itxiera txandaka egitea erabaki dute.
Moldaketa honen ondorioz langileen egutegiak birkokatu egin behar izan dira, oporraldiak abuztuan zehar lehenetsiz.