Plazak igarobide bilakatu dira Baionan, eta baionarrek saihestu egiten dituzte. Hirian lau zona identifikatu dituzte bero boladetan zinez problematikoak direnak: Montaut Plaza, «zuhaitzik gabea eta beroa absorbatu eta islatzen duen zorua duena»; Merkatu Plaza, «erabat jasanezina»; Herriko Etxearen Plaza, «zuhaitzik ez du eta zorua beroa islatzen duten mineralekin eginikoa da»; eta, azkenik, geltoki aurreko plaza. Arazoa gordin deskribatu dute: «bero uharte handiak sortu ditugu, beroa metatu egiten da bertan, ez da ebakuatzen. Itsasoak berak ere ez da giroa freskatzen».
Horrela mintzo dira Baionako Herriko Etxeko oposizioko alderdiak. Bayonne Ville Ouverte taldeko Colette Capdevielle eledunarentzat, «ahalegin handiak daude egiteko, egoerak neurri drakoniarrak eskatzen dituelako». Baionarrek autoa garajean uztearen alde egiteko, garraio publikoaren doakotasuna eskatu du.
Mixel Esteban Berdeen zinegotziarentzat, berriz, badago beste aukera bat: «leku paisajistikoak, jabetza pribatuko lorategi eta zuhaiztiak, legez ondare leku bihurtzea, Biarritzen egiten duten bezala. Baionan ezinbesteko bihurtu da lekuok babestea eta zuhaitzak moztea zigortzea, egun, itzala bene-benetako kezka baita baionarrentzat». Baina kontua ez da hain erraza. Laurence Hardouin trantsizio ekologikorako udal arduradunaren arabera, kontuan hartu behar da «Baionako azaleraren %80 jabe pribatuen esku dagoela, beraz, guztion eginbeharra da zuhaitzak bere lekuan mantentzea».
«Giza larrialdian gaude»
Bihar Baiona zerrendako Sophie Herrera zinegotziaren aburuz, «giza larrialdian» daude Lapurdiko hiriburuan. Aitortu du gauzak egin direla hirian, baina nabarmendu du 2020. urtean «Baionako bero uharteen» inguruan udalak egindako txostenaren zain daudela oraindik. Hardouin trantsizio ekologikorako udal arduradunak onartu du «bero uharte bihurtu zaizkigun plazetatik igarotzean herritarrek bero kolpe latza» hartzen dutela.
Egoera hobetzeko neurriak hartuko direla aurreratu du: «urrian Merkatu Plazaren begetalizazioari ekingo diogu, baina aldi baterako izango da, Urdaiazpikoaren Feriarako edo Baionako bestetarako plazatik mugitu egin beharko ditugulako zuhaitzak».
Mixel Esteban Berdeen ordezkariarentzat, berriz, «erabat ulertezina da ‘dena turismoaren alde’ joera».
Bayonne Ville Ouverte zerrendako Colette Capdeviellerentzat berotze klimatikoari aurre egitea «garapenerako edozein proiekturen erabateko lehentasuna izan behar da». Bihar Baiona taldeak irailean osoko bilkura monografikoa egitea proposatu du plan bat landu eta «neurrien zain dauden herritarrei seinale egokia helarazteko». Oposizioko talde guztiek egin duten eskaera gogo onez hartu du Baionako gobernua daukan gehiengoak. Larrialdia bertan den jakitun, argia da asmoa: ika-mikak ahaztu eta lanari lotzea.