BABESLEDUN EDUKIA

Larrabetzu, Berango eta Erromo, jaietarako prest Bizkaian; Lizarra eta Leitza, Nafarroan

Saninazioak amaituta, Larrabetzuk, Berangok eta Erromok hartuko dute asteburu honetan Bizkaiko jaietako lekukoa. Nafarroan, Lizarra ere jaietan murgilduko da asteburu honetan eta Leitzan, asteazkenera arte itxaron beharko dute.

Ohikoa baino astebete beranduago ospatuko da aurten Larrabetzuko Gazte Eguna.
Ohikoa baino astebete beranduago ospatuko da aurten Larrabetzuko Gazte Eguna. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Larrabetzuko jai nagusiak abuztuaren erdialdera ospatuko badira ere, larunbat honetan (abuztuak 6) Gazte Eguna dago iragarrita (ohikoa baino astebete beranduago, Hatortxu Rock jaialdiarekin ez elkartzeko).

Bi urteko etenaldiaren ostean, indartsu dator Larrabetzuko Gazte Eguna eta Hori Bai gaztetxeko kideek egitarau zabala prestatu dute egun osorako. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, egitarauaren eskema aurreko edizioen antzekoa izango bada ere, hainbat berritasun sartu dituzte, batezere musika eskaintzari dagokionez, gaurkotasun eta aniztasun handiagoa zain dezan.

Horrela, eguerdiko 12.30etan Kittu taldearen emanaldia izango da, Euskal Herriko gaurko eta betiko abestiekin, eta arratsaldeko 19.30etan Sakatu! elektrotxarangak girotuko du jaia.

Kontzertuei dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita gaueko 22.30etan hasita: J. Martina, The Lio, Crim eta Xiberoots. Eta gau osoan DJak izango dira gaztetxean: Little Martin Selektah, DJ Reimmy, Malakias eta Maixa.

Musikaz gain, eguerdiko 14.30etan bazkaria izango da eta 17.30etan, olinpiaden ordua.

Larrabetzuko Gazte Eguneko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Larrabetzuko Udala, Etorki taberna, Gazte Leku taberna, Foteri taberna, Irusta taberna, Aretxabala herriko taberna, Sarrikola ogitegia.

Erromon ere jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, bi urteko etenaldiaren ondoren kaleak, dendak eta tabernak betetzeko asmoz. Txupin eguna asteazkenean izan zen (abuztuak 3) eta osteguneko "Sonbreru eguna"ren ostean, ostiral honetan (abuztuak 5) koadrilla eguna ospatuko da eta larunbatean (abuztuak 6) putxera eguna. Lehiaketa gastronomikoarekin batera, beste hainbat ekitaldi daude iragarrita: kantujira, mus txapelketa, bertso saioa, boxeo erakustaldia edota reggae jaialdia, besteak beste.

Igandean (abuztuak 7) tortilla eguna ospatuko da eta, sari banaketaren ondoren, arratsaldez sardin-jatea, "pobre de mí", afaria eta azken traka daude iragarrita.

Egitarau ofizialaz gain, tabernek ere ekitaldi ugari prestatu dituzte. Ostiralean (abuztuak 5) txorizo-jate herrikoia izango da eguerdian eta arratsaldez kontzertu zerrenda luzea dago iragarrita hainbat kaletan. Eta larunbatean (abuztuak 6), hirugihar bazkari herrikoia eta barbakoa herrikoia izango dira eguerdian, eta arratsaldean, mus txapelketa eta kontzertuak.

Erromoko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Gure etxea, Texas bar, Aingara bordatuak‬

Azkenik, Berangon ere herriko jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan. Pasa den astean Santa Ana jaiak amaitu ondoren, oraingoan Santo Domingo jaiak izango dira protagonista. Ostegunean hasi baziren ere (abuztuak 4), ostiral honetan izango dute jarraipena (abuztuak 5) hainbat ekitaldirekin: haur parkea, Futbol 5 txapelketaren finalaurrekoak, idi probak, txokolate jana, dantza emanaldia, kontzertua eta disko festa.

Larunbatean (abuztuak 6), Berango kantari taldearen kalejirak zabalduko du eguna, eta ondoren izango dira birziklatzeko tailerra, bitsa-jaia, gazte parkea, Futbol 5 txapelketaren finala, bingo musikatua, dantza plaza, hanburgesa jana, kontzertua eta erromeria Erruki taldearekin.

Igandea, azkenik, makailo jai herrikoiaren eguna izango da, eta horrekin batera ez dira faltako ur-parkea, herri kirolak, trikitilariak eta erromeria Ekhy taldearekin.

Berangoko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Nebaarrebak, Frontoi, Nagusien Etxea.

Lizarrako jaiak zazpi egunez luzatuko dira, datorren ostegunera arte. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)


Lizarra eta Leitza

Lizarran ere iritsi da herritarrek hainbeste itxaron duten unea, eta ostiral honetan (abuztuak 5, erraldoien ostirala) botako dute txupinazoa Udaletxeko balkoitik. Aurtengoan Osasun Sistema Publikoko langileen esku utzi dute festak iragartzeko suziriaren jaurtiketa, eta horien ordezkari moduan igoko dira balkoira Marilys Echeverria Arroniz eta Juan Carlos Lopez Oscoz, Lizarrako Osasun Zentroko eta García Orcoyen Eskualdeko Ospitaleko langileak.

Datorren ostegunera bitartean, kalea berreskuratzeko ekitaldi ugari antolatu ditu jai batzordeak herriko kolektibo askorekin elkarlanean. Ekitaldi garrantzitsuenen artean, aipatzekoak dira haurrentzako ikuskizunen indartzea (uretako zezenak izango dira astelehen, asteazken eta ostegunetan), kale-antzerkiaren berritasuna, Lizarraldeko DJ gazteen saioak edo ajoarriero lehiaketaren 50. urteurrena, besteak beste.

Musika arloari dagokionez, aipatzekoak dira astearte eta asteazkeneko bi musika-gau bereziak,: Mariachi Imperial, El Drogas eta La Mala Pékora asteartean; eta Lágrimas de Sangre, asteazkenean, animazioarekin zezensuzkoa baino lehen eta DJ Ainhoa Elorriaga goizaldean.

Egitarau ofizialaz gain, eta ohikoa den bezala, beste hainbat kolektibok programazio bereziak antolatu dituzte, hala nola txosnetakoa, Santiago plazakoa edo San Martin plazakoa, aurten asteburuan 94ko Kintaren eskutik.

Txosnen egitarauari dagokionez, aurtengo egitaraua ostegunetik igandera bitartean luzatuko da, eta aipatzekoa da ostiralean (abuztuak 5) herri bazkaria eta batukada izango direla, gaueko kontzertuen aurretik. Larunbatean (abuztuak 6) gaztetxoen eguna izango da eta Goazen! telesaileko koreografiak abestu eta dantzatuko dituzte. Eta igandean (abuztuak 7) Sound Systemari eskainitako eguna izango da, hitzaldi eta emanaldiekin. Aurten, gainera, garagardoa bakarrik eskainiko duen barra berezi bat jarriko dute eta puntu morea ere ez da faltako.

Lizarrako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Lizarra Kanpina, Katxetas Taberna, Carpinteria Hnos Pascual.

Leitzan umeen eguna ospatuko dute igande honetan eta txupinazoa asteazkenean botako dute (abuztuak 10). Suziria Pesta Batzordeak botako du, hala erabaki baitute herritarrek Udalak antolatutako bozketan.

Sei egunez luzatuko diren jaietan, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte. Datorren ostegunean (abuztuak 11) ohiko ezpata-dantza berreskuratuko dute eta arratsaldez emakumezkoen herri-kirol saioa izango da. Ostiralean (abuztuak 12) ohiko entzierroaz eta plazako behiez gain, emakumezkoen pilota partidak izango dira eta ondoren paella-jana eta bertso eskolako emanaldia. Larunbatean (abuztuak 13), gazte eguna ospatuko da, herriko gazteen iritziak jasoz osatutako egitarauarekin. Igandean (abuztuak 14) bertsolarien saioa eta herri afaria daude iragarrita plazan, eta astelehenean (abuztuak 15) aurtengo jaiei amaiera emango zaie gaueko "Pobredemie" ekitaldiarekin.

Musika arloari dagokionez, egunero Incansables txaranga arituko da kaleak alaitzen, eta kontzertuen arloan, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Burutik, Pleura eta Elektro-Tekno gaua (abuztuak 10), Goxua'n Salsa (abuztuak 11), Gozategi, Herdoil, Kaleko Urdangak eta DJ Bull (abuztuak 12), DJ Reimy, Zea Mays, Raimundo el Canastero, DJ Garrote eta DJ Loro (abuztuak 13), DJ Jotatxo (abuztuak 14) eta Txingones de la Rencle mariatxia (abuztuak 15).

Leitzako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Leitzako Udala, Leitzelarrea Caldederia, Lizarraga harategia, Musunzar Jatetxea.