NAIZ

Tapiak ohartarazi du biztanleen %10i eragingo lioketen ur-murrizketak egon daitezkeela

Ur-murrizketetak EAEko biztanleriaren %10i eragin diezaiokela adierazi du ostegun honetan Arantxa Tapiak, zehazki urtegirako sarbiderik ez duten udalerrietan. Asteazken honetan aurkeztutako lehorte-plan berezia martxan da dagoeneko leku batzuetan, ur eskasiari aurre egiteko.

Arantxa Tapia EAEko  lehorteen aurkako plan bereziaren aurkezpenean.
Arantxa Tapia EAEko lehorteen aurkako plan bereziaren aurkezpenean. (IREKIA)

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak ostiral honetan onartu du ur-murrizketak egon daitezkeela urtegirako sarbiderik ez duten udalerrietan, hau da, errekez edo iturburuez hornitzen direnetan, eta horrek EAEko biztanleriaren %10i eragin diezaioke.

Gaur bertan abiatu dira zenbait murrizketa Ipar Euskal Herriko ehun udalerritan.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Tapiak nabarmendu du asteazken honetan aurkeztutako lehorte-plan berezia, EAEko lehenengoa, beharrezkoa izateaz gain, une honetan dagoeneko martxan dagoela leku batzuetan.

Sailburuak adierazi duenez, «gero eta muturreko fenomeno kaltegarri gehiago ikusten ari gara», eta, beraz, beharrezkoa da «zer gertatzen den ikustea».

Adierazi duenez, EAEko biztanleen %90 urtegien bidez hornitzen da, eta ur-horniketa bermatuta dago leku horietan, «gure urtegiak %70etik gora baitaude», baina «herritarren %10ek oraindik ere ura hartzen dute erreka txikietatik, iturburuetatik eta gainerakoetatik, eta horiek arazoak dituzte, Busturialdean adibidez, eta badirudi Arabako Lautadara hurbiltzen ari dela». Horregatik, «ne horietan ura hornitzeko lan egitea» beharrezkoa dela esan du.

Lau neurri

Ildo horretan, lau neurri hartuko dituztela nabarmendu du, «alarma-fase ezberdinetan edo ur eskasia» duten eremu horietan hornidura faltari aurre egiteko. Lehenik eta behin, azaldu du «larrialdiko aparteko ur-bilketak» egiten saiatuko direla.

Bigarrenik, «alferrikako jarduerak» saihestuko dituztela, «gure lorategiak, kaleak edo igerilekuaz ureztatzea, adibidez».

Hirugarren neurria «gauez hiri-hornidurako sareetan presioa jaistea» izango litzatekeela zehaztu du, eta, laugarrena, «ur-horniduran gaueko mozketak egitea».

Arantxa Tapiak onartu du ur-murrizketak egon daitezkeela «urtegira sartzeko aukerarik ez duten eta, jakina, egoera zailean dauden» udalerrietan.

Ildo horretan, gogorarazi du Busturialdea bezalako eskualdeetan Bizkaiko Ur Partzuergoa ura itsasontziz edo kamioiz eramaten ari dela, eta ziurtatu du «gure esku dagoen guztia egingo dugula jendeak gutxieneko hornidura izan dezan».

Mahats-bilketa

Bestalde, ur faltak nekazaritzan izan dezakeen eragina aipatu du Tapiak. Hala, zerealen uzta  beroaren ondorioz murrizten ari dela adierazi du, eta mahats-bilketa iristen ari dela ohartarazi du. «Nekazari guztiek ura orain behar dutela esaten ari dira, ez mahats-bilketaren unean, agian mahats-bilketan eragina izan dezakeelako eta gutxiago bilduko dugulako», gehitu du.

Ekonomiaren Garapen, Sostenibilitate eta Ingurumeneko sailburuak azpimarratu duenez, ur faltak «pertsonok ez ezik, inguruan dugun guztia» eragiten du.