Orio Euskotren Ligan eta Urdaibai Eusko Label Ligan izan dira azkarrenak Hondarribiako uretan. Mendebaldeko haizetxoarekin eta kanpokaldean uste baino olatu handiagoekin, ikuskizun ederra eskaini dute traineruek. Oriok lehen kaletik bereganatu du bandera emakumezkoetan, baina gizonezkoetan laugarren kaletik joan den ontziak irabazi ditu hiru txandak: Ondarroak, Getariak eta Urdaibaik.
Orioren zazpigarrena
Oriok Euskotren Ligako zazpigarren garaipena eskuratu du Hondarribian, bertan jokoan ipini den Nesken Ondoan Bandera irabazita. Donostia Arraun Lagunak aurretik ibili da joaneko luzean, baina poparean Orio askoz hobeto moldatu da eta azkenean bost segundoko aldea egon da bien artean. Sailkapen nagusian ere aldea jada bost puntukoa da.
Estropada atzerapen apur batekin hasi da, Nerea Perez Donostiarrako patroiak estatxarekin arazo batzuk izan dituelako. Denak prest jarri direnean topera irten dira ontzi guztiak, eta Arraun Lagunak izan da estropada burua hartu duena joaneko luzean. Atzeko lehian, Donostiarra Tolosaldearen aurretik zen.
Baina ziabogan aldeak oso txikiak izan dira Arraun Lagunak eta Orioren artean –bi segundu eskas–, eta itzulerako luzea hasterako jada Oriok hartu du burua. Poparean sekulako lana egin dute oriotarrek, Nadeth Agirrek sekulako trebetasuna erakutsi du olatuak hartzen, eta tarteak handitzen joan dira. Irabazleek 10:41.32ko denbora ezarri dute, eremuko errekor berria.
Atzeko borrokan ere, aipagarria izan da Tolosaldeak poparean sekulako lana egin duela. Maialen Amondarain patroiak bikain gidatu du trainerua eta hirugarren sartu dira tolosarrak, sailkapen nagusian Donostiarrari puntu bakarrera gerturatuz.
«Brankaz ez dugu asmatu, baina bueltan olatu bakoitzari jotzen saiatu gara eta aurrea hartu dugu. Olatuak gure lehen kalera edo zero kalera markatzen zuen, eta hori aprobetxatzen saiatu gara ziabogatik zabal aterata. Kanpokaldean itsasoa mugitu xamar dago eta ongi moldatu gara hor», aipatu du Nadeth Agirre Orioko patroiak.
Bihar, beste borroka bat Getarian 11.40an hasita.
Nesken Ondoan Bandera
1. Orio 10:41.32
2. Arraun Lagunak 5.14ra
3. Tolosaldea 11.50era
4. Donostiarra 17.90era
Euskotren Liga - Sailkapen nagusia
1. Orio 34 puntu
2. Arraun Lagunak 29
3. Donostiarra 14
4. Tolosaldea 13
Urdaibai, laugarren kale bikainetik
Gizonezkoen Eusko Label Ligan, Urdaibaik Ligako hirugarren garaipena lortu du, Galizan lortu zituen bi haien ondorenetik lehena –tartean Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuten Lekeition–. Bermeotarrak hasieratik amaierara nagusitu dira gaurkoan erabakigarria izan den laugarren kaletik.
Aurrez beste bi txandetan gertatu den moduan, lehen ziabogaren ondorengo aurreneko metroetan hautsi du estropada ontzi bizkaitarrak. Ziabogan Donostiarrarekiiko aldea segundo bakarrekoa bazen, eta hirukoa Hondarribia nahiz Oriorekiko, denbora oso gutxian tarte horiek biderkatu egin dira, eta bigarren maniobrara iristerako tarteak sei, zazpi eta 11 segundokoak ziren.
Hortik aurrera, Gorka Aranberrik eta bere mutilek gozatzeko aukera izan dute eta puntu batetik aurrera agian biharko estropadan pentsatzen hasteko beta ere izango zuten. Hondarribia ez da urrun ibili, zazpi segundora mantendu da ia beti, baina bermeotarren garaipena ez da inoiz arriskuan egon.
Azkenean Donostiarrak ere hirugarren postua salbatu du, eta beraz sailkapen nagusian ez dago aldaketa handirik. Hondarribiak jarraitzen du lider 122 punturekin, Donostiarrak 118 ditu eta Urdaibaik 116.
«Emaitzak aldekoak ez direnean insistitu egin behar da. Bi aldiz postea jota geunden, eta gaur azkenean gola sartu dugu. Kaleak ere lagundu digu, bazen garaia, eta ikusten da hemen detaile txikiena ere garrantzitsua dela irabazi ahal izateko», aipatu du Gorka Aranberri patroiak. «Mutilak oso lan txukuna egiten ari dira, baina irabazleak dira, eta irabazten ez denean zalantzak sortzen hasten dira. Zaldiak lasaitzea hobe da haiei akuilua sartzen ibiltzea baino», gehitu du.
«Oso pozik nago. Estropada bikaina egin dugu eta kalearekin ere zortea izan dugu. Liga irabazi nahi badugu jada tarteak murrizten hasi beharra daukagu eta jada biharkoan pentsatzen hasi behar da», aipatu du bere aldetik Iker Zabala entrenatzaileak.
Biharkoa aipatuta, nabarmentzekoa da TKE Liga lehen aldiz iritsiko dela Getariako uretara, eta hain zuzen ere etxeko ontzia, igo berria den Getaria, ohorezko txandan arituko dela. Getariarrek sekulako lana egin dute bigarren txandan eta, laugarren kale horren laguntzarekin, laugarren denbora onena markatu dute, Orio atzetik utziz.
Atzeko borrokari dagokionez, egun ona Ondarroa eta Isuntzarentzat, seigarren eta zazpigarren hurrenez hurren, eta txarra Ares eta Santurtzirentzat. Gaur azken bi postuetan amaitu dute eta sailkapen nagusian ere horrelaxe daude, jada aurrekoekiko urruntzen hasita gainera. Ondarroak 42 puntu ditu, Santurtzik 35 eta Aresek 33.
Hondarribiako XXXV. Bandera
1. Urdaibai 19:46.04
2. Hondarribia 7.66ra
3. Donostiarra 14.18ra
4. Getaria 16.74ra
5. Orio 18.94ra
6. Ondarroa 28.00ra
7. Lekittarra 30.00era
8. Cabo 30.16ra
9. Zierbena 31.28ra
10. Kaiku 33.70era
11. Ares 40.96ra
12. Santurtzi 41.44ra
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia
1. Hondarribia 122 puntu
2. Donostiarra 118
3. Urdaibai 116
4. Orio 104
5. Getaria 70
6. Kaiku 65
7. Zierbena 61
8. Cabo 46
9. Lekittarra 45
10. Ondarroa 42
11. Santurtzi 35
12. Ares 33
Beste Ligak
Bestalde, ETE Ligako ontziek Ondarroan izan dute hitzordua gaur goizean, eta bertan Hondarribia nagusitu da 10:55.40ko denborarekin. Bigarren Hibaika izan da, sei segundora, eta hirugarren Zumaia, 16ra. Hondarribiaren denboraldiko seigarren garaipena izan da eta lider jarraituko du sailkapen nagusian, orain 82 punturekin. Hibaika bi puntura dago (80) eta Deusto hirugarren, jada oso urrun (69).
KAE2 Ligari dagokionez, Mutrikuk ezustekoa eman du Ondarroako uretan eta denboraldian lehen aldiz garaipenik gabe utzi du Lapurdi. Gipuzkoarrek 20:37.03ko denbora egin dute, lapurtarrak 13 segundora iritsi dira eta Donostiarra B izan da hirugarren 28ra.