Latinoamerikaren erronka sozial nagusietako bat da: kontinenteko komunitate indigenek baztertuta, estatuak ahaztuta eta, kasu askotan, gobernu batetik bestera aldatzen ez den indarkeria batekin bizitzen jarraitzen dute.
Astearte honetan ospatutako Herri Indigenen Nazioarteko Eguna zor askorekin iritsi da berriro Latinoamerikara; batez ere, jatorrizko komunitateen beharrizanei erantzuteko zorrarekin.
Brasil, Bolsonaroren mehatxua
Indigenek salatu zutenez, indarkeria areagotu egin da, bereziki, Jair Bolsonaro ultraeskuindarra presidente izendatu zutenetik. «Demokratizazioaren garaitik ez dugu oraingoa bezain egoera bortitzik bizi izan; diktadura militarraren (1964-1985) urteekin soilik konpara daiteke», adierazi du Dinamam Tuxa Brasilgo Herri Indigenen Artikulazioko (APIB) koordinatzaile exekutiboetako batek.
Legez kanpoko zurgile, meatzari, ehiztari eta arrantzaleek indigenen lurretan egiten dituzten baliabideen legez kanpoko ustiapena eta kalteak ugaritu egin dira, eta 2020an 263 kasu erregistratu ziren, Brasilgo Gotzaindegiari lotutako Kontseilu Indigenista Misiolariaren arabera. Erakunde berak deitoratu duenez, urte berean 182 indigena hil zituzten.
Tuxak adierazi du «atzerpauso» hori «Bolsonarok sustatzen duen gorrotozko diskurtsoaren isla zuzena» dela. Izan ere, presidentea indigenen erreserbetan meatzaritza sustatzearen aldekoa da eta ingurumen-legeak malgutzea bultzatu du. Ildo beretik, Amazonia fiskalizatzen duten organoen aurrekontua murriztu du Bolsonarok.
Kolonbia, indigenak gatazkaren erdigunean
Gatazka armatuaren hainbat hamarkadatan sarraskiak, desplazamenduak eta hilketak indigenen aurka zuzendu ostean, Egiaren Batzordeak kritikatu du komunitate indigenek indarkeria sufritzen dutela oraindik ere.
Oscar Montero Kolonbiako Erakunde Nazional Indigenako kidearen hitzetan, «genozidio fisiko eta kulturala» dago, eta gehitu duenez, 2022an, gutxienez, 85 indigena hil dituzte.
Petroren gobernu ezkertiar berriarekin egoerak hobera egitea espero dute erakundeek.
Ekuador, Amazoniaren babeserako aldarria
Amazoniako Arroko Erakunde Indigenen Koordinakundeak kontu erregresibo bat abiarazi du astearte honetan, 2025erako munduko baso tropikal zabalenaren %80 babestuta egon dadin. Amazoniaren deforestazioak %20ko langa gainditzea saihestu nahi dute, ehuneko hori itzulerarik gabeko puntutzat jotzen baitute.
Paraleloki, Ekuadorreko indigenak Gobernuarekin elkarrizketetan dabiltza. Izan ere, uztailean gidatu zituzten protestei esker, Gobernuaren petrolio-jarduera sustatzeko dekretu bat indargabetzea eta meatze-kontzesio berriak mugatzea lortu zuten.
Mexiko, indarkeriaren aurkako oihua
Mexikon, non 23 milioi lagunek baino gehiagok beren burua indigenatzat duten, herri indigenek talde armatuak ugaritzeari aurre egin behar diote.
Ildo horretatik, Acnurren arabera, iaz Chiapaseko, populazio indigena handiena duen estatu mexikarreko, barne desplazamenduak hirukoiztu egin ziren talde armatuen indarkeriaren eraginez.
Txile, indigenak konstituzionalki aitortzeko bidean
Hamaika etnia eta biztanleriaren ia %13 dira, baina inoiz ez dira Konstituzioan aitortuak izan. Txileko jatorrizko herriek une historikoa bizi dute, irailaren 4an egoera hori alda liteke eta. Izan ere, egun horretan, herri indigenei autonomia eta aitormena emango dien lehen Konstituzioa onartzeko bozketa egingo dute Txilen.
Lege nagusi berriak Txile «estatu plurinazional» bezala definituko du, eta hamaika etnia errekonozituko ditu: maputxe, aimara, rapanui, lickanantay, kitxua, colla, diaguita, chango, kawesqar, yagan eta selk'nam-a.
«Onartu ala ez, Txileko indigenek historia egin dute jada, testu konstituziogilearen erredakzioan parte hartu dutelako –155 eserlekuetatik 17rekin– eta indigena batek, Elisa Lonconek, presidente izatea lortu zuelako», goretsi du Rosa Catrileo konstituziogile eta maputxeak.