Sagar hozkatuaren urtea
Sagar hozkatuaren plataforma, Apple TV+, 2019ko azaroaren 1ean jarri zen martxan. Lehen urte horietan, erdipurdiko ekoizpenak egiteaz gain, norabide finkorik gabe nabigatzen ari ziren sentsazioa transmititzen zuten. Hiru urteren ostean, lehiakide askoren aurretik kokatuko nituzke.
2020-2021 urte bitartean, ekoizpen kopurua handitzearekin batera kalitatean ere aurrerapausoak nabari zitezkeela aitortu behar dut. Aurtengoa, ordea, plataforma sortu zenetik urterik onena dela esango nuke; are gehiago, 2022an estreinatu diren telesail guztien artetik, onenak, beraiek estreinatu dituzte. Adi honako izenburuei:
Black Bird
(6 atal)
“Mindhunter” edo “True Detective” telesailen erako proposamenak gustuko badituzue, adi honi. Telesaila osatzen duten osagarriekin hasiko naiz. Gidoilaria: Dennis Lehane; bere eleberriak sarritan egokitu dituzte eta arrakasta handiko filmak izan dira –“Mystic River”, “Gone Baby Gone”, “The Drop” edo “Shutter Island”, besteak beste–. Soinu banda: Mogwai talde eskoziarrak konposatua. Aktore zerrendan izen ezagunak: Taron Egerton, Greg Kinnear eta erne, Ray Liotta, hil aurretik egin zuen azken lanetariko bat. Generoa: thrillerra eta kartzelako drama.
Zer gehiago behar duzue? Premisarekin jarraituko dut, zentzugabea dirudien arren, benetako gertaeretan oinarritzen den telesaila baita hau. Jimmy Keene (Taron Egerton) droga trafikatzaileari hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote; kartzelan sartu eta hilabete gutxira, ordea, bi aukera proposatuko dizkiote: bata, dagoen tokian jarraitu eta hamar urteak oso-osorik betetzea. bestea, aske utziko dute baldin eta segurtasun goreneko espetxe batean sartu eta Larry Hall ustezko serieko hiltzailearen lagun egiten bada.
Zertarako? Hainbat hilketa aitortzea lortzeaz gain, neska batzuen gorpuak non lurperatu dituen jakiteko. Generoaren ezaugarri den polizia ikerketa ere topatuko duzu jakina, baina thriller horietako bat da, Dehanek zehaztasun milimetrikoz idatzitako elkarrizketetan oinarritzen dena. Telesailaren zimenduak Jimmy eta Larryren arteko elkarrizketetan ezartzen dira –hemen “Mindhunter” telesail bikainarekin gogoratzea saihetsezina da– eta bien arteko harremana katuaren eta saguaren arteko jokoa bilakatu den arren, bietako batek bakarrik daki jolasten ari direla.
Prehistoric Planet
(5 atal)
Dinosauroen mundua maite baduzu, adi honi. Zerrendako dokumental bakarra da, baina sartu egin behar izan dut, hain iruditu zait berezia. Tira, dokumental hutsa baino gehiago, dinosauroei buruzko fikziozko telesail dokumentala dela esatea zehatzagoa iruditzen zait. David Attenborough narratzaile dela –naturari buruzko zientzia dibulgatzaile handienetarikoa–, BBC Studios Natural History Unit-ek ekoitzia eta Hans Zimmer maisuaren soinu bandaren laguntzaz 66 milioi urte atzera eramango gaitu –Kretazeora alegia–, lan ikusgarri honek, bost habitat ezagutzera: “Kostaldeak”, “Basamortuak”, “Ur geza”, “Mundu izoztuak” eta “Basoak”.
Teknologiaren eta efektu berezi fotoerrealisten laguntzaz, errealitatearen mugak lausotzea lortzen duen lana da, aho zabalik uzteko modukoa.
For All Mankind
(3 denboraldi, bakoitzak 10 atal)
Gerra Hotza Ilargian. Horrela laburbilduko nuke telesail honen mamia. Istorioa errealitate alternatibo batean hasten da garatzen, non sobietarrek Ilargira iristeko lasterketa amerikarrei irabazten dieten. Ukronia batean kokatzen gaituela esan daiteke, beraz. Gertaera zehatz hori salbu, 70eko hamarkadako unibertsoa gure bera da, baina hortik aurrera tximeleta efektua bailitzan dibergitzen hasiko da, gertaera jakin horrek ondorengo hamarkadaka guztiak betiko aldatuko dituen arte.
Arrazaren araberako bereizketa, emakumearen gutxiespena, homosexualen jazarpena eta Gerra Hotzaren paranoia ere erakusten ditu. Aitzakiaren bat jarri beharko banio, ikuspegi “amerikarregia” duela esango nuke. Aurten 3. denboraldia estreinatu dute, eta 4.a ere egongo dela baieztatu dute.
Slow Horses
(6 atal)
Atal bakoitza “Strange Game” (joko arraroa) izeneko abestiarekin hasi eta amaitzen da, Mick Jaggerrek telesailerako bereziki konposatu eta historiaren espirituarekin bat egiten duen sintonia itsaskorra. Espirituarekin eta, jakina, gerora ikusi dugun tonuarekin eta giroarekin bat egiten lagunduko diguna. Slough House –Zingirako etxea– Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da. Ezkutatuta, MI5ekoa delako (barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua), eta «zingira» ezizena, bertako langileak aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako, lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak.
Taldearen burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena. Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko du Zingira eta noski Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua. Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, katu eta saguaren jokoan murgiltzen gaituen telesail adiktibo batean barneratuko zara.
Severance
(9 atal)
Aurten gehien harritu nauen proposamena eta guztietatik biribilena eta originalena zalantza, izpirik gabe. “Black Mirror” eta “The Office” telesailen elementuak koktel ontzi batean sartuko bagenitu, “Severance”-ren tankerako zerbait aterako litzateke. Lehena, gaiarengatik eta zabaldu nahi den gizarte kritikarengatik. Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi? Bigarrena, aldiz, agerikoena, ofizina batean girotzen delako, enpresa batean, eta umore dosi txikiak badituelako –“The Office” askoz ere dibertigarriagoa da, jakina, honakoa ez delako umorezko telesaila, gehiago baitu thriller psikologikotik–.
Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude –printzipioz beren borondatez–, zeinaren eraginez beraien oroitzapenek lan eremua eta bizitza pertsonala guztiz bereizten duten. Alegia, lanean dauden bitartean ez dutela bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez edo zoriontsu ala triste bizi diren, esaterako. Laneko ateak gurutzatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean, aldiz, alderantzizkoa gertatzen da.
Badakite fisikoki non egiten duten lan, jakina, beraiek hala nahi dutelako baitoaz bertara, baina ez dakite zer lan mota egiten duten, zeintzuk diren lankideak, lana gorroto duten ala ez eta abar. Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri honetan kokatzen den esperimentu ausart hau zalantzan jartzen hasten den unean, ordea, Mark misterioz beteriko espiral batean murgilduko da. Gai eta istorio original honi, gainera, Ben Stillerrek maisuki zuzentzen duen lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaio: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken, besteak beste.
Estetikoki ere txundigarria iruditu zait. Erakargarritasun nagusietako bat Stillerrek mikromundu bat sortzea lortu duela da. Departamentu bakoitza ekosistema propioa da, eta bertan barne-iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak ere gertatzen dira. Guztia da hain aseptikoa, hain txukuna, hain garbia, hain zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina hain dago faltsukeriaz betea eta hain da artifiziala, non ikusle gisa oso deseroso sentiarazten zaituen, aztoragarria izateraino. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.
Shining Girls
(8 atal)
Serieko hiltzaileei buruzko ikerketa telesail asko daude. Baita zientzia-fikziozko edo fantasiazkoak ere, non denboraren eta pertzepzioaren kontzeptuarekin jolasten duten. Bi gai eta generoak hemen bezala uztartzen dituenik, ordea, gutxi ezagutzen ditut; “Zodiac” eta “Dark”-en arteko zerbait irudika ezazu, eta emaitza “Shining Girls” izan liteke.
Kirby Mazrachi da protagonista (Elizabeth Moss). Chicagoko egunkari bateko artxibozaina, kazetari bihurtzeko ametsa bertan behera uzten duena, orain urte batzuk, ezezagun batengandik jasan zuen eraso basati baten ondorioz, ondorio psikologiko larriak utzi dizkiolako. Kirbyk jakiten duenean duela gutxiko hilketa batek bere erasoarekin lotura izan dezakeela, Dan Velazquez (Wagner Moura) kazetariarekin bat egingo du erasotzailea aurkitzeko. Krimenen mundu iluna gustuko baduzu baina zerbait desberdina ikusteko gogoz bazabiltza telesail hau aukeratu.
Pachinko
(8 atal)
“Pachinko”-ren istorioak XX. mendean zehar mugitzen gaitu Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Sunjaren begietatik egiten du bidaia hori, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua hain zabala izanda ere, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa kontatzen du, Korearen, Japoniaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean bidaiatzen duen kontakizun bihurtu arte; gerra eta bakea, maitasun eta galera… era guztietako osagarriak topatuko dituzu telesail honetan.
Hau guztia oso interesgarria izanik ere –are gehiago gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta–, gaia ez da telesail honen bertuterik handiena; urteko telesail onenetarikoa bihurtzearen arrazoi nagusia kontatzeko modua da, istorio hori, intimoa eta orokorra aldi berean, nola pantailaratu duten alegia.
Testuinguru horretaz baliatuz, belaunaldi oso baten erretratua egiten du, beren seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko sufritu eta ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena. Melodramarako joera duen garaiko drama gisa definituko nuke. Familia baten exodoaren eta identitatearen erretratua da, batez ere arbasoen kultura menderatu, mespretxatu, galdu eta erbesteratu denean.
Muntaia lan paregabeaz baliatuz, paraleloan kokatzen ditu gertaera guztiak, denboran etengabeko jauziak eginez. Hauek, nahasgarriak izan beharrean, ezinbesteko bihurtzen dira osotasuna hobeto ulertzeko, iraganaren eta orainaren arteko oihartzunak etengabe entzuten baititugu, eta batak bestearekiko duen eraginaz kontziente gara une oro. Atalak igaro ahala, solte geratzen diren hariak lotzen ditugu eta narrazio sendoari esker une emozionalak eta estetikoak biderkatu egiten dira. Ezinbestekoa.