Ondarroako andramaixak ostiral honetan abiatuko dira Zubi Zaharraren aurrean jokatuko den umeentzako kukañarekin. Une horretatik aurrera, eta datorren asteazkenera arte, egitarau zabala prestatu du jai batzordeak herriko talde eta eragileen laguntzarekin.
Larunbatean (abuztuak 13) gazte eguna izango da eta bertan ez dira faltako karropoteoa, gazte bazkaria, gazte jokoak, txosna irekiera, erromeria eta kontzertuak. Igandean (abuztuak 14) amnistia eguna ospatuko dute, manifestazio eta falta direnen omenezko brindisarekin.
Astelehenean (abuztuak 15) Andra Mari Eguna ospatuko dute eta ohiko ekitaldiak berreskuratuk dituzte: txistularien kalejira, aurreskua, Eingo! taldearekin kalejira, pilota partidak, kale animazioa eta su artifizialak, besteak beste. Asteartean (abuztuak 16) kuadrilla eguna izango da, eta eguneko ekitaldi nagusiak marmitako lehiaketa, bertso saioa, kuadrillen bazkaria eta herri kirolak izango dira. Aurtengo jaiak asteazkenean bukatuko dira (abuztuak 17), arrantzaleei eskainitako egunarekin.
Musika arloari dagokionez, talde ezagun asko izango da aurten Ondarroan: Piztiak, Basagain Sound System, Luhartz, Orkestra Elektrotuna, Dunbots txaranga, Trikizio, Laiotz, Su ta Gar eta Gozategi, besteak beste.
Ondarroako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Zubi Zahar Ikastola, Ateun Harategia, Conservas Ortiz, Korpion, Zabala MT, Lagun Artea, Jai Braian, Anaitasuna Taberna, Ondarroako Udala.
Algortako Portu Zaharrean ere jaiak ospatzen ari dira asteburu honetan, kasu honetan San Nikolas jaiak. Egitaraua pasa den asteazkenean abiatu zen txupinazo eta kuadrillen jaitsierarekin, eta ostiral honetan (abuztuak 12) kalimotxo eguna ospatuko dute, edari famatu hau orain dela 50 urte bertan sortu zela oroitzeko. Horrela, gazte bazkariaren ondoren, omenaldia egingo zaie kalimotxoaren sortzaile izan ziren Antzarrak kuadrillako kideei.
Larunbatean (abuztuak 13) txikien eguna ospatuko da eta goiz eta arratsaldez umeen parkea egongo da zabalik, eta horrekin batera ez dira faltako kukaña txapelketak, haur jolasak, skate ikastaroa, buruhaundiak, bitsa jaia, zezensuzkoa, haurrentzako zinema eta gazte txosna.
Igandean (abuztuak 14) marmitako lehiaketa izango da goiz guztian zehar eta arratsaldez, bertso-saioa. Musika arloari dagokionez, talde hauen emanaldiak daude iragarrita: Urrats, The Binilo's, Supercremalleras, Packeme, USB Musik edota Garilak 26.
Algortako Portu Zaharreko establezimendu laguntzaileak: Cross, Iñaki Bitxitegia, Gaurko Modas, Bar Ajuria, Sustrai Taberna, Erroia Kafetegia.
Gernikan Andra Mari eta San Roke jaiak ospatuko dituzte, igandean hasi eta datorren ostegunera arte. Horrela, igande honetan (abuztuak 14) pregoia izango da 20.45ean Iparragirre Rock Elkartea eta Asier Villalibre futbol jokalariaren eskutik.
Astelehenean (abuztuak 15) Goitibehera Jaitsiera famatua berreskuratu dute (dagoeneko XLI. edizioa) eta hurrengo egunean (abuztuak 16), XXI. Sukalki Txapelketa egingo da, ondoren bazkari herrikoiarekin jarraitzeko. Asteazkenean (abuztuak 17) San Roketxuko mozorroen desfilea dago iragarrita eta azken eguna (osteguna 18) familiei eskainita egongo da, herri kirol, apar-jaia, txokolatada eta magia ikuskizunarekin.
Aipatzekoa da aurten bigarren aldiz gaueko bus zerbitzua jarriko duela martxan Gernika-Lumoko Udalak, etxerako bidea modu seguruan egin ahal izateko. Lehen esperientzia 2019an egin zen, eta orduan lortutako arrakasta ikusirik, aurten bigarren aldiz antolatzea erabaki dute. Abuztuaren 14tik 18ra egongo da martxan, 22:00etatik 06:00etara, eta orduro aterako da. Ibilbideak eta ordutegiak udalaren webgunean eta udal sare sozialetan daude eskuragarri.
Gernikako establezimendu laguntzaileak: Ospa Tabernie, Arrano Gernika, Gondra Aseguruak, Izagirre S.A., Taberna Auzokoa, Duka Moda, Argia Optika, Hozkari.
Portugaleten ere sanrokeak ospatuko dituzte, igandean hasi eta datorren asteazkenera arte. Horrela, txupinazoa igandeko arratsaldeko 20.15etan botako dute; suziria botako duena Beriztasuna taldeko Eneritz Mancisidor izango da, eta txupinero txikia June Sadaba izango da, Yamabuko Judo taldekoa. Pregoilaria, berriz, Ivan Miñambres zinema ekoizlea izango da. Eta banderaduna, 700. urteurreneko kontseilukide den Jose Hernandez «Pepillo».
Adin eta gustu guztientzako ekitaldiak daude iragarrita, eta ez dira faltako lehiaketa gastronomikoak, tartean asteleheneko pil-pil erako bakailaoaren Euskadiko XXXI. txapelketa edota sagardo eta txorizo dastaketa.
Musika arloari dagokionez, honako talde hauek daude iragarrita: Sukar, Huntza, Gatibu, La Moda, La Guardia edo Los Zigarros, besteak beste. Txosnagunean ere kontzertu egitarau zabala prestatu dute eta bertako oholtzan izango dira herriko musika taldeak, Reincidentes eta Parabellum, DJ Toruxx, Inguma eta Altxa Porru. Astelehen eguerdirako Zaünka Fest jaialdia dago iragarrita.
Portugaleteko establezimendu laguntzaileak: Bigistak, Amezcua Retail.
Larrabetzun, gazte egunaren ondoren, Andra Mari jaiak ospatuko dituzte igandetik aurrera. Txupinazoa, beraz, igande eguerdiko ordu batean botako dute, Bizkargi Dantza Elkartearen eskutik, eta arratsaldean umeentzako puzgarriak, Xaibor taldea eta Laket taldearekin erromeria izango dira.
Astelehenean (abuztuak 15), goizeko kalejira, dantza erakustaldia eta txarangaren irteeraren ondoren, arratsaldean karrozen irteera eta dantza lehiaketa izango dira, biak kuadrilla txapelketan puntuagarriak. Gaueko musika saioak Gozategi eta DJ Bullen esku izango dira.
Eta asteartea (abuztuak 16) umeen eguna izango da, ur-jolasekin eta umeen bazkariarekin. Sukalki txapelketa ere ospatuko da kuadrillen artean eta arratsaldean Gaztelumendi abesbatzaren 30. urteurrena ospatzeko kontzertua izango da. Aurtengo jaiak Zirkinik bez taldearen erromeriarekin amaituko dira.
Larrabetzuko erakunde laguntzailea: Larrabetzuko Udala.
Azkenik, Meñakan ere sanrokeak ospatuko dituzte igandetik aurrera. Txupinazoa igande arratsaldeko 19.00etan botako dute eta ondoren Santillandira igoera abiatuko da Roberto, Miren eta Idoia trikitilariekin. Iluntzean Kittu musika taldea ibiliko da tabernarik taberna.
Aselehenean herri kirol erakustaldia eta frontenis txapelketa izango dira eta astearterako, San Roke eguna, umeentzako jokoak, bertso poteoa, tortilla txapelketa eta kale antzerkia daude iragarrita. Bi eguneko atsedenaldiaren ondoren, ostiralean (abuztuak 19) itzuliko dira jaiak herri-bazkariarekin, eta hurrengo igandean (abuztuak 21) XIV. Euskal Herriko Sukalki Txapelketa izango da, Udaletxe aurreko landan.
Meñakako erakunde laguntzailea: Meñakako Udala.
Amurrio eta Laudio ere jaietan
Araban ere jaietan murgilduko diren herriak dira Amurrio eta Laudio. Amurrion, ostiral honetan bertan (abuztuak 12) botako dute txupinazoa arratsaldeko zazpiretan eta, horren ondotik, sei egunetako egitarau zabala prestatu dute –abuztuaren 17ra bitartean– herrian giro ona eta gozamena bermatuko duten gustu eta adin guztietarako jarduerez beteta: musika eta kale antzerki onena, kirol jarduerak, karroza lehiaketa tradizionala eta lehiaketa gastronomikoak, besteak beste.
Ekintza herrikoiek protagonismo berezia dute Amurrioko jaietan. Igandean (abuztuak 14), esaterako, marmitako lehiaketa gastronomikoa eta odoloste janaldia egingo dira San Anton plazan. Asteartean (abuztuak 16) koadrilen karrozen desfilearen txanda izango da eta jaietako azken egunerako bi lehiaketa gastronomiko, tortilla lehiaketa eta sukalki lehiaketa antolatu dira.
Musika-emanaldiei dagokionez, abuztuaren 13an Betto Snay eta Celtas Cortos eta 14an La Furia eta Chill Mafia arituko dira. Neomak izango da abuztuaren 15eko protagonista eta Puro Relajo taldea, Trikizio taldearen erromeria eta DJ Ruba, azkenik, San Roke egunean.
Amurrioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Amurrioko Udala, Txoko Gorri elkartea, Bideko jatetxea, adi grafic.
Laudion, azkenik, astelehen eguerdian (abuztuak 15) botako du txupinazoa Jabier Artetak, 33 urtez Udaleko Kultur eta Kirol arduradun teknikoa izandakoak, eta hortik aurrera, bederatzi egunez –abuztuaren 29ra arte– luzatuko da Udalak eta hainbat eragilek urte honetarako elkarrekin diseinatu duten egitaraua. Egun bat lehenago, igandean, pregoia irakurriko dute Jose Ignacio Goikoetxeak eta Sebastain Martinek, 30 urte baino gehiagoz Don Terencio eta Doña Tomasa erraldoiak dantzarazi dituzten herritarrak.
Musika emanaldien artean, aipatzekoak dira Mocedades (abuztuak 15), Doctor Deseo, Chica Sobresalto eta Amak (abuztuak 16), Mariachi Zacatecas eta Zea Mays (abuztuak 17), Los Chimberos eta Despistaos (abuztuak 24), Puro Relajo eta La Pegatina (abuztuak 25), La Oreja de Van Gogh (abuztuak 26), Orquesta La Fórmula (abuztuak 27) eta Korrontzi (abuztuak 28).
Txosna batzordeak ere hainbat musika emanaldi antolatu ditu, hauen artean Urrats eta Akerbeltz taldeekin erromeria (abuztuak 15), Las Sexpeare, Erroka eta Gora Etorri (abuztuak 16), Zutik, Dupla eta Erruki (abuztuak 25), Atxurre, 4 Bancos eta Dantzetan Jarrai (abuztuak 26) eta DJ Masa (abuztuak 27),
Ekintza herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute jaietan. Hilaren 26an Baserritarraren Eguna ospatuko da eta hurrengo egunean ohiko odolkiek euren usainarekin beteko dituzte Laudioko kaleak. Era berean, ez dira faltako herri kirolekin hitzorduak, hainbat espezialitatetako lehiaketa gastronomikoak eta ohiko txapelketak.
Laudioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Pinturas Reguera, Eska Ocasion, Tximeleta Boutique.