Ziortza Isasi eta Tania Calvo, emakumezkoetan, eta Jaime Romero, gizonezkoetan, Basque Teameko txirrindulariek ezin izan dute sailkapena gainditu Munichen jokatzen ari diren Europako txapelketetako banakako jazarpen proban.
Tania Calvok oraindik ez ditu aurkitu txapelketan hainbeste desiratutako sentsazio horiek, eta sailkapeneko azken postuan geratu da, 3:45.638 denborarekin. Taniak ere ez zuen oso pozik bukatu taldekako jazarpen probako parte hartzearekin, eta are gutxiago scratch probakoarekin.
Ziortza Isasi, berriz, penatuta agertu da 40ko langatik jaitsi ezin izan duelako, baina, aldi berean, proba honetako emaitzarekin pozik dagoela esan du. Elorrioko txirrindulariak 15. postuan bukatu du 3:40.473 denborarekin.
Isasi denboraldi oso mardula egiten ari da. Pistan taldekako jazarpenean eta bakarkakoan lehiatzeaz gain, Europako txapelketa hauetako errepideko bi probetan ere parte hartuko du: lineako proban eta erlojupekoan.
Bestalde, Jaime Romerok 16. postuan amaitu du, 4:26.499ko denborarekin, gizonezko proban. Astigarragakoa jardun hobearen bila irten da pistara, baina Munichera joandako komunikazio taldeari proba amaitu ondoren esan dionez, onartu behar da gainerako herrialdeak urteetara daudela, eta maila horretara iristeko lanean jarraitu behar dela.
Romero nahiko ondo atera da, baina gero, azeleratzean, bere denboraren azpitik sartu da eta azken sei itzulietan proba joan zaio.
Hala ere, Jaime Romerok Europako txapelketan parte hartu izanaren balorazio positiboa egin du. Taldekako zein banakako jazarpen-probak ikasten jarraitzeko balio izan diote, eta bigarrenean, gainera, orain arteko denborarik onena lortu du. Une honetan, onenak nahiko urrun daude, baina gipuzkoarrak uste du lanarekin errendimendu hobea lor dezakeela.