Arnaitz Gorriti

Altuna-Imazek Masterseko beheko zuloa saihesteko borrokara bidali dituzte Laso-Martija

Ligaxkako azken postua saihesteko Urrutikoetxea eta Rezustari irabazi beharko diete azken jardunaldian pilotari nafarrek. Mailaz behetik gorantz jokatu arren, neurketaren hasieran jasan duten 0-10eko partziala ezin izan dute irauli gorriek, eta Jokin Altun aren kalitateak erabaki ditu azken tantoak.

Altunaren talentuak erabaki du Azkoitiko partida bikaina.
Altunaren talentuak erabaki du Azkoitiko partida bikaina. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Ezin izan dugu partida gehiago irabazi. Mastersean maila handia dago eta  partida batzuek gainera ez ditugu oso ongi jokatu, baina azken jardunaldira topera joango gara eta ea sentsazioak nolakoak ditugun. Gaurkoan sentsazioak oso onak izan dira, baina galtzea tokatu da». Horra Unai Lasoren iruzkina Azkoitiko Gurea pilotalekuan Caixabank Masterseko ligaxkako azken aurreko jardunaldiari dagokion neurketa altuna IIIa eta Imazen aurka galdu eta gero. Hasieran oso hotz eta ezinean, 0-10eko partziala jaso dute aurreneko tantoetan eta alde horri buelta ematear geratu badira ere, ezin izan dute Masterseko bigarren garaipenik erdietsi nafarrek.

Ondorioz, azken jardunaldian nahitaez irabazi beharko diete Urrutikoetxea eta Rezustari. Irabaziz geroi, final-laurdenetako play-offa jokatu ahal izango lukete bederen, Zaratamokoa eta Bergarakoaren aurka galduz gero, berriz, kanpoan geratuko liratekeelako.

Aldiz, Altunak eta Imazek ligaxka hau aurreneko postuan amaitzeko aukerekin iritsi dira azken jardunaldira. Hiru garaipen dituzte, eta Ezkurdia eta Mariezkurrenarekin ez ezik, Jaka eta Zabaletarekin berdinduta daude sailkapenaren muturrean, baina tanto average onenarekin.

Irailaren 2an neurtuko dituzte indarrak gipuzkoarrek Irribarria eta Albisuren aurka. Hilaren 3ean, aldiz, hiruna garaipen dituzten beste bi bikoteek neurtuko dituzte indarrak eta azkenik, irailaren 5ean, orduan tokatuko zaie Laso eta Martijari alde batetik, eta Urrutikoetxea zein Rezustari bestetik, azken postu hori saihesteko dema jokatzea.

Behetik gorantz

Baina txapelketari baino gehiago Azkoitiko partidari so eginez gero, bikaina izan dela esan behar da hasteko, batez ere Lasok eta Martijak sekula ere ez dutelako etsi. Hala, hasieran oso hotz eta eskas aritu arren, azken aldean ia buelta eman diote markagailuari, baina Altunaren talentuak erabaki du azken emaitza.

Aurreneko tanto biak gorriek eginagatik, denbora tarte motzean 0-10ko partziala sartu diete arerioei Altuna III.ak eta Imazek. Alperrik eskatu dute atsedenaldia Lasok eta Martijak 2-6aren ostean, urdinak jaun eta jabe izan baitira piloteoan. Jotzaileegia izan gabe ere, Imazek menpean hartu du hasieratik Julen Martija eta aurrean Laso egonezinik, urrutitik sartu beharrean eta Altunaren erremateen menpe geratzea beste erremediorik ez du izan. Inoiz gutxitan bezala, gainera, Unai Laso ernegatuta ikusi ahal izan da, partidari neurririk ezin hartuta.

Halakoren baten, Lasok berak atzean zuloa ireki eta ezker boleaz tantoa egin ostean, amaitu da urdinen partziala, eta gorriek eurena hartu dute. Lasok berak botez atzera jotzea erabakio du, pilota bizitxoago batekin, Martijak berak ere gehiago gozartu ahal izan du, eta esan gabe doa aurrean Lasok aukerak bikain baliatu dituela, Gure pilotalekuko zaleak zutik behin baino sarriago jartzea lortuz.

Baina Altuna III.a ere ez da begira geratu eta Fernando Tapia zenak hain ohikoa zuen efektorik gabeko bi hormako batekin eten du Laso eta Martijaren tanto ilara. Hala, sakez egindako tanto bati ezker –ezker gantxoz jotako errestoa txapara joan zaio Lasori, hobeto esanda– aurreneko atsedenaldi luzera markagailua 6-12 dela iritsi da Azkoitiko partida.

Borondatearen indarra

Borondate faltarik ezin zaie egotzi ez Lasori ezta Martijari ere, atzetik 7-15 jarri direnean ere lanean berdin jarraitu dutelako. Are gehiago, itxura baten Ander Imaz giharretako arazoren batekin hasi da partida erdiaz geroztik eta une horretan Lasok are eta gehiuago zigortu du atzelari gipuzkoarra, eta Martija bera ere tarteka bizkarra erakusten hasi zaio.

Hala, bikote gorriak partidan murgildu dituen bolada harrapatu du azkenean, 13-15 hurbiltzeraino. Alabaina, arriskatu beharraren beharraz, Lasori ezker gantxo bat txapara joan zaio bete betean, urdinen lasaitasunerako.

Ez da boladarik izan oraingoan, ordea. Imaz berriz ere atzean zigortu eta gero ezker airez tanto bikaina eginda berreskuratu baitu Lasok. Masrtija ere, Diesel motorra balu bezala, partidaren hastapenetan baino freskoago eta biziago aritu da.

Baina Altuna III.a inguruan dabilenean, rtantorik ederrenari ere ordaina emateko arriskua bertan dago, eta ezkerrez zabalean, botez, bikain asko amaitu du Amezketakoak, Laso aurrez txokoan preso harrapatu ostean –Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak aurretik gurutzatzeko tentazioa eustea eskertzekoa da– eta hurrengo tantoan, berriz, 14-18koa ezarri du Altunak, defentsan lan egin eta gero, aukera sortu eta ezker gantxoz Lasori tanto sartu ostean.

Azken ahalegina

Gurea pilotalekuan «Ondo pasau Andramaixek!» abestu du aho batez partidaren azken aldiko une baten, altuna IIIak eta Imazek 15-20 aurretik jartzea lortu dutenean. Baina oraindik ondo pasatzeko aukera handiagoak aurkitu dituzte harmailak bete dituzten zaleek, gorriek azkewn ahalegina egin baitute, berdin defentsan nola erasoan.

Jakinean galduz gero Caixabank Masterseko ligaxkako azken jardunaldian Urrutikoetxea eta Rezustaren aurka hil ala bizi aritu beharko luketela, nafarrek ez dute beren patua azken karta horren eskuetan laga gura izan, eta tanto bikain askoak oparitu dituzte pilotazaleentzat, bereziki 18-20koa Lasok atzean lortu duen hura.

Ia ia ere egin dute gorriek 19-20koa, baina txokoan ia frontisaren parean Imazek eraman duen pilota gainera etorri zaio Lasori, Oiartzungo atzelariak pilotari nahita eman dion efektoa dela-eta. Hala, aurrelari nafarrari kanpora ihes egin dio erremateak, eta behin 18-21ekoa igota, eskuinez zabalean egindako dejada bikain batekin amaitu du Altuna III.ak, partidari merezi zuen kalitate zigilua ezarriz, eta bide batez, Masterseko patuak erabat ezberdinduz bikote bien artean: ligaxkako aurreneko postuaren bila irabazleak; galtzaileak azken postura erori eta zuzenean kalean geratu beharrean.

PARTIDAKO FITXA:

Laso-Martija: 18

Altuna III.a-Imaz: 22

Iraupena: 68:57 minutu. Pilotakadak: 565. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-10, 3-10, 6-10, 6-11, 6-14, 7-14, 7-15, 8-15, 13-15, 13-16, 14-16, 14-17, 14-18, 15-18, 15-20, 18-20, 18-22. Sakez egindakoak: Lasok 1 eta Altunak 2. Jokoan egindakoak: Lasok 12 eta Martijak 0; Altunak 10 eta Imazek 3. Galdutakoak: Lasok 5 eta Martijak 2; Altunak 3 eta Imazek 2. Gorabeherak: Caixabank Masterseko Ligaxkako partida, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Giro bikaina harmailetan, Andre Mari egunean. Aurreneko sakea, urdin.