NAIZ
Bilbo

Bilboko alkateak Begoñako Aurreskua dantzatu du berriro

Bizkaitarrentzat hain berezia den egun hau ospatzera hurbildu diren pertsona guztien aurrean dantzatu du Juan Mari Aburtok duela 27 urte berreskuratu eta Ama Birjinaren Eguneko ekitaldi nagusietakoa bihurtu den aurreskua, Begoñako Basilikan egindako mezaren ondoren.

Ehunka pertsona hurbildu dira Begoñako Basilikaren inguruetara.
Ehunka pertsona hurbildu dira Begoñako Basilikaren inguruetara. (BILBOKO UDALA)

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Udalaren eta beste erakunde batzuen ordezkariekin batera, abuztuaren 15ean Begoñako Amatxuri eskaini ohi zaion omenaldian izan da, koronabirusaren pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren.

Ehunka pertsona hurbildu dira Begoñako Basilikaren inguruetara 12.00ak baino minutu batzuk lehenxeago, Txistularien Udal Bandak lagundutako udal segizioaren etorrera ikusteko.

Mezaren ostean, Udal Korporazioa Bizkaiko zaindariaren omenezko elizaren ondoko zelaigunera abiatu da, eta bertan, Udal Txistulari Bandak ‘Gernikako Arbola’ jo du Gernikako zuhaitzaren kimuaren aurrean.

Jarraian, Juan Mari Aburto Alkateak ohiko Ohorezko Aurreskua dantzatu du Beti Jai Alai dantza taldearekin batera. «Talde hau duela mende erdi sortu zuen Jon Pertika dantzari bilbotarra zenak, eta honexeri zor diogu udalburuak herritarren omenez eta begirunez eskaini ohi zuen koreografia tradizional hau duela 27 urte berreskuratu izanaren meritua», adierazi du Udal Gobernuak

Aste Nagusia

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Aburto alkatea hunkituta agertu da hiriaren eta hiriko jendeen omenezko aurreskua berriz ere dantzatzeko aukera izateagatik, eta gogora ekarri ditu «pandemian hildakoak eta kaltetutako familia guztiak».

Era berean, larunbatean hasiko den Aste Nagusia «alderdi guztietan eredugarria» izatea opa du, eta «Aste Nagusian ondo pasatzera» animatu ditu herritarrak, «baina kontuz eta erantzukizunez jokatuz».