NAIZ
Donostia

Hamahiru film labur lehiatuko dira Nest Sariaren 21. edizioan

Zinema-ikasleen nazioarteko lehiaketaren historian lehendabizikoz, euskarazko bi lan hautatu dira. Hautatutako lanak herrialde hauetatik datoz: Alemania, Brasil, Txina, Kolonbia, Euskal Herria, Estatu espainola, Estatu Batuak, Estatu frantsesa, Japonia, Dominikar Errepublika, Hegoafrika eta Suitza.

Nagore Muriel Letamendiak zuzendutako ‘Erro bi’ izango da euskarazko filmeetako bat.
Nagore Muriel Letamendiak zuzendutako ‘Erro bi’ izango da euskarazko filmeetako bat. (ZINEMALDIA)

Nesten –Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren– XXI. edizioan 44 herrialdetako 160 eskolak aurkeztutako 350 filmetatik hamahiru hautatu dira, formari eta gaiari dagokienez oso aniztasun handikoak. Hautatutako lanak herrialde hauetatik datoz: Alemania, Brasil, Txina, Kolonbia, Euskal Herria, Estatu espainola, Estatu Batuak, Estatu frantsesa, Japonia, Dominikar Errepublika, Hegoafrika eta Suitza.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazten ditu. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko leku izateaz gain, Nestek ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaleku izateko bokazioa ere badu: Zinemaldiak zinemari buruz elkarrizketan aritzeko eta prestakuntza-alorraren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa faboratzeko gaitzen duen gune bat, hain zuzen.

Hautatutako hamahiru film laburrak Tabakalerako zinema-aretoan emango dira irailaren 19tik 23ra (astelehenetik ostiralera), jardueraz betetako programa batean; aurten, Nestek bere ohiko formatua berreskuratuko du, pandemiaren aurretik zuena, alegia, klase magistralekin eta ekitaldi sozialekin, eta horrek esan nahi du berriro bilduko direla zinema-eskoletako 60 ikasle baino gehiago Donostian.

Laugarren urtez jarraian, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako film labur bat barne hartuko du Nest sailak. Hala, Mikele Landa Egigurenek zuzendutako ‘Noizko basoa’ bilduko du Nestek. Gainera, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko zuzendari baten film laburra ere hautatu da: Nagore Muriel Letamendiaren ‘Erro bi’. Euskarazko film laburrak lehian ariko dira lehendabizikoz saila duela 21 urte sortu zenez geroztik.

Aukeratutako lan guztien artean, zinemaren esparruko pertsona ospetsu batez eta hautatutako eskoletako ikasleez osatutako epaimahai batek Nest Saria emango du: 10.000 euro film labur irabazlearen zuzendariarentzat.