Hondarribia eta Hibaikako nesken traineruek, ETE Liga amaitzeko oraindik bi estropada falta badira ere, lortu dute dagoeneko datorren urteko Euskotren Ligarako txartela. Zarauzko estropadan Ama Guadalupekoa gailendu da Hibaikaren aurretik eta sailkapenean harrapatu ezinezko aldea ireki dute: 109 puntu hondarribiarrentzat eta 104 Oreretakoentzat.
Itsaso petrala aurkitu dute zapatu honetan Zarautzen eta Ama Guadalupekoak hasieratik asmatu du estropada gobernatzen, Hibaika inguruan izanagartik ez baitio bere aurkari zuzenenari aukerarik eman.
«Kristoren denboraldia egin dugu», onartu du Iker Cortes, Hondarribiako prestatzaileak. «Denboraldi hasieran ez genuen horrela ibiltzerik espero, baina udak aurrera egin ahala, gero eta hobetu aurkitu gara eta sekulako estropadak egin ditugu. Neskek maila ikaragarria eman dute eta benetan pozik egoteko modukoa da», gaineratu du.
Bestetik, egun txarrik inork izan badu, hori Deustuko trainerua izan da. Tomaterako arraunlariek oraindik zer ikasia badute urak mugituak direnean eta sailkapen nagusian hirugarren postua mantentzen badute ere –horrek Euskotren Ligan azken geratzen denarekin eta Galiziako Ligako hirugarrenarekin igoerako play-offetan aritzeko eskubidea ematen du–, 82 punturekin, Zumaiak aldea asko murriztu dio.
Itsaso eskasean Zumaiak hirugarren postua bermatu du, Ondarroarekin sekulako lehia izan eta gero. Deustu, aldiz, zazpigarren posturaino jeitsi da eta ondorioz, bi estropadaren faltan –Ane Aizpururen II Oroimen Estropada igande eguerdian eta Erandioko XXXV. Bandera hilaren 28an– lau puntuko aldeari eutsi beharko dio «Tomaterak» «Telmo Deunen» aurka: 82 bilbotarrek eta 78 zumaiarrek.
Zarautzko Elkartearen Emakumeen II. Ikurriña:
1- Hondarribia 11:19.26
2- Hibaika 11:25.94
3- Zumaia 11:46.62
4- Ondarroa 11:46.73
5- Hernani 11:49.15
6- Zarautz 11:50.21
7- Deustu 12:02.67
8- Castro 12:45.89
9- Portugalete 13:18.98
ETE Liga:
1- Hondarribia 109 puntu
2- Hibaika 104 p.
3- Deustu 82 p.
4- Zumaia 78 p.
5- Ondarroa 64 p.
6- Zarautz 57 p.
7- Hernani 51 p.
8- Castro 24 p.
9- Portugalete 16 p.
San Pedro, gorantz begira
KAE 1 Ligari dagokionez, berriz, San Pedrok Zarautzen irabaztea lortu du eta garaipen horrek datorren urtean Eusko Label Ligan aritzeko play-offak jokatzeko txartela izatea bermatu dio. Denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi du Libia ontziak eta estropada bakarraren faltan –igande eguerdian jokatu beharreko XLIX Bilboko Hiria Ikurriña, hain zuzen–, 13 puntuko aldea ateratzen dio bigarren postuan dagoen Pedreñari, eta bi gehiago bigarren postu horren atzetik datorren Arkoteri.
San Pedrok bere etxeko lanak egin ditu, beraz, eta Pedreñak ere, bigarren ziabogara bidean patroiaren toletea hautsi du Joseba Fernandezek entrenatzen duen traineruak eta komeriak izan ditu ontziari buelta eman arazteko. Hala ere, kantabriarrek bosgarren amaitu dute, Arkotek baino postu bat atzerago bakarrik.
Kontua da Eusko Label Ligarako play-offetan aritzeko eskubidea KAE 1 Ligako aurreneko bien bakarrik dutela eta estropada bakarraren faltan zernahi gerta litekeela; izan ere, Pedreñak 123 punturekin ekingo baitio «denboraldi erregularreko» azken probari, bizkaitarrek 121 dituzten bitartean.
Zarautz Arraun Elkartearen XIII. Ikurriña:
1- San Pedro 21:06.04
2- Castro 21:09.04
3- Hondarribia B 21:15.32
4- Arkote 21:18.43
5- Pedreña 21:19.28
6- Zarautz 21:24.78
7- Deustu 21:29.30
8- Busturialdea 21:29.80
9- Zumaia 21:30.43
10- San Juan 21:34.18
11- Camargo 22:01.23
12 Orio B 22:08.81
KAE 1 Liga
1- San Pedro 136 puntu
2- Pedreña 123 p.
3- Arkote 121 p.
4- San Juan 104 p.
5- Zarautz 94 p.
6- Castro 89 p.
7- Hondarribia B 88 p.
8- Zumaia 74 p.
9- Deustu 71 p.
10- Camargo 43 p.
11- Busturialdea 36 p.
12 Orio B 33 p.
Lapurdiren hamargarren garaipena
KAE 2 Ligako azkenaurreko jardunaldia ospatu da larunbat arratsaldean Santoñan eta aurtengo denboraldian ohikoa den legez, lapurdiko trainerua nagusitu da. Hamargarren garaipena erdietsi dute, alajaina, eta beste behin garbi geratu da merezita igoko direla KAE 1 mailara datorren urteaan.
Askoz emozio handiagoa izan da bigarren posturako lehian Hibaika, Mutriku eta Donostiarra B-ren artean. Mutrikuarrak nagusitu dira, baina bigarren postutik laugarrenera bitartean lau segundu eskas izango dira.
KAE 2 Liga datorren asteburuan amaituko da, hilaren 27an Colindresen jokatuko den Ria del Ason Banderaren XXVIII. ekitaldiarekin.
LII. Santoñako Bandera:
1- Lapurdi 21:01.21
2- Mutriku 21:08.08
3- Donostiarra B 21:09.58
4- Hibaika 21:12.32
5- Portugalete 21:30.34
6- Astillero 21:54.21
7- Santoña 22:01.44
8- Castro 22:38.89
9- Trintxerpe 22:55.03
KAE 2 Liga
1- Lapurdi 98 puntu.
2- Donostiarra B 76 p.
3- Mutriku 68 p.
4- Hibaika 68 p.
5- Portugalete 64 p.
6- Astillero 47 p.
7- Santoña 34 p.
8- Casatro 29 p.
9- Trintxerpe 11 p.