«Lastima izan da gaur hamabi puntuak lortu ez izana, baina ez nituzke ikurriñagatik aldatuko». Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia pozarren egon da Zarauzko XLV. Ikurriñaren amaieran, nahiz eta bigarren jardunaldian Hondarribiaren atzetik sailkatu. Bi ehuneneko eskasen aldea atera dio «Ama Guadalupekoak» Bermeoko traineruari, etga hori hasiera batean, denbora ofizialen faltan, «Bou Bizkaiak» zirudien garaile.
Hala, Eusko Label Ligaren azken txanpari begira –datiorren astean Galiziara joango dira arraunlariak eta handik buelta zentratuko dira Kontxako Banderan–, sailkapen nagusiak astindu eder askoa jaso du. Hondarribia Urdaibairekiko hiru puntura geratu da eta dena dago airean. Atzeko postuei begira, berriz, zapatuan Lekittarrak bi puntu jan zizkion Santurtziri, baina Zarauzko bigarren jardunaldian «Soterak» puntu bat atera dio Isuntzari. Ondorioz, lau puntuko abantaila matentzen du «Itsasoko Amak» play-offetako postutik kanpo mantentzeko.
Itsaso mugitua egonagatik, zerikusirik ez zapatuko egoera petralarekin. Hala, traineruek askoz gehiago gozatu dute, baita tarteka olatu txiki eta biziak harrapatu ere. Horrela iritsi da oraingo honetan ere Bermeokoen atzetik aurrerako joa. Larunbateko estropadaren antzera –nahiz eta igande honetan ez den derrigortutako erlojupekorik egon, ohiko estropada paraleloa baino– Urdaibaik laugarren postuan ekin dio azken luzeari, Oriorekin borrokan; artean Hondarriia eta Donostiarra ari ziren Zarauzko Ikurriñeko bigarren jardunaldi honetako burzagitzaren bila borrokan. Azken ziaboga hartzeko momentuan, gainera, Hondarribiarentzat izango zateen trapua bera ere.
Ez da hala iza, zapatuan egin zuen antzera, Urdaibaik sekulako amaiera indartsua egin duelako. «Azken luzera arte eusten joan gara, ez gara erori, eta horregatik azken luzean jo ahal izan dugu», azaldu du Gorka Aranberrik helmugan. Olatuen laguntzaren bila Hondarribiak eta Donostiarrak borroka latza izan dute azken luzearen hasieran eta «Ama Guadalupekoa» suertatu da garaile, laugarren kaletik. Aurreneko kaletik, berriz, atzetik aurrerako lan aparta egin du Bermeoko ontziak, honek ere olatuei etekina aterata.
Azken 200 metroetan lortu du branka sartzea «Bou Bizkaiak». Hortaz erreperatuta, Hondarribiak berak ere gogotik sakatu du eta bi ehunenekoren aldeaza txanda irabaztea erdietsi du, sailkapen nagusian puntu bat behintzat murriztea lortuz. Gorka Aranberrik eraman du, ordea, ikurriña Bermeo aldera. Ez omen du ezeren truke aldatzeko.
Aldaketak atzean
Sailkapeneko atzeko aldeari so eginez gero, miraria beharko luke Aresek azken postua eta jaitsiera matematikoa saihesteko, baina kontua oso bestelakoa da play-offetako postuari hanka egiteko borrokan. Joan zen astean laga zuen azkenaurreko postua Santurtzik Lekittarraren kaltetan. Igande honetan ere, nahiz eta bezperan Isuntzak alde apur bat kendu zion «Itsasoko Amari», Santurtzik nolabaiteko aldea mantentzea erdietsi du, lau puntu buelta eman ezinezko aldea ez bada ere.
Goratxoago dabil Ondarroa, SanturtΩik baino lau puntu gehiagorekin. Alabaina, igande honetan estropada eskasa egin du «Antiguako Amak» eta azkenaurreko geratu da. Ondorioz, Cabok zortzigarren postua berreskuratu du sailkapen nagusian.
XLV Zarauzko Ikurriña, bigarren jardunaldia
1- Hondarribia 20:10.62
2- Urdaibai 20:10.64
3- Donostiarra 20:16.36
4- Orio 20:27.88
5- Kaiku 20:31.20
6- Zierbena 20:34.64
7- Getaria 20:37.14
8- Santurtzi 20:38.38
9- Lekittarra 20:38.98
10- Cabo 20.52.40
11- Ondarroa 20:52.74
12- Ares 20:56.78
XLV Zarauzko Ikurriña, orotara:
1- Urdaibai 40:50.52
2- Hondarribia 40:53.86
3- Donostiarra 41:07.42
4- Orio 41:11.28
5- Zierbena 41:35.28
6- Getaria 41:47.64
7- Lekittarra 42:04.22
8- Ondarroa 42:07.14
9- Santurtzi 42:18.22
10- Kaiku 42:18.50
11- Cabo 42.22.66
12- Ares 42:58.22
Eusko Label Liga
1- Urdaibai 172 puntu
2- Hondarribia 169 p.
3- Donostiarra 163 p.
4- Orio 148 p.
5- Getaria 101 p.
6- Kaiku 89 p.
7- Zierbena 87 p.
8- Cabo 72 p.
9- Ondarroa 71 p.
10- Santurtzi 67 p.
11- Lekittarra 63 p.
12- Ares 45 p.
Pedreña eta San Pedro, play-offetara
Bestalde, Bilboko itsas adarrean jokatu da KAE-1 Ligako azken estropada, Bilboko Uria XLIX. Ikurriña, hain zuzen. Jakina zen aurretik ere San Pedrok Eusko Label Ligara itzultzeko play-offdetarako txartela eskuan zuela, eta zeinek lagundu jakitea falta zen. Bada, Joseba Fernandezek gidatzen duen Pedreña izango da bera, sailkapen nagusian bigarren amaitu baitu, arkoterekiko puntu bakarreko aldeaz.
Arkotek eraman du denboraldiko azken estropada, baina ezin izan dio behar adinako puntu alderik atera Pedreñari. Kantabriako ontziak estu lotu du traineru bizkaitarra eta, bestalde, ezertxo ere jokoan ez duela, zazpigarren baino ez da izan «Libia».
Bilbako Uria XLIX. Ikurriña:
1- Arkote 20:17.54
2- Pedreña 20:23.23
3- Zumaia 20:33.66
4- San Juan 20:34.45
5- Hondarribia B 20:35.40
6- Deustu 20:36.53
7- San Pedro 20:50.63
8- Busturialdea 20:54.35
9- Zarautz 20:57.60
10- Castro 21:01.84
11- Orio B 21:06.78
12- Camargo 21:12.75
KAE 1 Liga
1- San Pedro 142 puntu
2- Pedreña 134 p.
3- Arkote 133 p.
4- San Juan 113 p.
5- Zarautz 98 p.
6- Hondarribia B 96 p.
7- Castro 92 p.
8- Zumaia 84 p.
9- Deusto 78 p.
10- Camargo 46 p.
11- Busturialdea 41 p.
12- Orio B 35 p.