NAIZ

PSG, Bayern, Arsenal edo Spartak Praga, Realaren arerio posibleak Txapeldunen Ligan

Irailaren 1ean egingo da Txapeldunen Ligako bigarren atariko kanporaketen zozketa eta bertan izango da Reala. PSG, Bayern, Arsenal edo Spartak Pragaren aurka jokatu beharko dute txuri-urdinek multzoen faserako sailkapena borrokatzeko. Joanekoa irailaren 20-21ean jokatuko; itzulerakoa, 28-29an.

Arsenal izan daiteke Realaren arerioa Txapeldunen Ligako atarikoan; irudian, Miedema aurrelaria.
Arsenal izan daiteke Realaren arerioa Txapeldunen Ligako atarikoan; irudian, Miedema aurrelaria. (EUROPA PRESS)

Gerturatzen ari da Realaren Txapeldunen Ligako debuta. Irailaren 20-21ean jokatuko da atariko kanporaketako lehen partida, joanekoa alegia. Itzulerakoa hurrengo astean izango da, 28-29an. Denboraldi-aurrea bere laugarren astera iritsi den honetan, kanporaketa horretan zein arerioren aurka joka dezakeen ezagutarazi da astelehen honetan.

Ideiaren bat bazeukan Natalia Arroyok zuzendutako taldeak; izan ere, PSG, Arsenal, Bayern eta Spartak Praga taldeek UEFA koefiziente altua zeukatela jakina zen eta hauek ere zuzenean bigarren kanporaketara sailkatuak zeuden, Reala bezala –beraien ligan txapeldunorde izanagatik, alegia–. Lehen zozketa multzo horretan egongo zen beste taldea zein izan zitekeen jakitea soilik falta zen eta azkenean, Real Madril sartu da, Manchester Cityri 1-0 irabazi ostean.

Hala, madrildarren sailkapenarekin, liga bereko bi talde atariko kanporaketan gurutzatu ezin daitezkeenez, aipatu gainontzeko lau taldeetako bat izango da txuri-urdinen arerioa. Multzoen fasera sailkatzeko azken kanporaketa izango da eta zortea lagun izan beharko du Realak. Txekiar Errepublikako taldearen aurka jokatuz gero, aukera errealagoak izan ditzake, PSG, Bayern eta Arsenal, egun, koska bat gorago daudela aurreikusi daitekeelako.

Izan ere, txuri-urdinentzat debuta den bezala aipatu hiru taldeak Txapeldunen Ligako finalerdiak jokaturikoak dira. Egiari zor, Arsenalek 2007an txapelketa irabazi zuenetik ez du lorpen handirik erdietsi. Iaz, final-laurdenetara iritsi zen eta arrisku handia sortu dezaketen jokalariak dauzka (Miedema eda Mead aurrelariak, esaterako).

PSG, bestalde, azken zazpi urteetan bi finaletara iritsi da, biak galdu dituen arren. Azken hiru denboralditan finalerdietaraino iritsi izanak txapelketako talde indartsuenetakoa dela arrazoitu daiteke.

Alemaniarrei dagokionez, ez dira hain beteranoak Txapeldunen Ligan. 2009an egin zuten debuta eta orotara, zazpi aldiz jokatu dute, azken seiak segidan. Iazko denboraldian finalerdietara iritsi ziren, 2019-2020an egin legez. Azken urteetan, klubak emakumezkoen taldean egin duen apostua dela-eta, Wolfsburg talde indartsuari kontuak gehien zaildu dizkion taldea izan da.

Spartak Praha txapeldunorde izan da Txekiar Errepublikako ligan, zeina 7 aldiz irabazi duen. Txapeldunen Ligan ezer handirik lortu ez badu ere, esperientziadun taldea da.

Realarekin batera, bigarren zozketa multzoan daude Roma, Ajax, Rosenborg, Hacken eta horietatik, txuri-urdinek daukate hirugarren koefiziente altuena.