Marcel Pena

«Erasoak eraso» aurrera jarraituko duela ohartarazi du Bilboko Mugimendu Feministak

Irainak, txistua bota, bultzadak, agresibitatea... Hori guztia jasan behar izan zuten joan den larunbateko manifestazio feministan parte hartu zuten emakumeek. Erasoen aurrean erantzungo duela ohartarazi du Bilboko Mugimendu Feministak.
Bilboko Arriaga plazan egindako agerraldia.
Bilboko Arriaga plazan egindako agerraldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan den larunbatean jasandako erasoen harira, Bilboko Mugimendu Feminista agertu da astearte honetan espazio seguruak aldarrikatzeko eta edozein erasoren aurrean «autodefentsa feministaz» erantzungo dutela ohartarazteko.

Bakoitzaren konpartsaren kamisetaz jantzita, ehunaka emakume bildu dira Bilboko Arriaga plazan, Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez. Bozeramaileek komunikatua irakurri dute eta bertan larunbatean bizi izan behar zuten egoera jakinarazi dute. «Bertan geunden emakumeak erasotuak izan ginen ibilbide osoan zehar: irainak, baboseoa, ukabilkadak, txistua bota, edaria aurpegira bota, bultzadak, jarrera oldarkorra, etengabeko agresibitatea...», gogoratu dute.

Bilboko Aste Nagusiko lehen gauean eta ‘¡Temblad cabrones! Beldurrak gurekin jai’ lelopean, Mugimendu Feministak manifestazio bat burutu zuen txosnagunetik zehar «kalea hartu, espazioak gureganatu eta erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugula ozen esateko». Beltzez jantzita, emakumeak txosnagunea zeharkatzen saiatu ziren, baina adierazi dutenez «lepo zegoen eta manifestaldiari tokia egitea oso zaila izan zen». Momentu honetan gertatu ziren aipatutako erasoak.

Besteak beste, manifestazio egunean feministek salatu zuten Moskotarrak konpartsaren txosnan txistua bota zietela, konpartsak berak salatu duen jarrera. «Moskatarrak konpartsatik gaitzetsi egin nahi ditugu manifestazio feminista gure txosnaren aurretik igaro zenean egondako erasoak. Erasorik eta bereizkeriarik gabeko Aste Nagusi baten alde egiten dugu», adierazi zuten astelehen honetan bere sare sozialetan.

«Ehun eraso jasan bagenituen, ehun eta bat erantzun eman genituen; elkarrekin, elkar zainduz eta gogor erantzuten aurrera egitea lortu genuen mobilizazioa bukatzea lortuz. Aurrera egiten genuen metro bakoitza garaipen bat izan zen. Erasoak eraso, gure aldarrikapenekin aurrera egin genuen, autodefentsaz baliatu ginen eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu», nabarmendu dute Mugimendu Feministako kideek.

Zentzu honetan, onartu dute «molestatzera» eta «haiek deseroso sentitzeko» atera zirela, emakumeak parrandan joaten direnean deseroso eta erasotu sentitzen diren bezala: «Nazkatuta gaude gu deseroso sentitzeaz, gu erasotuak izateaz, jaietaz ezin disfrutatzeaz... Hamar minutuz parranda zapuztu bazintugun, pozten gara! Eta argi izan molestatzen jarraituko dugula».

Azkenenik, Mugimendu Feministako kide batek zoriondu du emakumeek utzi duten gaurko argazkia: «Behar genuen gaur horrelako argazki bat, behar genuen babesa sentitu eta behar genuen ikustaraztea asko garela, indartsuak garela eta larunbatean gertatu zenak ez gaituela isildu».