Idortearen eraginez «alerta» egoeran izatetik «krisi» egoeran izatera igaro da Ipar Euskal Herria.
Gauzak horrela ura aurrezteko neurriak zorroztuko dituztela iragarri du ostegun arratsalde honetan idorteari aurre egiteko Pirinio Atlantikoen departamenduan sorturiko batzordeak.
Abuztu erdialdean eroritako euriek egoera zerbait arindu badute ere ur eskasiari loturiko arriskuak ez dira inondik inora desagertu. Gauzak horrela, joan zen astean iragarri bezala, finean, Ipar Euskal Herriko 95 herritan neurri zorrotzagoak plantan emanen dituzte.
Hauek lirateke krisi mailari egokituriko neurri murriztaile nagusiak.
Baratzak ureztatzea debekatuta izanen da goizeko 8.00etatik arratsaldeko 20.00etara. Bestalde lorategiak, berde guneak eta golf partikularrak ureztatzeari buruz erabateko debekua ezarriko da.
Kirol zelaien kasuan, astean bitan ureztatu ahalko dira, gaueko 22.00etatik eta 6.00ak artean. Irizpide berdina aplikatuko zaie golf zelaiei.
Osasun arrazoiengatik salbu, lan ibilgailuen garbiketa debekatuta izanen da. Bestalde, ura berrerabiltzeko sistema duten guneetan baizik ez da posible izanen auto partikularrak garbitzea.
Segurtasun edo osasun arrazoiengatik soilik ahalko dira, bestalde, etxeetako fatxadak eta teilatuak garbitu.
Igerileku partikularrak ezin izanen dira urez bete, eta hirietako iturriak ere ez.
Momentuz ez dira neurri murriztaleak ezarriko ez etxeko ur kontsumoari dagokionez ez eta etxaldetako kabalen kasuan.
Edonola ere, uraren erabilpen arduratsuaren aldeko mezua zabaldu du bere hurrengo bilera hilaren 30an eginen duen idortearen aurkako batzordeak.
Errobi eta Aturri ibaien emaria ezinbestekoa izanik ur horniketa bermatzeko oraingoz debekatuko da ibaia horietatik ura hartzea, berdin etxe edo baserrietako beharrak betetzeko zein golf zelaien ureztatzea hobetzeko.