NAIZ
Uharte-Arakil

Indarberriturik dator Nafarroako Artzai Egunaren edizio berri bat

Uharte-Arakilek Nafarroako Artzai Egunaren 54. edizioa hartuko du igande honetan. Egun osoan zehar izanen dira ekimenak eta aurtengo ekitaldiak gizarteak planetarekin dituen «betebeharrak» nabarmendu nahi ditu.

2021eko edizioko irudia.
2021eko edizioko irudia. (Iñigo URIZ)

Igandean, abuztuaren 28, Nafarroako Artzai Egunaren 54. edizioa antolatuko dute Uharte-Arakilen. «Indarberriturik eta ilusioz beteta» prestatu ere. Izan ere, «hondatu gaituen pandemiak sorturiko ondorio anitz eta desberdinen ondoren» dator festa eguna.

Antolatzaileen hitzetan, Artzai Eguna bera egitea da «lehen sektorea lagundu eta sustatzeko ezagutzen dugun modua». Eguna luze joango da, aukeraz beteta. 10:30etatik aurrera Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako gazta lehiaketa, artisautza feria, gazta feria, Nafarroako ardi latxen erakusketa, esne gordinaren lehiaketa Latxa arrazako aziendaren Estatuko XVII.lehiaketa izanen dira.

11:00etatik aurrera, aldiz, artzain txakurren erakusketa eta XXXIII. ardi-moztaileen txapelketa. Ardiki eta gazta freskoaren dastaketa ere ez da faltako. 13:30ean lehiaketaren sari banaketa eta gazta irabazlearen enkantea izanen da, 14.30ean herri bazkaria abiatu aurretik.

Egunari txapela jartzeko, 17.00etatik aurrera Nafarroako artzain txakur txapelketa egingo da Uharte-Arakilgo larreetan.

Planetarekin ardura

Aurtengo edizioak gizarteak planetarekin dituen «betebeharrak» nabarmendu nahi ditu. «Gure bizitzan errespetuzko eta jasangarritasun jarrerak hartuz eta aurrera eramanez. Funtsezkoa da gure ingurumenarekin erlazio positiboa izaten lagunduko diguten kontzientzia hartzea eta egunerokotasunean ohitura onak barneratzea», nabarmendu dute. «Izan ere, bertatik dator gure euskarri eta jazoa; etorkizuneko belazeak, biharko artaldea eta geroko belaunaldiek sortuko duten gazta».

Hitzetatik haratago, lozazko baxera edo konpostagarria erabiliko dira eta edukiontzi errotulatu desberdinak jarri, zabor mota bakoitza dagokion lekura joan dadin eta jaiaz behar bezala gozatzeko. «Gure helburuak betetzen laguntzeko eskatzen dizuegu. Gainera, ahal den neurrian, Uharte Arakilera hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzera animatzen zaituztegu, eta taldean bazatozte, ibilgailuak partekatzera».

Edizio hau «pandemiak gelditu zuenari jarraikortasuna emateko» antolatu nahi dute. «Artzai Eguneko festakizunarekin irmotasunez jarraitzeko eta etorkizuneko artzainei arbasoen legatua den artzaintza eutsi eta gordetzea», azpimarratu dute.