Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gipuzkoarrak uger Bilboko txosnetan

Aho-zabalik ibiliko du gipuzkoarrak Bilboko Areatza, konpartsen txosnen tamainagatik zur eta xehetasunengatik lur, komiki-tira bateko protagonista balitz bezala. Umorea eta kritika dute ezaugarri konpartsek, nahiz eta denetarik dagoen 28en artean.

Hontzak konpartsak Kanpaia saria irabazi du.
Hontzak konpartsak Kanpaia saria irabazi du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbokoa ez den norbaitek, areago gipuzkoarra bada, txosnak ikusten dituenean harritzen duen lehenengo gauza haien tamaina handia eta kopurua da, muntaia horrek guztiak eskatzen duen ahalegina eta auzolana. «Zenbat jende egongo da honen atzean?», pentsatuko du. Bigarrena, bilbotarren umorea. Aste Nagusian Areatzatik paseatzea —egunez, ahal bada— komiki-tira batean sartzea bezalakoa da. Konpartsa bakoitzeko bineta bat, satira, ironia eta aldarrikapenez josita.

Zergatik ez onenetik hasi? Objektiboki esanda, zeren lehenengo konpartsa honek jaso du 2022ko Aste Nagusiko txosna onenaren Kanpaia saria. Hontzak konpartsak, nola ez, kritika eta umorea erabili du astebetez bere aterpea den karpa apaintzeko. Aurtengoan, jeltzaleak izan ditu jomugan. «Jaungoikoa eta Lagi Zarra Money Making Machine», irakur daiteke panel batean eta, ondoan, EAJren logoa duten hainbat engranaje ikus daitezke. Entxufe pila bat dituen instalazio bat ere bai, «Basque Jeltzale Entxufe Energy System» izenpetu dutena. Han dira, konektatuta, EiTB, Kutxabank, Euskaltel, Petronor eta bestelako sozioak.

Saltsa bila zubia gurutzatu eta Gogorregi konpartsa ikusi nahi duenak, ez du saltsarik topatuko, igual gogorregia egingo zaio, gatzgabea. Han dira, isolatuta, ghettoetan bizitzera ohituta ez daudenak. Ikurriñak, Ukrainako bandera eta «I am basque» handi-handi, euskara modernoan.

Beraz, hobe Areatzan segitzea eta, horrela, Hontzak konpartsaren ondoan aurkituko du paseariak purpurinaren erresuma, Raffaella Carrá bozgorailuetan preso eta paretan pop art bihurtuta duen konpartsa: festa fantastiko-fantastikoa eskaintzen duen txosna. Arrosa eta sutsua da Pinpilinpauxa, beti bezala bogan, animal print ukituekin aurtengoan.

Hau Pittu Hau! konpartsa euskaltzalearen txosna. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Hau Pittu Hau! konpartsa euskaltzalearen txosna. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Satorrak circus-en alde batean, mitiko bat ageri zaio gipuzkoar aho-zabalari –harriduraz, eta ez asperduraz, aho-zabalik–, Hau Pittu Hau! konpartsaren euskal errepublika, mundu etsi bat erakutsiz, NATO, Iberdrola edo Gamesak zartatua, baina ez hargatik festarako gogorik gabe. «Gorputz disidenteetan, hizkuntza disidenteak!», ohikuatzen dute bere paretek. Beste aldean apustu etxeen inguruan mintzatzen da Trikimailu, zelatariari galdezka: zer fitxa arriskatuko duzu gaur? Familiarena, lagunena, osasunarena ala lanarena?

Bizizaleak, Sinkuartel eta Mekauen konpartsek osatzen dute hirukia. Eguzkitsu ageri da lehena nuklearren aurka, edukatu, «ez, eskerrik asko» esanez. Estatu espainiarreko Defentsa aurrekontua salatzen du bigarrenak: «40.000 milioi euro baino gehiago gerrarako». Eta Mekauenek dantzatzera deitzen du internazionalismoa bultzatzeko. Aurreskua Argentinan eta chacarera Euskal Herrian, agian.

Atzerago daude Kranba eta Piztiak, San Nikolas eliza bizkarrean dutela, bata bizitza gozatzeko aholkuz beteta, rokodromo ta guzti, Marijaiari bostekoa emateko adina alturakoa; besteak lehoi-ukabila borrokarako prest eta «muuuural» bat zezenketen kontra.

Kranbaren txosna, San Nikolas elizaren aurrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Kranbaren txosna, San Nikolas elizaren aurrean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Irrintziri, Eulia

Denetarik dago Bilboko Areatzan, noski, eta dena ez da aldarrikapena, eskubideak, ekologismoa, internazionalismoa, euskara ala politika. Irrintziko karpa zuri-gorria dago, eta horrek nolabaiteko galbana eragingo die futbolzale ez direnei, eta amorru apur bat erreazale probintzianoei. Nahiz eta, agian, ezkutuko estrategia bat den Aste Nagusian giputxirik gabeko eremu bat sortzeko, eskala handian idatzitako topiko batek iradokitzen badu ere denok itsasontzi berean nabigatzen dugula –«ez naiz perfektua, baina euskalduna naiz, eta hori gauza bera da»–. Agian arrazoi hauengatik, edo zerikusirik ez duten beste batzuengatik, txosna honek jaso du aurten Eulia saria, konpartsa itsusienari dagokiona.

Ohartarazpen bat soilik Bilboko konpartsen ibilbidea egin nahi duen gipuzkoarrari: ez hartu txosna bakoitzean trago bat, 28 dira eta. Ala Bilboko txosnetan uger egiten ikasi.