
Milaka lagun bildu ditu Bilboko Aste Nagusiko egun garrantzitsuenean ‘Etxera bidea gertu’ leloarekin egin den mobilizazioak, presoen eskubideen alde. Sarek eta Bilboko konpartsek antolatu dute, elkarlanean.
Martxan da manifestazioa, kale bazterrean jendetza zain protestaren buruaren atzetik eskubideen aldeko martxara batzeko. pic.twitter.com/Eb8oATYUj0
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) August 26, 2022
Moyua Plazatik abiatu da manifestazioa, txalo artean. Bilbo erdialdeko zenbait kale nagusietatik ibiltzeari ekin aurretik, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak egungo egoerari erreparatu diote, goxoak eta gaziak aipatuz: «Aurrerapausoak eman dira baina oraindik 50 bat preso daude Euskal Herritik kanpo», gogorarazi du Atxak, ezer baino lehenago.
Auzitegi Nazionalak kaleratzeei zein gradu progresoei jartzen dizkien oztopoak gogora ekarri ditu gero. Sareren bozeramaileek esan dutenez, epaileen «ideologia askatasuna» onargarria da, baina hori ezin da inolaz ere «presoen aurka eta legearen kontra erabili». «Ez da onargarria Euskal Herritik 500 kilometrora dauden eta salbuespen-organo judizialetako kide diren epaile eta fiskalen jarrera. Haien jarrerarekin, behin eta berriro mespretxatzen dute gure gizartea, zeinak urteak baitaramatza erakusten posible dela bizikidetzarantz aurrera egitea; ahaztu gabe, bai, baina gorrotorik gabe», gaineratu dute.
«Mendekuan oinarritutako justizia hori» da, Sarek deitoratu duenez, Auzitegi Nazionalak ezartzen duena, «espetxeetako tratamendu-batzarrek gradu-progresioen inguruan edo espetxeko baimenen inguruan hartzen dituzten erabakien kontrako errekurtsoak jartzen dituenean».
Aldagai positiboen artean, «biktimen posizionamendua» nabarmendu dute, izan ere, «gero eta biktima gehiago daude, ahots propioz, giza eskubiden alde». Ostiral honetako manifestazioak ere «ideologia desberdineko» jendea erakartzen duela ospatu du Atxak.
Protestaren bitartean, euskal preso, iheslari eta deportatuak kaleratu edo etxeratzeko aldarriak zabaldu dituzte lau haizetara milaka lagunek.
Aste Nagusiak aldarripenak ozenago entzunarazteko aukera ere ematen du, milaka hauek erakusten ari diren bezala. pic.twitter.com/KfYP10TvY3
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) August 26, 2022
«Konponbide justua» denentzat
Udaletxearen aurrean bukatu da manifestazioa eta han, talaia batera igota, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileak mobilizazioan parte hartu duten lagunei zuzendu zatzaie. Balioa eman diote, lehenik, ostiral honetakoa bezalako ekimenei esker lortutakoari: «Benetako datua da pertsona askok, leku askotan, gauza txikiak egiten, hasiera batean zailak ziruditen egoerak aldatu ahal ditugula».
Mobilizatzeko gaitasun horrek ekarri du, Sareko bozeramaileen aburuz, gaur egun euskal presoak Euskal Herritik hurbilago egotea –presoen %70a, azpimarratu dute–, beraz, bide horretan jarraituta, «politika, elkarrizketa eta akordioak bateratu» behar direla nabarmendu dute, «ideologia ezberdinak dituzten, baina egoera aldatzeko gogoak elkartzen dituen pertsonekin partekatuz kalea».
Alta, lorpenak garrantzitsuak izanagatik ere, «ezin dugu guardia jaitsi», ohartarazi dute Azkarragak eta Atxak, euskal presoen %28a etxetik urrun baitago oraino, Gobernu espainiarrak orain lau urte salbuespen egoerari amaiera emateko konpromisoa hartu bazuen ere. «Ezkutuko zer arrazoi dago, 30 urte baino gehiago luzatu den urruntze politikarekin, oraindik ere euskal presoak Daroca, Zuera, Madril, Villabona, Leon edo Palentziako espetxeetan egoteko?», galdetu dute.
Preso, deportatu zein iheslarientzat, «konponbide justua» galdegin dute Sareren eledunek.
Mobilizazio honen osteko hurrengo urratsa erantsi du Sarek; Donostian urriaren 8an egitekoak diren mobilizazioa eta kontzertu erraldoia. Bertaratzeko gonbitea luzatu die herritarrei bozeramaileek.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa @sare_herritarra -ren bozeramaileen hitzak martxaren amaieran. Urriaren 8an Donostiara joateko deia luzatu du Azkarragak. pic.twitter.com/vhbSDkxzrb
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) August 26, 2022

El portavoz del PNV en Getxo abre una crisis tras acusar al personal de una pérdida millonaria

Ziklista baten heriotza eragin zuen istripua salatu eta «errespetua» eskatu dute Usurbilen

Las consecuencias económicas del rearme de Europa

Fallece un hombre de 55 años durante las tareas de extinción de un incendio en Hondarribia
