NAIZ

Santxikorrota, Bardeetan urriaren 2an egingo den euskararen aldeko lasterketa

Urriaren 2an Santxikorrota lasterketa egingo da Nafarroako Bardeetan. Agerraldia izeneko elkarteak antolatu du euskararen aldeko ekimen hau, eta 400 korrikalari biltzea espero du.

Inoiz ez da oinezko lasterketarik antolatu Bardeetan.
Inoiz ez da oinezko lasterketarik antolatu Bardeetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Santxikorrota. Hala deitzen da urriaren 2an Bardeetan Agerraldiak antolatuko duen herri lasterketa. Elkarte honen helburua da Nafarroako hegoaldean «euskararen ezagutza bultzatzea, erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzea».

«Euskararen alde, natur giro osasungarrian, Nafarroako hegoaldean bildu nahi ditugu mendi lasterkariak», diote komunikabideei bidalitako dosierrean.

Azaldu dutenez, Santxikorrota XV mendeko bidelapur ezaguna zen, «Cascantetik ihes egin behar izan zuena norbait hiltzeagatik eta Bardeak izan zituen babesleku. Euskalduna izanen zen ziurrenik, bere izena euskal jatorria izan baitezake: Santxo (‘iko’ diminutiboarekin) + errota. Cascanteko errotaria zen, hain zuzen ere, gure Santxikorrota».

«Legez kanpokoa izanik, pertsonaia honek behin baino gehiagotan ibili izan beharko zuen lasterka Bardeetan, soldaduak atzetik zituela», adierazi dute; eta, ohartarazi dutenez, inoiz ez da oinezko lasterketarik antolatu Bardeetan, «bere dimentsio erraldoiaz izututa ziurrenik. Erronka polita beraz».

Lasterketarik dagokionez, antolatzaileek nabarmendu dute ez duela inolako helburu ekonomikorik, «dirurik ez galtzearekin aski dugu», eta sari ekonomikorik ere ez da izanen. Izen ematean ordaindu beharrekoa ere ahalik eta xumeena izanen da, lasterketaren gastuei aurre egiten laguntzeko adinakoa.

400 korrikalari biltzea espero dute. Hauek bi ibilbide egin ahal izango dituzte, bata 21 kilometrokoa eta bestea 10 kilometro ingurukoa. Ibilbide luzeko lasterkariak Santxikorrota izeneko kaskoaren oinetik abiatuko dira goizeko 11.00etan, eta ibilbide laburreko lasterkariak Castildetierra ezagunaren oinetik, ordu berean.

Parte hartzaileek debekatuta izanen dute irteera puntuetara euren ibilgailuekin hurbiltzea. Arketaseko kiroldegiaren ondoan dagoen zabalgune batetik 10.00etan aterako diren autobusetan iritsiko dira. Izen ematea lehenagotik internetez egina izan behar dute, eta autobusera igo aurretik jaso beharko du korrikalari bakoitzak bere dortsala.