NAIZ

Gizon bat zauritu dute Bilbon, borroka batean labankada bat jasota

Gaur goizaldean bi pertsona talderen arteko borroka batean gizon bat arma zuriz zauritua izan da. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Bestalde, azken 24 orduetan 26 pertsona atxilotu ditu delitu desberdinak direla eta.

Gizon bat zauritu da goizalde honetan Bilbon, borroka batean labankada bat jasota, Lakuako Gobernuko Segurtasun saileko iturriek baieztatu dutenez. Gertakaria larunbat goizeko seiak eta bost inguruan izan da, Bizkaiko hiriburuko Pio Baroja kalean, tranbiaren geralekuaren parean.

Antza denez, bi pertsona talderen arteko borroka izan da, Pio Baroja kale inguruan gertatutakoa, eta gizon bat arma zuriz –edo kristal motaren batez– zauritu dute, azaldu duenez. Zauritutako gizona Gurutzetako ospitalera eraman dute, jasandako lesioak artatzeko, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Bestelako salaketak

Bestalde, Ertzaintzak salaketa bat jaso du ziztada kasu batengatik, ospatzen ari diren jaien testuinguruan. Honen arira, poliziek jakitera eman dute duela egun batzuk ziztadak ematen ibili zen pertsona bat identifikatzea lortu dutela; honen kontrako salaketarik ez zegoen. Aipatzekoa da ia egunero ematen ari direla zitada kasuak. Esaterako, aurreko egunean beste bi salaketa jaso zituen Ertzaintzak.

Guztira, azken 24 orduetan, 26 pertsona atxilotu dituzte eta 5 lesio-delitu, 28 larderiaz egindako lapurreta eta 143 ebasketa erregistratu dira Bilbon, Aste Nagusiaren azken asteburuan.