NAIZ

57. Durangoko Azokako izen-emateak irailaren 1ean zabalduko dira

57. Durangoko Azokako izen-emateak ostegunean, irailaren 1ean, zabalduko dira. Abenduaren 7tik 11ra egingo da aurtengo edizioa eta aurten, berriro ere, Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuko du eta hasiera emango dio egitarauari abenduren 7ko goizean.

Itziar Ituño iazko Azokan. Musukorik eta ilararik gabeko edizioa izango da 2022koa.
Itziar Ituño iazko Azokan. Musukorik eta ilararik gabeko edizioa izango da 2022koa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Abenduaren 7tik 11ra egingo den Durangoko Azokako izen-emateak ostegunean, irailaren 1ean, zabalduko dira, Azokak berak aurreratu duenez.  Kulturaren plazan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek irailaren 1etik 30era bitartean izango dute horretarako epea. Egitaraurako proposamenak aurkezteko, aldiz, ostegunetik urriaren 15ra arteko epea izango dute.

Izen emateak www.durangokoazoka.eus webgunetik egin beharko dira.

Edizio berria abenduaren 7tik 11ra bitarte ospatuko da eta, Durango, euskal kulturaren plaza bilakatuko da, kulturzaleen eta sortzaileen topagunea. Bost egunez euskal kultura eta sortzaileak gertutik ezagutu, kultur ekoizpenak eskuratu, euskal giroaz gozatu eta, euskal kultura ardatz dela, harremanak eta esperientziak bizitzeko aukera izango da.

Horrez gain, beste urte batez, online dendak jarraipena izango du, parte-hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kulturzaleei erosketa ahalbidetuz. Hortaz, aurtengoan ere erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean parte hartuko dute Durangoko Azokan.

Egitaruan parte hartzeko

57. edizioko egitarauan parte hartzeko epea irailaren 1ean zabalduko da ere. Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia.

Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, bai euskara hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak ere. Ahotsenean parte hartzeko irizpideak honakoak izango dira: 2022. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskaraz izatea.

Irudienean Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak... Kabi@ gunea digitalaren plaza izango da beste urte batez, eta teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egingo dira: hitzaldiak, jokoak, tailerrak...

Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak... Szenatokian pieza dantza eta antzerki pieza laburrak aurkeztu ahal izango dira.

Zalantzarik izatekotan, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora mezua bidal daiteke.

Ikasle eta hezitzaileen eguna

Bestalde, aurten, berriro ere, Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuko du eta hasiera emango dio Durangoko Azokako egitarauari. Abenduren 7ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza anitza izango dute. Aurtengoan, gainera, ikasleez gain hezitzaileentzako jarduerak ere antolatu dira egun horretan eta hori izango da berrikuntza nagusiena.

Diziplina ezberdinez osatutako egitaraua antolatuko da egun horretarako.
Ikasle Goizeko tailerretan izena emateko epea ostegunean zabalduko da eta urriaren 15era arte egongo da zabalik.