NAIZ

Independentzia aldarrikatuko du Sortuk Donostian estropaden bigarren igandean

‘Independentziarako indarra’ lelopean manifestazioa deitu du Sortuk Donostian estropaden bigarren igandean (irailak 11). Mobilizazioa 13.30ean abiatuko da Bulebarrean, asteazken honetan jakitera eman dutenez.

‘Independentziarako indarra’ lelopean dator aurtengo deialdiak, argazkiak irudikatu duen babes zabalarekin.
‘Independentziarako indarra’ lelopean dator aurtengo deialdiak, argazkiak irudikatu duen babes zabalarekin. (Andoni Canellada | Foku)

'Independentziarako indarra' lelopean eta «errotikako aldaketaren alde» manifestazioa deitu du Sortuk Donostian estropaden bigarren igandean (irailak 11). Hitzordua 13.30ean da Bulebarrean.

«Independentziarako indarra ez da aldarri soil bat: guztia alda dezakeen indarraz ari gara, guztia alda dezakeen borrokaz eta herri gogoaz. Eta, ez dugu aldarrikapenetan soilik geratu nahi; bide horretan, arraunak hartu eta paladak elkarrekin ematera goaz», nabarmendu dute asteazken honetan egin duten agerraldian.

«Garai ezegonkor eta larriak ari gara bizitzen: atzeraldi ekonomikoa, energia krisia, gerra amaigabeak, aurpegi askotariko indarkeriak, gatazka politikoaren iraganeko korapiloetan kateatzeko saiakerak... Baina, ezin dugu etsipenean erori: herri honek ziaboga oso bat behar du, euskal herritarrok kolorez eta ilusioz betetako eraldaketa bat nahi eta behar dugu. Eta hau da momentua, komunitate sena berpiztu eta herri honen zimenduak berritzeko paladak indarrez emateko. Nola herri honen biziraupenerako, hala herritar ororen bizi baldintza duinak bermatzeko ere», gaineratu dute.

«Krisiei aurre egin beharra dago, bai. Eta printzipio argi batekin: ezin dituzte betikoek ordaindu, emakumeek, gazteek, pertsona arrazializatuek, pentsiodunek, langileek. Eta horretarako, berehalako neurriak hartu beharra dago: pertsonak, ekonomia, enplegua eta soldatak babestu eta jendartearen ongizate energetikoa bermatuko dutenak. Gaurko paladek, badute beraz, ez hain urruneko ipar hori», erantsi dute.

«Euskal Herri libre, sozialista, feminista, euskalduna, ekologista, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabea... Hor dago gure iparra, hor dago jarraituko dugun itsas-argia. Eta, ez gara itsasoaren eta haizearen egoera hobetzeko zain egongo. Gu, dagoeneko, ari gara paladak ematen. Burujabetzak eskuratzera eta eraikitzera bidean, datozen hilabeteetan emango dugun palada bakoitzak gerturatuko gaitu independentziaren itsas-argi horretara», aldarrikatu dute.

«Arraunaldi eta ziaboga horrek bestelako lidergo bat eskatzen du, nola Euskal Herrian hala Gipuzkoan ere. Eta guk argi daukagu: ezker independentismoak gidatu behar du arraunaldi hori, ziaboga hori. Azken urteetan erakutsi moduan, herri honentzako alternatiba oso bat eta proposamen zehatzak ditu ezker independentismoak. Eta, ikasturte politiko honetan, aldeko olatua sortzeko aukera parez pare dugu irekita, gipuzkoarrok, gogoz astinduko ditugu arraunak», esan dute.

«Itsaso mugitu honetan ez dago ezer idatzita, eta bandera jokoan dago. Guri ere badagokigu idaztea, kolorez marraztea, anbizioz, ilusioz eta indarrez. Ez gara aldarrikatzeaz bakarrik ari, guk idaztea nahi dugu, marraztea nahi dugu. Hori da gure borrokaren esentzia, epika, herri hau herritarrokin eraikitzea, egitea, herria egitea», azaldu dute.