NAIZ

Parekidetasuna bultzatzeko 80.000 eskola agenda banatuko ditu Emakundek DBHko ikasleen artean

Emakundek 80.000 eskola agendatik gora banatuko ditu DBHko ikasleen artean. Horien helburua da emakume eta gizonen arteko parekidetasunean eta errespetuan sentsibilizatzea, eta autonomian eta aukeratzeko askatasunean oinarritutako harremanen alde egitea, rol eta estereotipo sexistak baztertuta.

Emakunderen eskola agenda.
Emakunderen eskola agenda. (IREKIA)

Emakundek 80.000 eskola agenda baino gehiago banatuko ditu iraileko lehen egunetan DBHko ikasleen artean. Parekidetasuna eta errespetua bultzatu nahi ditu, autonomian eta aukeratzeko askatasunean oinarritutako harremanak, rol eta estereotipo sexistak alde batera utzita. Balio horiek sustatzeko ikastetxeak giltzarri direla ikusten du erakundeak; hortik ekimena.

2022-2023 ikasturteko eskola agendak berdintasunarekin eta pertsona guztiekiko errespetuarekin lotutako eguneroko egoeretan eragiten duten mezuak biltzen ditu, besteak beste, bizitza proiektuak aukeratzeko askatasuna, nesken gauzak eta mutilen gauzak daudela ezartzen duten estereotipoak desagerrarazteko beharra, zaintzak pertsona guztien bizitzan duen garrantzia eta zaintza lanak banatzeko premia, aniztasunaren errespetua eta pertsonen autonomia indartzea.

Halaber, gorputz perfektuen tirania salatzen du, autoestimua eta ahalduntzea bultzatu, neska ala mutil izan sentimenduak adierazteko beharra dugula ohartarazi, neska eta mutilen arteko adiskidetzea eta enpatia bilatzen du, eta emakumeek historian egin dituzten ekarpenak goraipatzen ditu.

Gainera, ekainaren 15ean aurkeztu zen ‘Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko herri itunaren’ hamar puntuak jasotzen ditu agendak. Erakundeak eta herritarrak Emakunderen webgunearen bidez atxiki daitezke itun horretara.