BABESLEDUN EDUKIA

Udako jaiak ez dira oraindik amaitu

Euskal Herriko jaiak ez dira abuztuarekin amaitu. Irailean oraindik ere herri eta auzo asko murgilduko dira jaietan, hauen artean Lekeitio eta bere Antzar Egun famatua edo Elorrixo eta bere ferixa nagusiak. Baita Plentzia, Santurtziko Mamariga auzoa, Zestoa eta Otsagabi ere, beste askoren artean.

Bi urteren ondoren, irailaren 5ean berriro itzuliko da Antzar Eguna Lekeitiora.
Bi urteren ondoren, irailaren 5ean berriro itzuliko da Antzar Eguna Lekeitiora. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Lekeition puntualki hasi dituzte San Antolin jaiak, irailaren 1ean, kuadrilen jaitsiera eta Pedro Zabalak, jai batzordeko kideak, botatako txupinazoarekin. Ostiralean, irailak 2, San Antolin edo «Alkondara zuri» eguna ospatuko dute, ohiko kalejira, prozesio, kirol txapelketa eta bertso saioekin.

Zapatua (irailak 3) «Tutiliklas» eguna izango da, domeka (irailak 4) paella eguna eta astelehena (irailak 5), herritarrentzat hain berezia den Antzar Eguna. Hiru mende t'erdi dira jaia dokumentatuta dagoela, baina seguraski askoz ere antzinagokoa da.

XX. mendearen amaieran utzi egin zioten bizirik zeuden antzarrak erabiltzeari eta hildakoak erabiltzen hasi ziren, animaliak sufritu ez zezan. Urte batzuk beranduago, 2014an, txalupa batzuk Gaiker IK-4 zentru teknologikoak sortutako gomazko antzar berezia erabiltzen hasi ziren eta aurten, gomazkoak bakarrik erabiltzeko erabakia hartu du Udalak ahobatez.

Astelehenan, beraz, eguerdiko 12:00etan, antzar jaian parte hartuko duten txalupei zenbakia emateko zozketa egingo da plazan –2019an 95 txalupak hartu zuen parte–, eta antzarren jaia 16:00etan hasiko da, jarraian masta-puntakoa jokatzeko. Egun luze hau Skakeitan, Trikizio eta Oxabi taldeen musikarekin amaituko da.

Aurreko urteetan bezala, egun honetan jende kopuru handia espero da eta horren aurrean segurtasun neurri bereziak hartu ditu Udalak jaia ondo baino hobeto irten dadin. Aurtengo egitaraua, hala ere, datorren ostegunera arte luzatuko da (irailak 8).

Lekeitioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Axa Aseguruak (Maria Teresa Elkoro), Seijo Pinturak, Talleres Arbaza, Zumaran Arrainak, Kakor Dastategia, Plaza Okindegia, Galarrena Kultur Elkartea, Cartonajes Erabil.

Lekeitiotik mendebaldera itsasertzeari jarraituz, Plentzian ere San Antolin jaiak ospatzen ari dia aste osoan zehar. Egitaraua pasa den martitzenean (abuztuak 30) abiatu zen, Antolintxu eta Madalentxuri egindako harrerarekin, eta ostiral honetan (irailak 2) txupinazoa botako dute goizeko 10:00etan, asteburuko ekitaldiei hasiera emateko.

Zapatuan (irailak 3) marmitako lehiaketa ospatuko da goiz guztian zehar eta domekan (irailak 4) tortilla eta entsalada lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute herriko haur eta gazteek. Arratsaldeko mozorro lehiaketaren ondoren, Antolintxu eta Madalentxu agurtzeko kalejira egingo dute eta jaiei amaiera emango zaie zezensuzkoen entzierroarekin.

Plentziatik mendebaldera jarraituz, Santurtziko Mamariga auzoan ere jaiak ospatuko dituzte bi urteko etenaldiaren ondoren. Jai hasierako pregoia ostiral honetan izango da (irailak 2), arratsaldeko zortziretan, aurten Itsasoko Ama eskolako ikasleen, Mamarigako Kultur Etxeko bertso eskolaren eta Baobat elkartearen eskutik.

Zapatuan (irailak 3) hainbat ekitaldi berezi daude iragarrita, hauen artean kuadrillen kantu poteoa, «bertso tupper» bazkari herrikoia, tortilla lehiaketa eta suzko sardinak. Domekan (irailak 4) sardinera eta arrantzale eguna ospatuko dute marmitako lehiaketa eta itsas azokarekin, eta egitaraua datorren ostiraleko gazte egunera arte luzatuko da (irailak 9).

‪Mamarigako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Antolin Joyeros‬, ‪Taxka Taberna.‬

Elorrioko txupinazoa eta pregoia larunbat honetan izango dira, irailak 3. (Juanan RUIZ / FOKU)


Elorrion, aurten bai

Bizkaiko barnealdera jauzi eginez, Elorriok Ferixa Nausikoak ospatuko ditu bi urte luzeren ondoren eta hamar egun luzez. Txosnagunearen irekiera ostiral honetan egingo bada ere (irailak 2), txupinazoa eta pregoia zapatu arratsaldean izango dira (irailak 3), aurten Kainabera gobernuz kanpoko erakundearen eskutik.

Aurtengo egitaraua irailaren 12ra arte luzatuko da eta aipatzekoak dira domeka honetan bertan (irailak 4) iragarrita dagoen abere, nekazaritza eta artisau azoka. Astelehenean (irailak 5) koadrilen arteko bazkaria egingo da; datorren zapatuan (irailak 10), sukalki eguna –behi-okelaz prestatuta–; domekan (irailak 11) munduko-zaporeak ekitaldia, herri-kirol jaialdia eta bertso-saioa; eta astelehenean (irailak 12), idi-proba txapelketa.

Musika arloari dagokionez, aurtengo ferixetan hainbat talde famaturen emanaldiak entzuteko aukera izango da, besteak beste, Aiaraldeko Sound System, Sonakay, Puro Relajo edota DJ Reimy.

Elorrioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Parra Taberna, Portalekua Taberna, Xelai Taberna, Elorrioko Udala.

Zestoa eta Otsagabia

Bizkaia alde batera utzita, Zestoa eta Otsagi dira iraileko jaiak berreskuratuko dituzten beste herrietako batzuk. Zestoan, asteburu honetan gazte eguna eta txistularien alardea ospatu ondoren, txupinazoa datorren asteazkenean botako dute (irailak 7), Itxaropena Dantza Taldearen eskutik, eta hurrengo egunean (irailak 8) ospatuko dute jai egun nagusia. Meza nagusiaren ondoren, udal ordezkariek ohiko dantzaurrea eskainiko dute eta jarraian Zestoako Bandaren kontzertua izango da.

Egitaraua hurrengo igandera arte luzatuko da (irailak 11) eta ez dira faltako umeentzako ekitaldiak edo zekorketak eta zezen bolaztatuak, baita paella lehiaketa, kuadrillen arteko jolasak, txakolin dastaketa edo artzain txakurren Gipuzkoako Txapelketa ere.

Musika arloari dagokionez, honako taldeak arituko dira Zestoako jaietan: Zestoako batukada, Etxekalte, Rodeo, Vulk eta DJ Elba (larunbatean, irailak 3); Mugi Panderoa (irailak 7); Rudeska, Nikotina eta DJ Bull (irailak 8); Laket (irailak 9); eta DJ Davila (irailak 10). Horrekin batera, ostegun eta ostiral arratsaldeetan hainbat kontzertu izango da estazio aldean "Gurea kultura" egitarauaren barnean.

Zestoako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Zestoako Udala, Aranburu Landetxea.

Otsagabin, azkenik, jaiak aurreratzea erabaki zuten 2019an egindako herri-galdeketan, eta iraileko lehen asteburu honetan ospatuko dituzte, hilaren 1etik 5era hain zuzen. Hala ere, hilaren 7 eta 8an Muskildako Ama Birginaren eguna ospatuko dute eta Otsagabiko dantzariek ohiko emanaldia eskainiko dute.

Osteguneko txupinazoaren ondoren, beraz, ostiral honetan (irailak 2), Atharratze herriarekin senidetze eguna ospatuko dute. Eguneko ekitaldirik nagusiena arratsaldeko dantza ikuskizuna izango da, non Eaurta, Atharratze eta Otsagabiko dantza taldeak arituko diren. Jarraian, Trikidantz taldea, gaitariak eta The Lio taldearen emanaldiak izango dira.

Larunbateko egitaraua (hilak 3) txikientzako entzierro eta jolasekin hasiko da. Eguerdian kalderete eta paella lehiaketak izango dira, eta arratsaldez, herri kirol jaialdi bikaina izango da Ori frontoian Iker Vicente, Julen Alberdi, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariekin eta Luis Errekondo eta Lierni Osa harrijasotzaileekin. Daniel Vicente eta Eneko Saralegi aizkolariak australiar erara arituko dira. Eguna Mala Pekora, Bastardix eta DJ Semberen musikarekin amaituko da.

Igandea (hilak 4) txikienen eguna izango da eta arratsaldeko esku pilota jaialdiaren ondoren, Puro Relajo eta Edelweis musika taldeen txanda izango da. Astelehenean, azkenik, mus eta briska txapelketak, auzoetako bazkaria eta Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia daude iragarrita.

Otsagabiko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Orhipean Eraikuntzak, Gartxo Elkartea.