Unerik egokienean lortu dute Urrutikoetxea-Rezustak euren Masterseko lehen garaipena eta puntu bakar hori nahikoa izango dute play offean egoteko, azken jardunaldian lortutako garaipen hori Laso-Martijaren aurka eskuratu baitute eta nafarrek ere puntu bakarra eskuratu dutelako bost jardunaldietan.
Eta hori, Bizkarreta-Gerendaingo aurrelariaren hasiera on bati eskerrak, nafarrek aurre hartu dutela markagailuan. Errematean eraginkor aritu da egungo Buruz Buruko txapelduna, baina horretarako arriskuak ere nahi baino gehiago hartu behar izan ditu Baikokoak, piloteoaren ekimena Rezustarena izan baita gehien gehienean. Lehen atsedenaldi luzera aurretik heldu dira afizionatuetan ere elkarrekin aritzen ziren nafarrak, baina partidak aurrera egin duen eran, Rezustak gero eta gehiago agindu du piloteoan. Bergarakoa izan da partidako onena, baina Mikel Urrutikoetxeak ere lan itzela egin du, bere atzelariak irekitako zuloei etekina ateraz. Gutxigatik, ez da Lasoren egindako tantoetara heldu (10-11), baina Zaratamokoa ere oso eraginkor aritu da eta beste asteetan kontra izan zuten zortearen zigorrik gabe, aurrera egitea lortu dute.
Altunak denbora gehiago behar du
Bestalde, Aspek gaur ohar bidez jakitera eman duenez, Jokin Altunaren eskuin izterreko zuntz hausturak hobera egin du, baina medikuek uste dute oraindik goizegi dela kantxetara itzultzeko eta hortaz, astelehenean ez du Mastersean jokatuko Lekeition iragarria zuen partida. Bere ordez Danel Elezkano ariko da Imazen aurrelari gisa Irribarria eta Albisuren aurka, lehen posturako erabakigarria izan daitekeen lehian.
FITXA TEKNIKOA:
Laso-Martija: 17
Urrutikoetxea-Rezusta: 22
Pilotakadak: 611. Iraupena: 64 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-3, 7-3, 7-4, 8-4, 8-5, 10-5, 10-7, 11-7, 11-8, 12-8, 12-12, 13-12, 13-15, 14-15, 14-17, 16-17, 17-18, 17-22. Sakeak: 1 Lasok eta 1 Urrutikoetxeak. Egindakoak: 11 Lasok, 1 Martijak, 10 Urrutikoetxeak eta 4 Rezustak. Galdutakoak: 4 Lasok, 3 Martijak, 3 Urrutikoetxeak eta 1 Rezustak. Gorabeherak: Caixabank Masterseko ligaxkako jardunaldia Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan hasi da.
Antiguako finalak prest
Afizionatu mailan, larunbat honetan goizez jokatuko dira Antiguako txapelketaren 74. edizioko finalak, goizeko 11etatik aurrera. Nesketan, Leire Garai gasteiztarrak eta Amaia Aldai dimoztarrak jokatuko dute elkarren aurka eta bizkaitarra irtengo da faborito gisa.
Mutilen promesen mailako finalean Beñat Zubizarreta-Unax Landa Unai Amiano eta Eneko Belokiren aurka ariko dira, hasiera batean oso berdindua ikusten den partidan. Bi bikoteak oso bolada onean heltzen dira finalera eta final laurdenetako ligaxkan elkarren aurka aritu ziren orain gutxi. garaipena Amiano-Belokirentzat izan zen 22-17ko emaitzarekin.
Eta nagusien mailan protagonistak Igoa-Apezetxea eta De la Fuente-Irurita izango dira. Bi bikoteek ez dute partidarik galdu txapelketa osoan eta hala jarraitu nahiko dute. Bi aurrelariek badakite zer den promesa mailan txapela janztea eta orain nagusien mailakoa nahi dute.