NAIZ

Auto berria entregatzeko batez beste sei hilabete behar dira, 2019an baino sei bider gehiago

Covid-19ak eragindako hornidura krisiak, batez ere mikrotxipenak, auto berriak entregatzeko denborak luzatzea ekarri du. Pandemia aurretik bataz bete hilabete bat itxaron behar zen auto berria hartzeko; orain, berriz, sei hilabete.

Hornikuntza krisiak auto berrien entrega sei hilabeteraino atzeratu du.
Hornikuntza krisiak auto berrien entrega sei hilabeteraino atzeratu du. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gaur egun, auto berria entregatzeko batez besteko denbora 2019koa baino sei aldiz handiagoa da. Atzerapena hilabete ingurukoa zen orduan eta sei hilabetekoa orain, Faconauto kontzesionarioen elkarteen patronalaren datuen arabera. Hornidura krisiak, batez ere mikrotxipen faltak, eragina izan du.

2020an covid-19aren pandemia lehertu ondoren nazioarteko horniketa kateak haustearen ondorioz sortutako pieza eskasiak atzeratu egin du auto berrien ekoizpena.

Orduan, Mendebaldeak ia gelditu egin zuen jarduera ekonomikoa koronabirusaren hedapena geldiarazteko, eta horrek eskaeraren gainbehera eragin zuen, munduko logistika goitik behera aldaraziz.

Ondoren, osagaien eskaria lehertu egin zen, eta, oraingoz, eskaintza –batez ere mikrotxipena– ez da gai izan eskatu adina ekoizteko. Ukrainako gerrak eta energiaren garestitzeak ere eragina daukate autoen ekoizpenean.

Sumauto-ren datuen arabera, auto elektrifikatuen kasuan, erositako ibilgailua jasotzeko behar den itxaronaldia luzeagoa izan ohi da, batez besteko zazpi hilabete bitarteko atzerapenekin. Errekuntza motorrak dituzten ibilgailuentzat, berriz, bost hilabete behar dira, mikrotxip gutxiago behar baitira ekoizteko.

Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako markek gehiago nabaritzen dituzte krisi honen ondorioak, hornitzaile propiorik ez dutelako; Asiakoek, berriz, beren kanalak dituzte, eta ekoizpen arazo gutxiago izaten ari dira.

Ibilgailu berriak jasotzeko itxaronaldi luze horiek, aldi berean, bigarren mailako autoen merkatua bultzatzen ari dira. Halere, eskaintza urria da merkatu horretan ere, eta horrek prezioen igoera nabarmena dakar.

Matrikulazioak

Merkatuaren moteltzea matrikulazioetan islatzen da, urte honetan %9,4 jaitsi baita 2021. urtearen aldean. 2019ko mailarekin alderatuta, pandemia aurreko urtean, %40 jaitsi dira salmentak. Sektoreak suspertzeko duen zailtasuna erakusten du horrek.

Faconautok espero du 830.000 unitateren matrikulazioekin ixtea 2022ko ekitaldia, aurreko urtean baino %3 gutxiago (859.000 ibilgailu).