Atzo, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe eta institutu publikoen ikasturte hasieraren bezperan, behin-behineko milaka irakaslek ez zekiten zein ikastetxetan lan egin behar zuten. Ordezkagunean, irakaskuntza publikoan aldi baterako lanpostuak kudeatzeko erabiltzen den plataforman, arazo tekniko bat izan zen astelehenean eta, horren ondorioz, edozein motatako eta iraupeneko lanpostu hutsak esleitzeko prozesua atzo errepikatu behar izan zen.
Astelehenean hautagaiek telematikoki plazak aukeratu beharra zuten, baina «arazo teknikoak» izan ziren aitzakiarekin, Lakuako Hezkuntza Sailak prozedura bertan behera utzi zuen. Horri buruz, Twitterreko erabiltzaile batek, Lehen Hezkuntzako irakaslea denak, honela kontatu zuen astelehenean bere esperientzia: «Gaur milaka hautagai egon gara orduz ordu abisu berririk zegoen kontsultatzen, zain, ea inongo berririk zegoen. Orduz ordu planak aldatzen joan dira, harik eta arratsaldeko azken orduan gaurko komeria guztiek ezertarako balio ez dutela jakin dugun arte».
Lakuak, beraz, atzoko egunera aldatu zuen plaza eskatzeko hitzordua –asteartea jaieguna izan baitzen–. 12.00etatik 15.00etara arteko tartea zegoen hasieran, baina Hezkuntza Sailak web orria berriro erori zela onartu, arazo teknikoa 16.30 aldera konpondu eta 20.00ak arte luzatu behar izan zuen plaza aukeratzeko tartea. Gainera, Jokin Bildarratzen sailak Ordezkagunearen web orri berean adierazi zuenez, atzoko eskaintzan parte hartu nahi zuten hautagaiek «plazen eskaera egin beharko dute berriro, eta ez dira inola ere mantenduko irailaren 5eko eskaintzan bidalitako eskabideak».
Hezkuntza Saileko iturriek Efe agentziari adierazi ziotenez, «azken egunetan sortu diren 2.300 lanpostu hutsen zati baten esleipenean» izan zuen eragina arazoak.
Era berean, «arazoa errepikatzen ez bada», «ordezkoek bihar [gaur] zein ikastetxetan lan egingo duten jakiteko denbora» badagoela baieztatu zuten. Hori guztia, kontuan hartuta ordu eta erdi inguru behar dela aukeratutako lanpostuak modu telematikoan betetzeko, eta, amaitu ondoren, irakasleek beste ordu eta erdi edo gehiago itxaron behar dutela lanpostuaren berrespena SMS eta posta elektroniko bidez jaso arte.
Lakuak argudiatu zuen jabetzan plazarik ez duten irakasle gehienek –11.000 inguruk– uztailaren 15ean jakin zutela 2022-2023 ikasturte osoan non emango dituzten eskolak. Gainera, Eferi azaldu zionez, Hezkuntza Sailak abuztuaren 31n 1.000 plaza inguruko bigarren esleipena egin zuen, eta egun horretatik aurrera sortutako «azken orduko» lanpostu hutsak bakarrik geratzen ziren betetzeke, 2.300 inguru. Hala, webgunea erortzeak irakasle horietako askori eragin zien, dela ordezkapenetarako, dela ikasturte osoko lanpostu hutsetarako. Asko beren udalerritik kanpo edo beste herrialde batean ere lanpostu bat lortzeko aukera duten irakasleak dira.
Eragina plangintzan
Prozesuaren atzerapen horrek irakasleak kaltetu ez ezik, ikastetxeen plangintzetan ere arazoak eragin ditu. Bilboko Atxuriko eskola publikoko ikasketaburu Garazi Pizarrok Naiz Irratian kezka agertu zuen atzo ordezko irakasleak ez zeudelako oraindik izendatuta. «Bajan dauden edo jardunaldia murriztu duten irakasleen ordezkoak oraindik ez dituzte izendatu eta horrek prestaketa lan guztiak asko zailtzen ditu. Bihar [gaur] izango da irakasle batzuen lehenengo eguna ikasleen lehenengo egunarekin batera», azpimarratu zuen.
Ildo horretan, EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek azalpenak eskatu zizkion Hezkuntza Sailari bide parlamentario ofizialetatik, plataformak izan dituen arazoak direla eta. Arresek ohartarazi zuenez, «arazo horien ondorioz hainbat plaza esleitu gabe gelditu dira eta ikastetxeetan antolaketa arazoak eragin ditu».
Ordezkagunean gertatutako arazoez noiz jabetu den argitzeko ere eskatu zion Lakuari, baita zenbat langile kaltetu dituen zehazteko ere. Horrez gain, EH Bilduko kideak zenbat plaza geratu diren esleitu gabe galdetu zuen eta «arazoa ahalik eta arinen konpontzeko eta berriz ere ez errepikatzeko» zein neurri hartu dituen galdegin zion sailari.
Sindikatuen haserrea
Ordezkagunearen arazoek sindikatuen erreakzioa ere eragin zuten. LABek salatu zuen Hezkuntza Sailak ordezkoekiko erakutsi duen «mespretxua» onartezina dela. «Administrazioaren kudeaketa txarraren erruz, ezin izan zuten zegokien lanpostua eskuratu. Ez da esleipen prozesuan arazo teknikoak gertatzen diren lehen aldia; beraz, aurreikuspenez eta denbora gehiagorekin jokatzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari», adierazi zuen sindikatu abertzaleak.
Ildo horretan, ikasturte hasierako ordezkoen esleipena lehenago egin behar dela iritzi du LABek. «Lanpostuak lehenago esleitu behar dira eta ordezkoei ordu gehiago eman behar zaizkie lanpostuak aukeratzeko», adierazi zuen.
Kudeaketa oker honen ondorioz, «antolakuntza arazo larriak sortu ditu Hezkuntza Sailak ikastetxeetan; eta beste behin ere, ordezkoek, klaustroek eta ikasleek pairatuko dituzte ondorioak», salatu zuen sindikatuak. «Ostegun honetan, ikasle asko eskolara itzuliko dira eta ez dute irakasle eta hezitzailerik izango», gehitu zuen.
Beste ohar batean, Hezkuntza Sailak ordezko irakasleei adierazten dien «errespetu falta» gaitzetsi zuen Steilasek, eta gaineratu zuen horrek «eragin zuzena» duela ikastetxeetan.
Arazoa aurreikus zitekeela azpimarratu zuen sindikatuak eta, ildo horretan, «sistemak hobekien funtzionatzeko urratsak egin ditzala eskatzen» jarraituko duela ohartarazi zuen, «baita langileei sortutako kalteak lehenbailehen errepara daitezen ere». «Ordezkagunean izandako arazoak ulergaitzak dira», esan du Steilasek.
CCOO Irakaskuntzak ere kudeaketa hori «onartezina» dela iritzi du, eta «berehalako konponbidea» eskatu zuen Ordezkagunean erregistratutako arazoen aurrean.
Sindikatuak ohar batean kritikatu zuenez, ikasturte honetarako plazak hornitzeko prozesua «hasieratik inprobisazio argia» izan da. «Plazen ezaugarrien etengabeko aldaketekin, esleitutako beste batzuen desagerpenarekin eta prozesuen bestelako kudeaketarekin, parte hartu duten milaka pertsonen pazientzia sumintzea lortu baitute».