Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Elkarrizketa
Izaro Lestayo
Getaria Arraun Elkarteko delegatua

«Kontxarako sailkatu ginenean, entrenatzaileak momentuaz gozatzeko eskatu zigun»

Eusko Label Ligara igo berria, Kontxarako 1973az geroztik lehenengo aldiz sailkatua eta orain, gainera, ohorezko txandan. Zein da Getariaren sekretua? ˝Esperantzaren" urte magikoa argitzeko, ez dago hoberik trainerua eta kluba barrutik ongi ezagutzen dituen norbait elkarrizketatzea baino.

Izaro Lestayo, Getaria Arraun Elkarteko delegatua.
Izaro Lestayo, Getaria Arraun Elkarteko delegatua. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Modako herria da Getaria, ez arraunari lotuta bakarrik, asteon ospatu baita Juan Sebastian Elcanok gidaturiko espedizioak hiru urteren ostean munduari bira eman izana. EAEn jai eguna izendatu da balentria horren urteurrena eta Getariak gogotsu ekin dio urteroko moduan efemeride horri.

Izaro Lestayo ere bertan izan da, «Victoria» ontziaren erreplikak izan duen aurreneko emakumea izan baita Getaria Arraun elkarteko patroi ohia, egun delegatu lanetan dabilena. «Oso harro nago, noski», dio, aurreneko emakumea izateari dagokionez.

Lestayok badaki San Juango «Batelerekin» Kontxako Bandera irabaztea zer den ere, eta ez zitzaion asko falta izan gizonezkoen Getariako traineruko patroi izateko ere duela zenbait urteko Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Azkenean, Banderako antolakuntzak ez zion baimenik eman eta hortxe amaitu zen saiaketa. Alabaina, 1973az geroztik Getariako "Esperantza" Kontxarako sailkatu zen egunean, hantxe zen bere herritarrak animatzen; animatzen eta erreferentziak ematen ere.

Baina eman dezagun beste pausu bat. Agenda kontuak direla-eta, elkarrizketa hau hilaren 3an egin zen; hau da, artean inork ere ezin zuen pentsatu Getariak Kontxako Banderako ohorezko txandan lekurik izango zuenik, aurreneko igandeko buruz buruko lehian Orio bizilagunari sei segundoko aldea atera ondoren. Ala bai?

«Guk itsaso txarra nahi genuen, itsaso txarrarekin sorpresak egoten direlako, baina ez dago itsaso handirik emanda –metro erdiko olatutxoak altxatu ziren azkenean– eta haizea ere, gauza handirik ez –ipar mendebaldeko haize apur bat altxa zen–, eta ahal dela, erdiko kaletik joan nahiko genuke –bigarren kaletik egin zuen arraunean "Esperantzak" azkenean–. Baina Kontxak ura bare bare oso gutxitan ikusten da, eta ez du asko behar estropada eremu horrek urak harrotzeko», adierazi zuen, eta baldintza bat jarri zien «bere» arraunlari izan zirenei.

«Normalean aurreneko ziabogara ez gara aurrenak iristen, gure punturik ahulenak agian beti aipatzen den "watio falta" delako. Nik ez dakit hainbesterainokoa den, baina egia da ziabogara arte taldeak iraun egin behar du, eta nik uste iraungo duela. Egia da poparean Orio ere oso ona dela, baina hor dago gure punturik sendoena. Unaxek –Eizagirre patroiak– ez ezik, itsasoa irakurtzeko gaitasun handia dute gure arraunlariek eta olatuak datozela aurrez abisatzeko gai dira. Bistan da ez garela Kontxako Bandera irabazteko lehian izango, baina ohorezko txandan sartzeko borrokan, bai».

Hainbeste bai, zuk uste? Kargu hartzeko ere! –kazetari harrituaren «desafioa».

Nahi bezala. Hitzegingo dugu!

Bada, hobe izango zukeen kazetariak ixilik egon balitz eta zertaz diharduen jakin dakienari jaramon egin izan balio. Igandeko estropada izan zen horren lekuko.

«Kontxan lehiatzera beti zoaz, ez baita Ligan bezala, zure postuaren bila ateratzen zarela puntuak lortzeko. Beraz, egia da igandean urduritasunik izango dugula, baina gure urduritasunak asteazkeneko sailkapen estropadan pasa genituen. Mundu guztiak Getaria barruan ikusten zuen estropada ona eginez gero, baina noski, estropada ona egin behar zen sartu ahal izateko. Orain arraunlariek, eta guk ere bai, asko gozatzeko aukera izango dugu», azpimarratzen zuen Izaro Lestayok eta hilaren 4ko estropadak bere hitzei pisua eta arrazoia eman besterik ez zien eman. Bada, datorren igandeko estropadak, egunotan jai eta festa dabilen Getariako herriarentzat festa amaiera bikaina izan behar da nahitaez, gizonezkoen bere traineruak, Eusko Label Ligara igo berritan, egin duen lan apartari ginga jartzeko.

Zuen presidenteari –Xabier Goikoetxea– emozioa lasaitu al zaio? Gauza bat pozez malkoak ateratzea da, eta bestea, gizajoa, berbarik ezin aterata geratzea!

Nik uste oraindik pare bat asterako emozioa baduela! (barrez) Egia esanda, Xabierrek kluba barru-barrutik bizi du. Klubeko arraunlari gehienak gazteak dira eta herrikoak, eta orain arte inor askok ez zituzten oso aintzat hartzen eta egin duten blokea izugarria izan da. Xabik txikitatik ezagutu ditu arraunlari horiek, eta goraino iristen ikustea, Kontxa barruan sartzeraino, beretzat egon daitekeen saririk potoloena da.

Ez dago esan beharrik 1973az geroztik Kontxako Banderarako sailkatzeak meritu handia duela, baina agian, ez al du meritu handiagoa sailkapen estropadara sartzeko faboritoen artean egon ahal izateak?

Tira, bai. Baina egia esateko, sorpresarik handiena guk geuk hartu dugula. Egia da Eusko Label Ligan bosgarren goazela, baina Kontxako estropada berezia da eta presio hori aldean dela zoazenean, are gehiago sailkapen estropada horrekin, bera ere oso berezia delako... Arraunlariak beldur horrekin joatea normala da, ea urduritasun horren erruz estropada txarra egingo ote duten beldurrez. Horregatik, ia azkenengo momenturaino itxaroten egon ziren –sailkapena ziurtatu arte–, azken orduko sorpresak egon daitezkeelako, baina egin zutela izugarria da, estropada borobila atera zitzaielako.

Hala ere, sailkapen estropadan egin zutena ez zen uda osoan egin dutenarekiko oso ezberdina izan.

Ez, egia da. Arraunlariek bazuten buruan hori ere; hau da, beti bezala arraunean eginez gero, barruan izango zirela.

Sailkapen estropadan itsasoa ahalik eta bareen egon zedin nahiago zenuten, ezustekorik ez izateko?

Ez, guk beti nahi dugu itsasoa mugitua egon dadila. Gu ohituta gaude horrela entrenatzen eta itsaso txarra denentzat zaila bada ere, beti uste izaten dugu guretzat itsaso txarra zaila bada eta agian besteentzat oraindik eta zailagoa izango dela.

Hargatik, itsasoa bare xamar zegoela-eta ez geunden lasai, baina haize apur bat altxa zen, eta hala, estropada eremura iritsi ginenean urak pixka bat «pil-pìlean» zeudela ikusi genuen eta orduan bai, orduan «hau gurea da» pensatzen hasi ginen.

Zuk zeuk barrutik ezagutzen duzu Getariako ontzia. Ez dakit delegatu begiekin ala arraunlariaren begiekin ari zinen estropada horri begira?

Nik neuk, talde barruan banengo bezala. Mutil hauek talde bezala asko eman didatela egia da, eta hargatik Kontxara arraunlari koadrilarekin joan nintzen eta furgonetan elkarrekin joan ginen. Estropada eremuan, taldeko bat gehiago banintz bezala sentitu nintzen.

Gero bai, lehorrean geratu nintzen eta denborak guk eman genizkien patroiari, eta denbora osoan tentsioan egon ginen eta urduritasun horrekin bizi genuen estropada bera.

Ez zenion Unax Eizagirreren lekua hartzeko gogorik izango?

Ez (serio). Traineruan joateko gogoa sartu zitzaidan, bai, baina ez Getariarekin une horretan. Unax sekulako patroia da eta odolak traineru baten sartzeko tira egiten bazuen ere, ez gure taldearekin, egin duten denboraldia eta gero. Hori bai, niri arraunak asko eman dit eta pila bat gustatzen zait, eta itsasoa nola dagoen, barruan joateko gogoa sartzen zait. Baina horraino.

Eusko Label Ligan debuta egin duzue eta maila salbatu baino gehiago ere bai. Baina zuen kasuan bereizgarria ia gehienak harrobitik ateratako arraunlariak dituzuela da. Batez beste zortzi urte eta erdi daramate klubean eta batez besteko adina –36, 39 eta 43 urteko hiru kide zaharrenak bereiziz gero–, 25 urte pasatxokoa da.

Ba atera kontuak duela lau urte trainerua osatu ezinik genbiltzala! Asko kosta zitzaigun trainerua ateratzea, baina osatu zen azkenean. Baina duela lau urtetik hona Jon –Larrañaga– dago entrenatzaile eta nik uste helburu guztiak bere eskutik lortu ditugula. Hasiera baten maila eutsita konforme ginen –KAE 1 Ligari buruz ari naiz–, eta han lan on bat egitea nahi genuen. Baina aurreneko urte hartan dagoeneko lan oso ona egin genuen, banderak irabazi eta guzti eginda, eta pixkanaka, lantaldea mantendu den bitartean, hazten joan gara.

Mailaz igotzea, bestalde, «boom» bat izan da, baina horrez gain, taldeak ez du kanpotik jenderik ekarri nahi izan. «Trainerua herriko jendeak osatu badu eta mailaz beraiek lortu badte igotzea, zergatik ez gara herriko jendearekin ondo ibiliko Eusko Label Ligan?», pentsatu genuen. Esatea erraza da eta emaitzak lortu egin behar dira, baina nik uste lortu ditugula.

Azken baten apustu bat egin duzue eta ondo atera da, bistan denez. Zuen eguneroko lana asko aldatu al da hala izan dadin?

Entrenamenduak oso antzekoak izan dira aurreko urteekiko, baina egia da bestalde jendeak beste jarrera bat zeukala. Eginbeharra serioago hartu du, azken baten eliteko arruanlariak baitira. Baina bestela, ezin esan ezer berezirik egin dutenik emaitza hauek lortzeko.

Ondo asimilatu dute orduan arraunlariak euren burua «elite» horretan ikustea.

Bai. Parrandak eta egitea mundu guztiari gustatzen zaio, baina arraunlariek ongi dakite eliteko kirolariak direla eta horrek ez duela barkatzen. Hankak lurrean beti, baina hortxe daudela erakutsi dute.

Beti esan izan dugu eta ikusi dugu traineruak segundu gutxiren barruan genbiltzala eta orduan akats txikiren bat eginez gero, atzean erraz geratzen da. Taldekideen artean hitzegiten egon ginen duela gutxi eta ez dut uste estropada txarrik egin dugunik, nahiz eta estropada batzuetan postu txarrak ere izan; bi paladatan kale egin dugulako edo baldintzek ez digutelako lagundu gertatu da hori batez ere.

Etorkizunari buruz galdetzeko tentazioa ematen du, baina denboraldi amaiera hau eta Kontxarako sailkatuta, lehenengo gozatzeko momentua izan behar da?

Kontxarako sailkatu eta gero, entrenatzaileak denak bildu gintuen eta «faborez, gozatu momentu honetaz», esan zigun; halaxe eskatu zigun, ez dakigulako noiz etorriko den berriro halakorik. Egia da estropada hauen guztien atzetik lan oso ona dago, bai entrenatzailearen, berdin prestatzailearen eta baita arraunlarien aldetik ere. Estropada honetan bagaude, beraiek lortu dutenagatik da.

Datorren urtera begira jarrita, ba ez dakit zer pasako den, baina taldea mantentzen baldin bada, eta taldea mantentzeko motiborik eman dugu aurten, gauza oraindik eta politagoak lor ditzakegula uste dut. Aurten, denboraldia hasterako, maila mantentzea zen gure helburu bakarra, baina ikusita gauzak oso ondo joaten ari direla, hurrengo urteari begira, gehiago lortzeko gogoa ematen du.

Eskatzea libre da, baina zuk uste Getariako traineruak gehiago emateko tarterik baduela?

Taldea aurten dena ari da ematen. arraunlari bakoitza banaka hartzen baduzu, ez dakit gauza asko egiteko gai izango liratekeen, baina talde bezala beste gauza bat da. Taldean gauzak egiteko erakusten ari diren gogoa kontuan hartuta, horrek taldea asko hazten laguntzen du. Aintzat hartu behar da ere laugarren ahaleginean lortu genuela Eusko Label Ligaras igotzea; asko kostata lortu genuen, eta oso berezia izan da guretzat goraino herriko jendearekin igotzea.

Klubak herriko jendearen aldeko apustu hori mantentzea nahi du?

Bai. Gora igotzea lortu genuenean ere batek baino gehiago gure atea jo zuen, baina nik uste Getariaren hautua aurreko urtean zegoen jendearen aldekoa izan dela eta herriko beste lau pertsonekin.

Bestalde, aintzat hartu beharko duzue beste klub batzuek zuen arraunlarien bila etorri daitezkeela.

Baliteke. Horren aurrean, ez naiz ezer esaten ausartzen, baina nik ikusten dut jendea Getarian oso gustora dagoela eta beren herriko taldearen alde egin nahi dutela apustua. Aurten bosgarren izan bagara Ligan, zergatik ez datorren ustean bigarren? Zergatik ez banderaren bat? Asko eskatzea da, baina zorte apur batekin...

Zertan da ona Getaria eta zertan du hobetzeko?

Ona, nik uste, poparean dela. Patroiak zeregin handia dauka poparean eta iruditzen zait Unaxek trainerua maisutasunez gidatzen duela, patroi onenetakoen artean dagoelako, esango nuke. Bestalde, igartzen da arraunlariek olatua irakurtzen dakitela; hau da, olatua datorrela ikusi eta abisatzen du baten batek eta bi palada horietan olatua hartu liteke.

Hobetzeko... gure arraunlariak argalak direla esaten da. Ez daukatela beste taldeek izan dezaketen indarrik edo «watiorik», baina ez nuke hain garbi hori hala denik esango.