Kontxako Bandera iritsi da azkenean bere bigarren igandera. Sarritan esan izan da aurreneko igandetik bigarrenera bidean dauden zazpi egunak urteko luzeenak direla, berdin sailkapenean lehenengo postuan dagoen traineruarentzat, baita atzetik aurrerako bidea egin behar dutenentzat ere. Hargatik, ahal dela talde guztiek astea modurik «ohikoenean» burutzen saiatzen dira.
«Ezin gara erotu. Entrenamenduei dagokienez asteak normala izan behar du eta abantaila handiagoa edo txikiagoa den bueltarik ezin diogu eman. Era berean, nolako itsasoa izango den eta zein kale egokituko ote zaigun pentsatzen ere ezin dugu bururik galdu. Badakigu Hondarribia eta Donostiarra aurkari oso arriskutsuak direla, eta zazpi segundoko aldea ondo badago ere, hutsetik hasi beharko bagenu bezala ekin behar dugu. Eta itsasoa izan dadila izan behar duen modukoa; haizea ere bai; baita zozketan dagokigun kalea ere». Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailearen hitzak dira.
Poparean emandako erakustaldia lekuko, "Bou Bizkaiak" 7,64 segundoko aldea dauka Hondarribiarekiko, eta 7,70 Donostiarrarekiko. Ekuaziotik nahitaez atera behar dira laugarren postutik atzera hurrenez hurren sailkaturiko Getaria, Orio, Zierbena, Kaiku eta Ondarroa eta, bada, Eusko Label Ligan erakutsitako nagusitasuna berretsi baino ez dute egingo Bermeo, Hondarribia eta Donostiako traineruek, bi estropada izan ezik, gainontzeko guztiak hiru ontzi hauek eraman baitituzte.
Ez da kontu txikia Urdaibairentzat bere palmareseko Kontxako seigarren trapua eramatea, azken baten 2016tik hona ezin izan baitu lortu. «Daukagun abantailan pentsatzen hasieratik irtenez gero, galtzeko guztia dugu», dio Mikel Azkarate "Bou Bizkaiako" arraunlariak. Egia da Kontxako banderaren historian sei bider baino ez dela irauli 7,64 edo gehiagoko aldea bigarren igandean, baina zazpigarren aldi hori saihestu nahian, entrenatzailearen diskurtso antzwerakoa darabil Barakaldoko arraunlariak. «Gure helburu nagusiena berriz ere estropada irabaztea da. Joan den asteko lanak emandako emaitza ikusita, gogotsu gaude gainera ea domeka noiz iritsiko, joan zen astean lortu genuena berresteko».
Hego haizea, marea beherantz dela, Euskalmeten arabera, «itsaso kizkurrarekin hondoko itsasoa eta metro erdiko olatuak» espero dira. Iñigo Sagarzazu arrunlariaren ustetan, «hiru hautagai izateak estropada are eta erakargarriago egiten du. Seguru gaude Urdaibai txanda irabaztera aterako dela, baina bi aurkari zuzen ondoan izateak urduriago jar ditzake».
Hondarribiako arraunlariaren ustetan, «ikusteko txanda oso polita izango da, eta batez ere, espekulatu gabe estropada haustera aterako gara denak. Atzetik aurrera egiteko derrigorrarekin ez ezik, aurrean eutsi beharrean ere egotea tokatu izan zait, eta badakit aurkariari ezin diozula ezertxo ere laga kanporantzako luzean. Hala eginez gero, hasierako segundu pare hori zulo handiagoa bihurtu liteke barruranzko luzean».
Hondarribiak azken hamar urteetan Kontxako Bandera lau bider irabazi du eta horietatik hainbat aldiz bigarren igandean atzetik aurrera eginez. Iaz bertan ere, aurreneko igandeko hiru segunduko zigorragatik izan ez balitz, Santurtziren aurretik geratuko zatekeen "Ama Guadalupekoa". Hargatik, lasai dago Iñigo Sagarzazu, bere taldearen aukerak ezetsi gabe. «Astea lasai daramagu lanean, gure indarretan konfiaturik eta baikor. Lastima izan zen aurreneko igandean lehenengo txandan aritu beharra; hasiera baten txanda ona hura izangio zela bazirudien ere, azkenean bigarren txandatik irabazi zuen Urdaibaik, baina orain espero dugu denak elkarrekin arraunean eginda, estropadari buelta eman diezaiokegula».
Donostiarra, bistan denez, isilago ageri da, baina zeresan handia izan lezake. Urdaibairengandik 7,70 segundora egonda, bigarren balego bezala egin dezake arraunean, sei ehun eneko aldea ia ezertxo ere ez baita Hondarribiak "Torrekua II.ari" ateratzen diona.
«Hondarribia eta Urdaibaik baino eskarmentu gutxiago dugu lehia hauetan, baina etxean garaile suertatzeko egiazko aukera bat dugu eta horrek motibazio berezia sortzen du gugan», dio, bestalde, Igor Makazaga Donostiarrako entrenatzaileak. Beste biek irabazi dute faborito izena eta gu, berriz, dagokigun rola betetzera goaz. Elkar kontrolatzen ariko dira Bermeo eta Hondarribia eta hor sar gaitezke gu», adierzi du.
Ez da ahaztu behar donostiarrek lau segundoko aldea ere izan zutela Urdaibairekiko pasa den igandean, ziabogatik atera berritan. Gero, aldiz, aztiago ibili zen "Bou Bizkaia", bere kalea defendatzeko lanetan, istribor aldera joaten ez zion laga "Torrekua II.ari", eta epailea bi ontzien tartean sartu zelarik, gipuzkoarrei kalte egin omen zien epaileen ontziak, Bermeok ihes egiteko baliatu zuen olatuaren baliokidea ontziaren eraginez ezerezean laga omen zuela-eta. «Epaileek ez ziguten poparea behar bezala hartzen utzi eta beroaldian batez ere, oso haserre utzi gintuen horrek».
Bestalde, ez da ahaztu behar Donostiarra kapaz izan zela badia barruan Urdaibairik lau segundo kentzeko. «Fisikoki ederki gaude eta buelta eman diezaiokegu estropadari. Orain arte jokatu ditugun 18 probetatik lau alditan gai izan gara zortzi segundo edo gehiago sartzeko Urdaibairi. Gure %100a eman behar dugu, baina emanez gero, ezertxo ere barkatu gabe, lor dezakegu. Beraz, gure ahalmen horretan sinetsita uretaratuko gara igandean», azpimarratzen du Makazagak.
Emakumeak, arnasaldi batean
Gizonezkoen estropadan Urdaibaik kontuan hartzeko mioduko aldea duen bitartean, Emakumeen XV. Kontxako Bandera ia arnasaldi baten aldeaz erabakiko dela dirudi. Euskotren Ligako azken estropadetan Orio nagusi izan baldin bazen, Kontxako Banderaren aurreneko estropadan Arraun Lagunak kapaz izan zen «mirotzei» beldurra sartzeko. Azkenean Nadath Agirrek gidatzen duen "San Nikolas" ontzia gailendu zen, baina 2,16 segundu gutxiegi dira Orioko arraunlariek lo hartzeko.
«Aldea handiagoa izango balitz ere, Kontxan zernahi gertatu liteke. Beraz, igandean hutsetik hasita ekingo genioke estropadari; zer esanik ez kasu honetan», dio Itsaso Azkonobieta Orioko arraunlariak.
«Kontxak berak sortzen duen urduritasun horrekin gaude, baina entrenamenduak oso onak ari dira izaten eta taldea oso ondo iritsiko da», aipatu du «mirotzen» arraunlariak.
Azkonobietak «haizearen eraginez kaleen arteko aldeak egon litezke» ohartarazten du, baina balizko alde horien gainetik, «gure lanean sinestu eta dakigun bezala arraunean jarraitzea» izango omen dira gako nagusienak estropada beren aldera ekartzeko. «Gure errendimendu onena emanda ere, gerta liteke Arraun Lagunak gure gainetik geratzea, baina gutxienez nahitaez maila hori eman behar dugu guk», dio. «Gugan uste osoa dugu eta igandean irabazteko ari gara prestatzen. Kontrakoa ere gerta liteke, baina zergatik ez dugu irabaziko?», galdetzen du oriotarrak.
Bestalde, Oriok Kontxako Bandera eramango balu, hamargarren garaipena izango luke Andrea Oubiña O Groveko arraunlariak, eta zortzigarrena, berriz, Vicky Piñeiro Cangas de Morrazokoak. Izan ere, pasa den denboraldian Arraun Lagunak nagusitu zen bai Euskotren Ligan zein emakumeen Kontxan ere, eta aurtengo urteari begira, «mirotzek» apustu latza egin dute erregetza hori berreskuratzeko, hasi Patxi Frances entrenatzailea fitxatzetik eta eliteko zenbait arraunlari, Oubiña tarteko, ekarrita.