Andoni Arabaolaza

K2 mendian sortutako zaborraren erantzuleak ikertzen ari dira

Joan den udako denboraldian, munduko bigarren mendirik garaienean jardun zuten ehunka mendizaleek utzitako 20 tona zabor atera dituzte. Gilgit-Baltistango gobernuak ikerketa abiarazi du.

Chogori edo K2 mendia (8.611 m) betirako aldatu egin da. Hori diote, bederen, aditu guztiek. Eta hori baieztatzen dute udako denboraldiak utzi dituen datu objektiboek. Bazirudien munduko bigarren mendirik garaienak ez zuela Everesten bidea hartuko. Hots, masifikazioarena. Baina batez ere Nepalgo agentzia komertzialak Karakorumeko mendilerroan sartu direnetik, egoera hori arras aldatu da. Ehunka mendizale bertaratu ziren K2-ra; hori orain arte pentsaezina zen. Eta horietatik 200 mendizalek gailurra erdietsi zuten; egun zehatz batean 145 tontor izan ziren.

Kirol ikuspuntutik datu adierazgarriena da, baina bisita horiek guztiek nolabaiteko alarma soziala piztu dute. Hondamendi ekologikoa aipatu da. Eta hori, zergatik? Bada, agentzia komertzialen pean jardun duen mendizale kopuru horrek K2 zabortegi batean bihurtu duelako. Kanpaleku nagusiaren eta laugarren kanpalekuaren artean dagoen tarte horretan  makina tona zabor pilatu zituzten. Egoera hori Everesten ikusi dugu behin baino gehiagotan, baina lehen aldia da Karakorumeko mendi horretan bistaratu dena.

Lehenbiziko salaketa Nirmal Purjak zuzentzen duen fundazioaren eskutik heldu da. Gogora dezagun, alpinista nepaldar horrek hamalau zortzimilakoak sei hilabeteko epean igo zituela, eta K2-ren neguko lehen igoera parte hartu zuela. Bada, Purjak ondoko bideo hori zintzilikatu du, eta, ikusten denez, bigaren kanpalekua erabat zikin utzi zuten. Irudi horiek ere beste kanpaleku batzuetan ikus daitezke. Horietan guztietan hondakin asko pilatuta dago: dendak, sokak, oxigeno botilak… Salaketaren berri eman duen alpinistak dio irudi horiek grabatu zituenean oso gaizki pasa zuela: «Hondakin horiez gain, txiza eta gorotza elkar nahastuta daude. Ia oka egin nuen usain horrengatik. Eta ondoan ere ustelduta zegoen janaria zegoen. Irudi nazkagarriak dira. Horren erru guztia mendizaleek dute; izan ere, sortutako zabor hori ez dute jaisten. Eta %100ean egin beharko lukete».

Purja ez da salaketa egin duen bakarra. Alpinglow Expeditons agentziaren zuzendari Adrian Bellinger haratago joan da eta eragile batzuk jopuntuan jarri ditu: «K2 mendian eskarmentu oso gutxirekin jardun duten makina bat mendizale, langile eta agentzia komertzial izan dira. Ez dute etikarik izan».

Ikerketa abiarazi dute

Egoera lazgarri horren inguruan lehen urratsa egin duena Gilgit-Baltistaneko gobernua izan da. Administrazio horrek jakinarazi du zabortegi hori sortu duten erantzuleak ikertzen hasi dela. Momentuz, aurreratu dute agentzia komertzialak erantzuleak badira, datorren denboraldirako ez dietela K2-ra joateko baimenik emango.

Bien bitartean, Karakorum Erdialdeko Parke Nazionaleko (CNKP) langileak hasi dira menditik jaisten aipatu dugun zabor hori guztia. Azken asteotan, 20 tona zakar kanpaleku nagusira jatsi eta, ondoren, erraustu dituzte. Ohartarazi dute ere, garaiera horietan lan horiek aurrera eraman ahal izateko, eskarmentu handiko alpinistak behar direla.