NAIZ

Gipuzkoako eta Arabako pentsiodunak mobilizazioetara itzuli dira

Udako oporren ondoren, astelehen honetan kontzentrazioei berriro ekin diete Gipuzkoako eta Arabako pentsiodunek. Pentsioen erosahalmenaren galerarekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaiak landu dituzte, eta 2022ko abendura arteko lan planaren berri ere eman da.

Pentsiodunak gaur itzuli dira Donostiako kaleetan manifestatzera.
Pentsiodunak gaur itzuli dira Donostiako kaleetan manifestatzera. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Bi hilabeteko atsedenaldia izan ostean, Gipuzkoako eta Arabako pentsiodunek asteleheneko mobilizazioak berreskuratu dituzte. Irailaren 5ean hasi ziren Bilbon eta Iruñean, baita herri askotan ere.

Donostiako mobilizazioan, pentsioen erosahalmenaren galerarekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaiak landu dituzte, eta 2022ko abendura arteko lan plana jakinarazi dute. Lehenik eta behin, pentsiodunek salatu dute «energiaren oligopolioek eta banku handiek mozkin errekorrak dituztela», eta beraz, «langileak eta pentsiodunok beren etekinak ordaintzen ditugu erosteko ahalmena galduz, eta gure bizi eta lan baldintzak okertuz».

Bestalde, pentsioen defizita azpimarratzen jarraitzen dute, nahiz eta frogatuta geratu den «defizit hori pentsioen sistema publikoak ordaindutako gastu desegokiak baino ez direla». «Pentsioak ez dira handiak, gero eta eskasagoak dira murrizketen erreformengatik. Soldatak, gero eta pertsona gehiagorentzat ez dira nahikoak bizi proiektu duina eta autonomoa garatzeko», salatu dute.

Pentsiodunen helburuen artean, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, benetako KPIaren igoera soldatetan eta pentsioetan, soldatetan eta pentsioetan genero arrakala desagerraraztea, pentsioen murrizketen erreformak indargabetzea eta pentsioak eta zerbitzu publiko duinak bermatzea daude.

Datozen hilabeteetako lan eta mobilizazio egutegia era jakitera eman dute. Hain zuzen ere, irailaren 26an, astelehena, manifestazioak eta kontzentrazioak bankuen eta sukurtsalen aurrean, batez ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, udaletan aurkeztu diren «bankuen mozioen» harira; urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko eguna ospatuko dute; eta urriaren 15ean Madrileko mobilizazioa bateratua espainiar Estatuko pentsiodunen mugimendu eta plataformekin batera.

Azkenean, azaldu dute azaroan erakunde sozial eta sindikalekin lan egingo dutela «erantzun masibo eta irmoa emateko».