NAIZ

C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek doan izango dute matrikula EAEko euskaltegietan

Euskarako B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzeaz gain, C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikula doan izateko. Lakuak 103 milioi euro bideratuko ditu euskaltegien finantzaziora datozen hiru ikasturteetan.

2022-2023 ikasturterako EAEko euskaltegien matrikulazio kanpainaren aurkezpena Donostian.
2022-2023 ikasturterako EAEko euskaltegien matrikulazio kanpainaren aurkezpena Donostian. (IREKIA)

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak 2022-2023 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur Donostiako Ilazki euskaltegian. ‘Euskara Musu-Truk’ lemapean egingo da aurtengo kanpaina eta gaurtik aurrera interesa duen edonork eman dezake izena. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 103 euskaltegi daude eta aurreko ikasturtean 33.185 ikaslek eman zuen izena euskaltegietan.

Matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraitu nahi du Lakuak eta B2 mailara arteko doakotasunaz gain, C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikularen balioa berreskuratzeko. Doakotasuna lortzeko beharrezkoa izango da maila horiek gainditzea. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,7 milioi euro bideratuko ditu doakotasuna sustatzera, aurreko ikasturtean baino 600.000 euro gehiago.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan guztira 39 udal euskaltegi eta 64 euskaltegi pribatu daude.

Zupiriak azaldu duenez, euskaltegi pribatuetako eta euskararen autoirakaskuntzarako zentro homologatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzearen alde egin nahi du aurten eta horretarako datozen hiru ikasturteetarako (2022-23, 2023-24, 2024-25) 90 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du. Urtez urte %7 inguru igoko da finantzaketa euskaltegi pribatuetan. «Helburua euskaltegi pribatuetako irakasleen lan-baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea da», azaldu du sailburuak.

Hobekuntza honek 64 zentrotako (58 euskaltegi pribatu eta 6 autoikaskuntza zentro homologatu) 25.697 ikasleri eta 1.005 irakasleri eragingo die.

Bestalde, euskaltegi publikoetan, udal euskaltegietan, aurreko urteetako inbertsioa mantenduko da eta Lakuak 12,7 milioi eurorekin finantzatuko ditu EAEn dauden 39 udal euskaltegiak.