NAIZ

Euskal Herriko koloreak eramateko eskubidea eskatu dute Europako Multikirol Txapelketan

Gu ere bai! taldeak pankarta bat zabaldu du ekitaldiaren aurkezpenean, salatzeko Bilbon larunbatetik aurrera egingo den proban euskal kirolariak Estatu frantsesa eta espaniarreko koloreekin aritzera behartu nahi dituztela.

Gu ere Bai! ekimeneko kideak, gaur goizean Bilbon, Aburto alkatearen aurrean.
Gu ere Bai! ekimeneko kideak, gaur goizean Bilbon, Aburto alkatearen aurrean. (GU ERE BAI!)

Gu ere Bai! taldeak protesta egin du asteazken goiz honetan Bilbon, datorren larunbatetik aurrera jokatzekoa den Europako Multikirol Txapelketaren aurkezpenean. Antolatzaileak eta agintari politikoak han zeudela, kirol ekimeneko zazpi kidek pankarta bat zabaldu dute, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko mezuarekin. Besteak beste, proban Euskal Herriko koloreekin parte hartzeko eskubidea aintzat hartzeko eskatu dute. Lakuako Gobernuari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari eta talde politikoei inplikatzeko eskatu diete bertan egindako zazpi kidek, egoerari irtenbidea topatzeko.

Honekin batera, Gu ere Bai! taldeak prentsaurrekoa egingo du ostegun honetan Bilboko Itsas museoaren kanpokaldean. Azpimarratzen dutenez, Europako triatloi Txapelketetan parte hartu ahal izateko, «ezinbestekoa da herrialde bakoitzeko uniforme ofiziala erostea eta erabiltzea. Eta ez selekzioetako edo eliteko kirolariek bakarrik, atleta popularrek ere bai, guzti-guztiak (Open frogan izan ezik)».

Hau beste modu batera esanda, «euskal kirolariok uniforme rojigualdo espainiarra edo trikolore frantsesa janztera behartzen gaituzte», salatzen du Gu ere Bai! ekimenak, zeinek, Euskal Herri osoko kirolariekin batera, elkarlanean dihardute «gure kirolariak, gure koloreak eta gure herria nazioartean onartuak izan daitezen».

Gu ere Bai! taldeko kideek adierazi dutenez, asteazken honetako protestan, hasiera batean udaltzaingo batek ez die utzi pankarta irekitzen, baina Aburto Bilboko alkatea etorri denean «baietz esan digu, nahi bagenuen irekitzeko, eta gero joateko. Hitza hartu diogu».