NAIZ

Ansoteko Ordokia natur-erreserba bilakatzeko desmartxa abian eman du Baionako hiriak

Baionako Herriko Etxeak desmartxa abian eman du hiriaren arnasgune nagusietakoa den Ansoteko Ordokia estatuko natur-erreserba bilakatzeko asmoz. Urtero 80.000 bisitari batazbeste jasotzen ditu, besteak beste, Historia Naturaleko Museoa baitan hartzen duen eremuak.

Ansoteko Ordokira bertaratu da Jean-Rene Etchegaray auzapeza buru zuen udal ordezkaritza egitasmoa aurkezteko.
Ansoteko Ordokira bertaratu da Jean-Rene Etchegaray auzapeza buru zuen udal ordezkaritza egitasmoa aurkezteko. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako hiriak 2006. urteaz geroztik kudeatzen du bere gerriko berdearen erreferente nagusietarikoa den Ansoteko ordokia.

Hiriko auzo zaharretik gertu den natur eremuan zuhaitz eta landare ohargarriak aurkitzen dituzte herritarrek.

Zazpi kilometroko bideak zabalik daude Errobiko eskuin ertzean kokatzen den eremu horretan, eta ohikoa da bertatik oinez, txirrindulaz eta baita zaldiaren gainean naturaz gozatzeko ibilbidea egiten dituzten herritarrak aurkitzea.

Bazkaltzeko mahaiak ere badaude, familiei bertan egun pasa egiteko aukera eskainiz.

Urtero batazbeste 80.000 bisitari hartzen du Ansoteko Odorkia. Lapurdi hiriburuko birikia den eremua ahal bezain ongi babesteko urrats berria eman du hiriak.

Irailaren 15 honetan naturgunera hurbildu da Jean-Rene Etchegaray auzapeza, bere ondoan, besteak beste, Trantsizio Ekologikorako auzapezorde den Laurence Hardouin eta Natur Ondarea eta Bioaniztasunaren aldeko arloko ardura duen Lionel Sevilla bere ondoan zituela.

Natura2000 egitasmoaren baitan sartua da naturgunea

Estatu mailako natur-erreserbaren izendapena lortzeko xede desmartxa abian emanen duela Lapurdiko hiriburuak jakitera eman dute udak arduradunek.

Izendapena horri esker Baionako naturgune hori babesteko «arau eta baliabide berriak» eskuratuko lituzte udalak. Eskaera aintzat hartuz gero Ansoteko Ordokia frantses estatu mailan dauden natur-erreserben sarean sartuko litzateke, eta horrek «ikusgarritasun berria» eskeiniko lioke aipaturiko berde guneari.

Gaur egun 169 eremu natur-erreserba gisara izendatuak dira Hexagono osoan.

Badira urte batzuk Natura2000 egitasmoaren baitan aintzat hartu zuten Ansoteko Ordokia, naturgune zaurgarria zelakoan.

Horrekin batera Euskal Elkargoak eta Herriko Etxeak bertze hainbat neurri hartu dituzte azkeneko bi harmadetan higizienen kudeaketa egokia bermatze aldera.

Plaine d'Ansot edo Ansoteko Ordokian naturgunean lau eraikin daude: Maison des Barthes izeneko harrera gunea, Historia Naturaleko Museoa, aditu, zientzialari eta ikasleei zuzenduriko Dokumentazio Zentroa eta Hegaztien Behatokia.

20.000 piezaz osaturiko bilduma atzeman daiteke Laugatik Ansoteko Ordokira 2010. urtean lekualdatu zuten Baionako Historia Naturaleko Museoan.

Horiek horrela, museoaren erakusketa iraunkorraren bidez lekuko ingurunea goraipatzen du museoak.

Bere lehen solairuan hezeguneen ezaugarriak aztergai dira, Errobiko inguruak eredutzat hartuta. Bigarren solairu batean, berriz, Errobi bazterrean aurkitzen den fauna eta flora ezagutzeko parada ematen da.

Azkenean, itsasaldeko Pirinioen bioaniztasuna dago ikusgai. Azken gune horretan abereak dira gehienbat aipagai. Horrela, hartza, uroila, martin arrantzalea, basahuntza, azkonarrak, miru beltza eta pinpilinpauxa disekatuak ere ikusi daitezke.