NAIZ

'Kiroletik, bagoaz euskaraz', Lakuak eta federazioek euskara sustatzeko hartutako konpromisoa

'Kiroletik, bagoaz euskaraz' lelopean hartutako konpromisoaren arabera, pilota, errugbi, gimnasia, txirrindularitza eta surf federazioek euskarako formakuntza emango die etorkizuneko entrenatzaileei.

Lakuako eta federazioetako ordezkariak, Donostian.
Lakuako eta federazioetako ordezkariak, Donostian. (IREKIA)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskarazko formakuntza eta euskararen sustapena eta kudeaketa bultzatuko ditu bost kirol federaziotan, Euskadiko Kirol Federazioen Batasunarekin (EKFB) lankidetzan. Hain zuzen, Euskal Pilota Federakuntzarekin, Errugbi Federazioarekin, Gimnastika Federazioarekin, Txirrindularitza Federazioarekin eta Euskal Herriko Surf Federazioarekin hasi da lankidetza.

Hala jakinarazi dute ostiral honetan Donostian egin den prentsaurrekoan Gasteizko Gobernuko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskadiko Kirol Federazioen Batasuneko kudeatzaile Leire Gerenabarrenak. Bost federaziootako ordezkariak ere bertan izan dira.

'Kiroletik, bagoaz euskaraz' lelopean hartutako konpromisoaren arabera, pilota, errugbi, gimnasia, txirrindularitza eta surf federazioek euskarako formakuntza emango die etorkizuneko entrenatzaileei. Helburua da entrenatzaileak erdigunean jartzea, beraiek direlako ondoren kirolari gazteenengana iristen direnak.

Zehazki, lankidetzaren helburuak lau dira: prestakuntza (federazio bakoitzak gutxienez hastapen mailako entrenatzaile ikastaro bat emango du urtean); hizkuntza prestakuntza (entrenatzaile ikastaroarekin batera, hizkuntza estrategien modulua antolatu eta eskainiko du federazio bakoitzak); hizkuntzaren kudeaketa (federazio bakoitza erakundearen kudeaketan hizkuntza-faktorea txertatzen hasiko da, hizkuntza egoeraren diagnostikoa egin eta kudeaketa berria diseinatuta); eta sustapena (egitasmoan parte hartuko duten federazioek alorrean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egingo dituzte, EKFBren koordinazioarekin).

Helburuak lortzeko bidean lanean hasita daude jada Euskadiko Kirol Federazioen Batasuna eta bost federaziootako arduradunak, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 100.000 euroko dirulaguntza emango dio EKFBeri egitasmoa bideratzeko.

Euskara eremu guztietan

Zupiriak gogorarazi duenez, «Gobernu Programak biltzen du hizkuntza eskubideen erabateko bermerantz aurrera egitea eta euskara gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea. 2020-2024 aldirako helburuetako bat da. Eremu sozioekonomikoa eta lan eremua, ingurune digitala eta aisialdia eta familia transmisioa dira hurrengo urteetako erronka handiak euskararen normalizazioa lortzeko».

Bere iritziz, aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan euskararen erabilpena zabaltzeko «gakoa» da kirolaren arloa. «Hain zuzen ere, 18 urte bitarteko gazteen euskararen erabileran eragiteko asmoz aurkeztu zuen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021. urtean 'Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana'. Egitasmoak, besteak beste, kirolean aritzen diren 18 urte bitarteko gazteen entrenatzaileen prestakuntzan eragin nahi du entrenatzaile ikasketak euskaraz bultzatu», gaineratu du.

Kirol federazioek dute zenbait kirol diziplinatako entrenatzaile ikastaroak emateko eskumena, eta, Zupiriak adierazi duenez, «euskararen erabilera areagotzeko entrenatzaileengan eragin nahi bada, behar-beharrezkoa da kirol federazioekin akuilu lana egitea. Eta horretan erabat bat gatoz Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta Eusko Jaurlaritza».

«Kirol federazioetan zenbat eta gehiago eragin hizkuntzaren ikuspegitik, orduan eta eredugarriago izango dira kirol hori praktikatzen duten klub eta kirolarien begietara eta, horrenbestez, euskararen erabileran eragiteko aukerak biderkatuko dira», nabarmendu du.