San Mateo Torneoko lehendabiziko partida jokatu da igande honetan Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta Dario eta Zabaletak osaturiko bikoteak lehendabiziko puntua eskuratu du finalerdietako ligaxkan.
Urrutikoetxea eta Imaz hartu dituzte mendean hasieratik menderatu duten norgehiagokan. 4-5eko tantoarekin partida hautsi eta beste lau tanto segidan egin dituzte urdinek, Darioren fintasuna nabarmenduz. Bi tanto jarraian egin da apur bat hurbildu dira gorriak baina berriro ere hiru tanto segidan eginda partidan nor zen nagusi argi utzi dute Dariok eta Zabaletak. Lehendabiziko atsedenaldi luzera 8 tanto eginda joan da Ezcarayko aurrelaria. Guztira 14 tanto alde zituela bukatu du partida eta estatistika horixe izan da, hain zuzen ere, partidako datu erabakigarriena. Alde horretan, Urrutikoetxea makalago aritu baita.
Bigarren zatia parekatuago hasi da baina gorriei nekeza egiten zitzaien aldeak murriztea. Hala, atsedenaldia eskatu dute 10-16 galtzen zioazela, berandu baino lehen erreakzio bat bilatu asmoz. Geroztik, Imaz Zabaletari ondo eusten hasi da eta 4-0ko partziala ezarri dute gorriek, markagailuko alde bi tantora murriztuz.
Unerik erabakigarrienean sartu da partida baina urdinek ez dute aurpegirik galdu eta 1-6ko partzialari esker, San Mateo Torneoko lehen puntua eskuratu dute. Urdinen 17. tantoan min hartu du Imazek, kolpearekin beldurtu eta bazirudien ezin izango zuela jarraitu baina arazorik gabe bukatu du dema Oiartzungo pilotariak.
Partida bukaeran Zabaletak onartu du azken bi partidetan jokatzeko modua apur bat aldatu duela, azkenaldian jokatzen ari diren pilotekin «oso gustora» ez dabilelako. Konfiantza falta izan daitekeela ere adierazi du baina gehienbat, «soltatzen hasten» denean pilota urrutira joaten ez dela ikusita, gutxiago soltatu eta pilotari «altura ematen saiatzen» ari dela esan du.
Astelehen honetan B multzoko lehendabiziko finalerdia jokatuko dute Ezkurdia-Rezusta eta Jaka-Mariezkurrena II.ak.
Arrizabalaga-Capellan vs. Aldai-Erasun, finalean
San Mateoko emakumezkoen finala jada erabakita geratu da asteburu honetan Arrizabalak eta Capellan bikoetak Larrarte-Oses 22-12 mendean hartu ostean. Aldai-Erasunen aurka jokatuko dute finala hurrengo asteburuan.
Capellanen herrian jokatu zen bigarren finalerdia, Santo Domingon, eta harmailak txalo hotsez bete ziren herriko pilotariaren pilotakada bakoitzean. Gainera, pilota mistoko finalerako txartela lortzeko zoria izan zuen, hein handi batean, aurrelari gisa Olatz Arrizabalaga bikain bat izan zuelako aldamenean. Azken asteetan eskuekin izan dituen arazoak gaindituta, Gernikakoak partida bikaina jokatu zuen, molde guztietako tantoak lortuz. Saketik hainbat pilota sartu zituen, baina ezkerrez erakustaldia eman zuen pilotak zabalera moztuz eta txokoan dejada latzak eginez. Dena irten zitzaion eta txapela kentzeko moduko tantoak lortu zituen.
Aurrean, Miren Larrartek partida ona jokatu zuen, baina ez zuen Olatz Arrizabalaga gelditzeko modurik topatu. Gainera, gernikarrak zabalera ondo moztutako pilotakada batzuk era harrigarrian itzuli zizkion, bere etsipenerako. Oses ere atzean defendatu zen, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen, entregatutako pilota bakoitza Arrizabalagak bikain amaitzen baitzuen.
Harmailak erabat bere alde zituela, Andrea Capellanek presioa nabaritu zuen bere gainean eta ez zuen jasotako laguntza guzti hori egoki bideratzen jakin. Bost pilota joan zitzaizkion goiko koltxoira eta beste bi edo hiru behekora. Urduritasunak lotu egin zuen atzelari errioxarra eta kirioek ez zioten ohi duen mailan jokatzen utzi, baina ez zuen horren beharrik izan, Olatz Arrizabalaga ikusgarri batek ez zuen eta arazorik izan finalerdia aurrera ateratzeko.
Aste honetan Najeran eta Santo Domingo de la Calzadan ikusitakoaren arabera, final ikusgarriak espero dira hilaren 24rako Logroñon.