Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Arantza Santesteban
‘918 gau’ filmaren zuzendaria

«Gutasun bat artikulatu baino nahiago nuen espazioak ireki eta ezer ez ixtea»

Zinemagile iruindarrak proposamen zorrotza eta zintzoa aurkeztuko du gaur Zinemaldian. Ikusteko erraza ez den film esperimentala proposatuko du: kartzelako bere bizipenak eta esperientziak, oso ikuspegi pertsonal, biluzi eta politikoan eskainiz.

Arantza Santesteban, film zuzendaria.
Arantza Santesteban, film zuzendaria. (Jon URBE | FOKU)

Distantzia hartu eta zinema ikasketak egin ondoren, kartzelatik atera eta sei urtera, argazki eta gutun artxiboa arakatzean, konturatu zen hor bazuela oinarri bat bere barne erresumari ahots bat emateko, oso kontuan hartu beharreko eta Euskal Herrian (ez)ezagun den errealitate baten beste ertz eta arantzak erakusteko.

Ausarta den aitorpen batetik abiatzen da zure filma: krisi, «krak» edo arroztasun sentimendu batetik.

Orain ‘krak’ edo ‘krisi’ hitza jartzen diot, eduki dudalako denbora hori elaboratzeko. Ohartu naiz arroztasun sentimendu hori, kartzelan egonezin handi batekin bizi nuena, esperientzia militante ezberdinetan, politika oso zentroan duten bizitza askotan egon dela: kosta egiten da aitortzea, baina kargu egin behar dugu, badu dimentsio politikoa. Prestatu behar ditugu beste narrazio eta espazio batzuk ezinegon horiei bidea, lekua, izena, laguntza... emateko.

Bada aldarrikapen moduko bat ere: zalantza-dantzarena. Zalantzan jarri, zalantzak jorratu... Hortik sortzen direlako arrazoi(bide) berriak.

Suely Rolnik, “Esferas de la insurrección” liburuaren egilea, niretzat erreferentzia bat da. Berak dio kode kultural batzuen jabe garela eta horren arabera deszifratzen ditugula gauzak. Ezker abertzalekook badaukagu kode kultural bat, badaukagu errepertorio bat, irudiena, leloena, etikarena, arrazoinamendu modu bat, eta horren arabera deszifratzen ditugu gauza asko. Baina batzuetan ez da nahikoa, gauza asko gertatzen direlako kodetik kanpo. Horrek, askotan, ataka oso deseroso batean jartzen zaitu, zure kodea, zure memoria, traizionatzen ari zarela baitirudi: urruntzen, aldentzen zoazela. Nire ustez, jatorrizko kodearen zabalkunde bat da, besterik ez.

«918 gau», hortaz, ez da desengainu politikoen kronika edo bilduma.

Filmean bada momentu zentral bat eta horren inguruan eraikita dago: botatzen diren galdera deserosoena. Pentsatzeko aukera zabaltzen dute, eta hori asko da. Zuritik ala beltzetik, dikotomietatik, ateratzeko aukera ematen dute eta horren premia badago. Ez dakit kategoria dikotomiko horiek bakarrik balio diguten dauzkagun dilemak askatzeko. Galdera egiten duzun momentutik ez da desenkantua, bizirik iraun behar bat baizik. Ohiko kategorietatik harago pentsatu behar dugu; horregatik filma gonbidapena da.

Egongo da, agian, film heterodoxoa egin duzula esango duena. Heterodoxia orok, baina, bere ortodoxia propioa eraikitzeko joera du, ezta?

Ados. Saiatu naiz leiala izaten nire buruan eta bihotzean nituenekiko. Hortik nator, horrek eraiki nau. Baina gero baziren halako egonezinak, desenkontruak, pentsatu eta sentitu behar zenarekin. Ez dut gutasun bat artikulatu nahi: gehiago da espazioak irekitzea eta ezer ez ixtea.

Argazkiak, gutunak... berrikusi eta ortopediak sumatzen zenituen: ez zintuzten asetzen.

Gutunak eta argazkiak berrikustean, oraindik ere hunkitzen naiz. Hor dagoen logika oso indartsua delako. Hori ondare bat da, forma historiko asko dauzkana. Besterik da hor azaltzen direla keinu errepikakor asko, iruditerian, erretolikan... Horrekin eutsi nion. Baina horrekin bakarrik?

Poliziaren karga batek arintasun sentsazioa eman dezakeela ikusteak harritu nau...

Kartzelatik ateratzeko une hori deserosoa da: ‘zer hitz esango ditut? Zer espero dute nitaz?’. Une gatazkatsua da. Ironia puntu batekin kontatu dut; karga batek ‘diskurtsoaren marroitik’ nola libra zaitzakeen.

Beldurrak ere izango zenituen, ezta?

Asko. ‘Minduko ditut?’. ‘Zer pentsatuko dute?’... Inkonszientzia puntua ere bada. Gogorra izan da, eta mingarria.

Edo kritika onak, eta sariak, edo kritikarik ez, isiltasuna...

Halakoek hobeto funtzionatzen dute nazioartean. Etxean harrera beti da konplikatuagoa. Onartzen dut ez dela guztientzako onargarria den zerbait. Nahi nuke jendeak filma ikustea eta erresonantzia lortzea, onerako edo txarrerako: pozik nengoke, zoriontsu.