Txapeldun bakarra bi hamarkadako ibilbide luzearen ostean
Vanesa Gimbertek Levanterekin Txapeldunen Ligako lehen edizioan parte hartu zuenetik hiru denboralditan besterik ez dira falta izan jokalari euskaldunak txapelketan. Titulu bakarra Damaris Egurrolak eskuratu du aurten, Olympiqueko kamisetarekin.
Athletic da Txapeldunen Liga jokatu duen euskal talde bakarra. Baina kamiseta zuri-gorriarekin parte hartu duten jokalariez gain, badaude munduko txapelketa ospetsuenean izena sartzeko aukera izan duten futbolari euskaldun asko. Alegia, orain arte jokatutako 21 edizioetatik hirutan besterik ez da geratu ordezkaririk gabe euskal futbola.
Aitzindaria Vanesa Gimbert izan zen. Levanterekin parte hartu zuen lehen edizioan eta 2001eko urriaren 3an egin zuen debuta, hilabete batzuk geroago txapela jantziko zuen Frankfurten aurka 1-0 galduz. Ondorengo bi partidak irabazi arren, txapelketaren historiako lehen fase horretatik ezin izan zuen pasatu bere taldeak. Beste bi aldiz jokatu zuen: Rayorekin, 2009an, eta Athleticekin, 2016an.
Zuri-gorria izan da orain arte parte hartu duen Euskal Herriko talde bakarra. 2003ko abuztuan egin zuen debuta Neulengbach menderatuz (2-0, Irantzuren eta Gururen golekin) eta guztira, 17 partida jokatu ditu bost ediziotan banatuta. Azkena, Fortuna Hjorrinen aurka 2016an jokatutako kanporaketa.
Gaur egun kamiseta zuri-gorria janzten duen Marta Unzuek du esperientzia luzeena. Sei ediziotan parte hartu du Bartzelonako kapitain ohiak, Kataluniako taldearen debutean (2012) hasita. Ibilbide luze horretan beste hiru euskaldun txandakatu dira, euskal ordezkaritza osatzeko, Txapeldunen Ligan, Unzuerekin batera Bartzelonarekin: Laura Gomez, Leire Landa eta Ane Bergara. 15/16 denboraldi hori baino hamarkada bat lehenago debutatu zuen lehiaketan Berako atzelariak, hala ere. Espanyolekin jokatu zuen, bigarren fasera helduz. Birritan parte hartu zuen Maider Castillok ere: bietan Levanteren kamisetarekin. Kolore berekin debutatu zuen Leire Bañosek.
Azken urteotan kalitatea izan da kantitatea baino. Irene Paredesek Unzueren bideari eutsi dio, lau edizio jokatuz eta horietako bitan finalera helduz. Athleticekin Fortunaren kontra jokatu ondoren –gola ere sartu zuen–, Maite Orozek iaz errepikatu zuen Real Madrilekin, Nahikari Garciarekin batera. Multzo-fasea gainditu eta final laurdenetara heldu ziren.
Eta zerrenda honetan izena jarri duen azkenetakoa kopa altxatu duen bakarra izan da: Damaris Egurrolak, Txapeldunen Ligan 2021ean debutatu ondoren, azken edizioa eskuratu zuen Olympiquekin.
Zazpi txuri-urdinek badakite zer den txapelketa
Realak astearte honetan egingo du debuta Txapeldunen Ligan Bayern Munichen aurka (19.00), baina talde txuri-urdineko zazpi jokalarik badakite dagoeneko txapelketan lehiatzea zer den.
Gemma Gilik eta Sanni Franssik dute esperientzia handiena. Erdilariak Bartzelonan eman zituen zazpi denboraldietan izan zuen Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera, bere parte-hartzea homogeneoa izan ez zen arren. Gorri-urdinen debuta bizi izan zuen 2012an eta, minuturik ez eduki arren, lehen finalera ere heldu zen 2019. urtean.
Sei aldiz jokatu du Franssik, bere aldetik, hiru talderekin. PK35-rekin eman zituen lehen urratsak futbolean baita Txapeldunen Ligan ere. 16/17 denboraldian Zurichekin jokatu zuen eta txapelketa ondo ezagutzen duen Fortuna Hjorringen kamisetarekin bi ediziotan lehiatu da.
Synne Jensenek Wolfsburgorekin jokatu zuen denboraldian minutuak eduki zituen. Urte berean eta Alemaniako talde beraren kontra jokatu zuen Allegra Poljakek, Spartak Suboticarekin.
Alejandra Bernabek, bere aldetik, Atletico Madrilen jokatu zuen 2020. urtean, Servetteren kontrako kanporaketa.
Azken edizioan bi txuri-urdinek parte hartu dute. Michaela Spechte Hoffenheim debutariarekin aritu zen, multzo-fasera helduz, eta Jade Le Guilly Kharkiven eta Breidabliken kontra izan zituen minutuak PSGrekin.