Astelehen honetan Gasteizko Administrazio Auzitegiak emandako epaiaren zehaztasunak eta itzulpen praktikoa argi ez badaude ere, hizkuntza-eskubideak urratzen direla esanez altxatu dira zenbait ahots. Bada legearen eragin praktikoa zalantzan jartzen duenik ere, eta gehienak helegitea jartzearen alde kokatu dira.
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko lehendakariak Radio Euskadin adierazi duenez, administrazio lokalek helegitea jarri beharko beharko luketela «dudarik gabe». Hala ere, azaldu du bere ustez epai honek ez duela «eragin errealik» izango lokaleko administrazioan «epaia sakonago aztertu» behar den arren. Argitu du erabaki judizial honek lan poltsetarako sarbidea ematen duela B2a izan gabe, baina ondoren lokaleko administrazioaren esku geratuko litzatekeela bertako langileei hizkuntza-eskakizuna izatearen baldintza jartzeko aukera.
Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria desados agertu da epaiarekiko eta esan du helegitea jarriko diotela. Azaldu du B2 hizkuntza-eskakizuna beharrezkoa ez izatea 2021eko uztailean EAE osorako udaltzaingoen lan-poltsa komuna sortzearen prozeduraren aurka doala. Eta gaineratu du ez duela aintzat hartzen euskararen eta gaztelaniaren «bizikidetza errazteko azken 40 urteetan Euskadin garatu den legegintza prozesua». Azaldu duenez, geroz eta udal gehiagoren eskakizuna dela bertako langileek euskaraz artatzeko gaitasuna izatea.
Bide beretik jo du EAEko Segurtasun Sailak, eta esan du «ziurrenik» epaia errekurrituko duela. Izan ere, EAEko udaletxeetara bideratuko diren udaltzainek herritarrekin euskaraz komunikatu ahal izatea «estrategikotzat» jotzen du. «Udaletxeek beraiek eginiko eskakizun bat da,udaltzainek euskaraz artatzea herritarrentzat zerbitzu hobe bat bermatzea delako».
EAJko Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atxutxak Bizkaia Irratian adierazi du «hizkuntza-eskubideen urraketa» bat dela udaltzaingoen lan-poltsetan B2 hizkuntza-eskakizuna ez betetzea: «Ez da langileen eskubideen defentsa bat, gizartearen hizkuntza eskubideen urraketa bat baizik». «Legez elebiduna izan beharko lukeen lurraldean» bertako biztanleen hizkuntza eskubideak bermatzea ezinbestekotzat jo du, eta epai honekin hori ez dela beteko adierazi du.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak euskararen normalizazioaren aurkako «eraso» bat gehiago dela adierazi du. Azken urteetan euskararen aurkako erabaki judizialak biderkatzen ari direla esan du Uberak, eta azpimarratu du beste hizkuntza ofizialek ez dutela «tratu» bera jasaten.
Hizkuntza eskubideen urraketa
Herritarren eskubideen inguruan mintzatu da Hizkuntza Eskubideen Behatokia: «Eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gaindi, egunerokotasunean udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako bestelako alorretan dauden hutsuneak ez gainditzeari begirako erabakia da». Behatokiaren ustez «herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi badira» łan-poltsan dauden hautagaiek edozein lanpostu betetzeko gai izan behar dute, eta une oro euskarazko arreta bermatzeko gaituak izan behar dira.
Iritzi berekoa da Euskalgintzaren Kontseiluko arduraduna den Paul Bilbao ere. Astearteko goizean NAIZ irratian «ofentsiba judizialtzat» jo du azken epai hau, eta gaineratu du «botere judiziala hizkuntza politika» egiten ari dela.
UGT Euskadiko idazkari nagusi Raul Arzakek, berriz, «ez dramatizatzeko» esan du; «oso arraroa» iruditzen zaiola administrazioko edozein zerbitzutan norbaitek euskaraz artatua izan nahi eta «ezinezkoa izatea». Pasa den urteko Lanbideko datuei egin die erreferentzia, eta azaldu du 2021ean bi salaketa baino ez zirela egon euskarazko zerbitzua ez emateagatik. Bestalde, hainbat langilek lana galtzeko arriskua izan dezaketela adierazi du B2 hizkuntza-eskakizuna beharrezkoa izango balitz. UGTren salaketaren ondorioz heldu da epai hau.
ELA sindikatuak ere epaiaren aurka jo du eta B2ak administrazioko edozein lan-posturako «ezinbestekoa» beharko lukeela uste du. Horrekin batera, instituzio bakoitzak deialdi berezitua egiteko aukera galdegin du, hizkuntza eskubideak bermatu daitezen: «Ikusi da Eusko Jaurlaritzak eta instituzio lokalen arteko lan-poltsa bateratuak ez direla irtenbidea».
Administrazio publikoaren eremuan euskararen erabileraren normalizazioa oztopatu nahi duen «eraso larria» dela uste du LAB sindikatuak. Herri-akordio zabalak behar direla esan du, eta administrazioa euskalduntzeko «hizkuntza-politika ausartak» behar direla gaineratu du. Horrelako erasoei erantzuteko garaia dela azpimarratu du: «Euskal langile publikoon mobilizazio eraginkorra antolatu eta irmoki erantzutera dei egiten dugu».