NAIZ

ELAk EITBk Elizabeth II.aren heriotzaren jarraipen «neurrigabea» egin izana salatu du

EITBko ELAren atal sindikalak ohar baten bidez salatu du Elizabeth II.a Ingalaterrako erreginaren heriotzari buruzko jarraipena «zentzugabea» izan dela.

Elizabeth II.aren hileta-prozesioa.
Elizabeth II.aren hileta-prozesioa. (Marco BERTORELLO | AFP)

Euskal Irrati eta Telebista Publikoak monarkia goraipatu du ELAren esanetan: «Ez du inolako kontrapuntu kritikorik izan». Gaineratu du monarkia bezalako erakunde zaharkitu, ustel eta antidemokratiko batek egungo gizartean ez duela ia inolako babesik, eta EITBren jarraipenak «miresesmenezko kontakizun akritiko hutsa» egin duela.

Neurriaz gain, edukiari ere erreparatu diote eta «arinak», «mamirik gabekoak» eta «errepikakorrak» izan direla adierazi du ELAk. «Prentsa arrosarekin» alderatu ditu sindikatuak, eta azpimarratu du herritarrentzat inolako analisi baliotsu edo interesgarririk ez dutela egin.

Sindikatuaren arabera, argia da Elizabeth II.a perstonaia historikoa zela, eta haren heriotzak «garrantziaren araberako jarraipena» eskatzen zuela, baina ez EITBk egindakoa. Jarraipena garatzeko izandako baliabideen inguruan ere mintzatu da ELA, eta azaldu du ohiko berriemaileaz gain, bi aurkezle eta bi kazetari gehiago aritu direla, eta azken biak bi aldiz bidaiatu dutela Erresuma Batura.

Albistegietako minutajeari erreparatuz, «neurrigabea» izan dela salatu du, 20 minutu baino gehiagoko tarteak izan dituztela azalduz. Horregatik, EITBk «huts» egin du ELAren iritzirako: «EITBk huts egin du zerbitzu publiko gisa euskal herritarren aurrean duen erantzukizunean» .