Pasa den ostiralean hasi ziren protestak Amiren heriotzaren berri jakin ostean, Teheran hiriburuan abiatu baina Irango puntu ezberdinetara zabaldu dira. Azken urteetako mobilizazio handienak ari dira izaten.
Ez ditu ezerk gelditu protestak. Ez Poliziaren errepresioak, ez Ebrahim Raisi Irango presidenteak hilketa ikertzeko emandako hitzak, ez eta Irango lider gorena den Ali Jameneik hildakoaren senitartekoei mandatariak bidali izanak bere atsekabearen berri emateko.
Iturri ofizialen arabera, gutxienez sei lagun hil dira mobilizazioetan eta hamarnaka zauritu daude jada. «Justizia, askatasuna eta derrigorrezko hiyabari ez» eta «emakumeak, bizitza, askatasuna» ari dira izaten kaleak hartu dituten aldarri nagusiak. Horrekin batera, sareetan oihartzuna izan dute hainbat emakumek hiyaba sutara botatzen agertzen diren bideoek; jadanik protesten sinbolo bihurtzen ari da.
Irango Gobernua entzungor
Iranen bertan gauzatzen ari diren mobilizazioez gain, nazioartean ere izan du oihartzuna Amini gaztearen hilketak. Hainbat nazioarteko eragile eta gobernuk auzia ikertzeko dei egin badute ere, Irango Gobernuaren erantzuna irmoa da: «Giza eskubideen izenean gure herria erasotzeko baliatzen ari dira hainbat herrialde».
Estatu Batuetako Segurtasun sailak Aminiren hilketa kritikatu eta ikertzeko eskatu du: «Iranek amaiera jarri behar dio emakumeek haien oinarrizko eskubideak gauzatzerakoan erabiltzen duen biolentziari». Naser Kanani Irango Kanpo Ministeritzako bozeramaileak esan du AEB abagunea baliatzen ari dela Irango Gobernuaren aurka egiteko, «terrorismo ekonomikoa» egiten dabilen bitartean.
Nazio Batuen Erakundeak ere ildo beretik erantzun du, «ikerketa, justizia eta egia» jarri ditu erdigunean, eta eskatu derrigorrezko hiyaba erabiltzea behartzen duten lege eta arau «baztertzaileak» bertan behera uzteko.
Human Rights Watchek Irani dei egin dio aipaturiko legeak aldatzeko, eta protestetan gertatuko errepresio polizialak salatu ditu. Europar Batasunak ere «onartezintzat» jo du gaztearen hilketa.
Polizia bat hil da
Hamarnaka zauritu izan dira Aminiren heriotzak sortutako protesta eta istiluetan. Lorfola Shibani Shirazeko gobernariak adierazi du astearte honetako mobilizazioetan polizia bat hil dela eta beste lau agente zaurituak izan direla. Gertakari horiek medio, 15 atxilotu egon dira Irango komunikazio agentziaen arabera.
Tasnim agentziak Masshad hirian ere polizia bat zauritua izan denaren berri eman du