NAIZ

Arrizabalaga-Capellanek sufritzen jakin izan dute San Mateo Torneoko txapelak eskuratzeko

Eskuko arazoak gaindituta, gernikarrak iazko garaipena errepikatu ahal izan du final estu batean Aldai-Erasuni 22-20 gailenduta.

Final nagusiko lau protagonistak sari banaketan ateratako argazkian.
Final nagusiko lau protagonistak sari banaketan ateratako argazkian. (EMC)

Olatz Arrizabalagak, jokatutako bi edizioetan txapeldun irten denak, eta Andrea Capellanek irabazi dituzte San Mateo txapelketako elite mailako pilota mistoko bigarren edizioko txapelak, Adarragan, sarrera politarekin jokatutako final orekatuan Amaia Aldai eta Itxaso Erasuni 22-20 gailenduta. Pilota goxoarekin,  Cristina Saenz eta Alejandra Bilyak errioxarrek irabazi dute txapelketa, Ana Couto eta Nagore Aramendi 22-17 gaindituta.

Ez da ohikoa izaten horrelako finaletan, baina kontua da emozioa eta tentsioa izan direla gaur Logroñon jokatu diren bi partiden ezaugarririk nagusienak. Duela pare bat asteko Udako Torneoko finalean Amaia Aldai eta Andrea Capellan 22-7ko emaitzarekin gailendu baziren, gaur aurkari izatea egokitu zaie eta San Mateotako finaleko partida Zumaiakoaren antipodetan egon da eta sufritzeko eta zoritxarrari aurre egiteko gaitasuna izan da Olatz Arrizabalagaren sekretua txapela lortzeko.

Gorabeherak markagailuan

Eta hori finalaren lehen erdian partida oso maldan behera jarri zaiela, Itxaso Erasunen hasiera zalantzakorrari etekina ateratzen jakin izan baitute, sei eta zazpi tantoko errentak kudeatzeraino. Olatz Arrizabalagak ezin izan du Santo Domingo de la Calzadan finalerdietan erakutsitako bikaintasuna mantendu tantoak amaitzerako orduan, baina Andrea Capellan, aldiz, askoz seguruago egon da eta bikote sendotasun horrek, aurkariek falta bota dutenak, markagailuan ihes egiteko aukera eman die.

Hala ere, Amaia Aldaik ez zuen irabazteko geratzen zaion txapelketa bakanetako bat gabe geratu nahi, bikotearen pisua bizkarrean hartu eta, errematean arriskuak hartuz eta asko asmatuz, lehenik markagailua 16ra berdindu dute, geroxeago erabakigarria zirudien hiru tantoko errenta hartzeko. Hala ere, Arrizabalaga-Capellanek hortzak estutzen eta partidari eusten jakin dute, oso maldan gora jarri zaien egoera aurrera ateratzeko (22-20).